Gau saguzar txikia, Euskal Herriko hainbat gunetan aurki daitekeen tamaina ertaineko saguzarra da. Europa eta Asiatik hedaturik dago eta migrazio handiak egiten ditu. Gauez ehizatzen du eta intsektuez elikatzen da.
Gau-saguzar txikia
Nyctalus leisleri

Deskribapena
Tamaina ertaineko saguzarra da, bizkarraldeko ilajea marroi-gorrixka da, eta sabelaldekoa berriz marroi-argia. Gazteak helduak baino ilunagoak izaten dira.
Hego luze eta estuak dauzka eta hego-mintzak iletsuak dira batez ere gorputzaren eta besoen ondoan. Belarriak txikiak dira genero bereko gainerako saguzarrekin konparatuta eta belarrietako kanpo-ertzek zeharkako lauzpabost tolesdura izaten dituzte.
Mutur zorrotz samarra dauka. 48-68 milimetroko gorputz-buru luzera du eta 35-45 mm-ko buztana. Tamainarekiko dimorfismo sexuala erakusten dute: emeak arrak baino pixka bat handiagoak izaten dira normalean.
Antzeko espezieak
Nyctalus noctula
Nyctalus leisleri baino handiagoa da eta muturra ez da hain zorrotza eta goikalde eta behekaldeko kolore kontrastea ez da hain nabarmena. Hala ere, oso espezie antzekoak dira eta batzutan zaila izaten da bereiztea, izan ere gainerako ezaugarriak oso parekoak dira, bai ezaugarri fisikoei zein bizimoduari dagokionez.
Banaketa
Europa eta Asian zehar banatzen den espeziea da, batik bat Europa mendebalde eta India tartean aurkitzen dena. Hala ere, Madeiran, Kanariar uharteetan, Afrika iparraldean eta Turkian ere bizi da.
Iberiar penintsulan banaketa zabala du baina ez da batere jarraia eta eremu ezberdinetan topa daiteke; besteak beste Euskal Herrian (dentsitate handiena duen eskualdea), Errioxan, Gaztela eta Leonen, Extremaduran, Katalunian eta Andaluzian.
Altuerari dagokionez, altuera tarte zabalean bizi daitekeen animalia da. Badira itsas mailatik hurbil bizi direnak (Katalunian) eta baita 2.100 metroko altueran (Gaztela eta Leon) bizi daitezkenak ere.
Euskal Herrian Anboton, Solluben, Sopuertako meategi-eremuetan, Altuben, Urkiolan eta Oitz mendian topatu izan da.


Habitata
Batez ere baso guneetan bizi da, baita landa edo nekazaritza-giroko eremuetan ere, pagadietatik, hariztietatik eta pinudietatik gertu.
Zuhaitz zaharretako zuloetan, zenbait eraikinen barruan eta habi kutxetan babesten da, beti ere gizakiarengandik urrun, gau-saguzar ertaina (Nyctalus noctula) ez bezala.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Animalia karniboroa da eta batez ere lepidopteroz (Noctuidae familiako gau tximeleta batzuk), dipteroz, trikopteroz eta koleopteroz elikatzen da. Harrapakinak airean ehizatzen ditu eta ehizan dabilenean 56 km/h-ko abiaduretara hel daiteke.
Bere dietan baso-izurriteak kontsideratzen diren ornogabeak ere sartzen dira, beraz espezie honen kontserbazioa garrantzi handikoa bilakatu da.
Ugalketa eta ontogenia
Abuztu bukaera, irailaren hasiera aldera estalketak ematen dira, hala eta guztiz ere, ernalketa hurrengo udaberrian ematen da, maiatza aldera. Kumeak ekaina eta uztaila haisera artean jaiotzen dira eta hilabete baten buruan lehen hegaldiak hasten dituzte gazteek.
Emeek heldutasun sexuala lehenengo urtean lortzen dute eta normalean, urtean kume bat erditzen dute.
Beraien bizi-itxaropen bederatzi urtekoa da.
Bizimodua
Hibernatzen duen animalia da, babeslekuetan pasatzen ditu neguak (udazkeneko erreserbaz baliatuz), kobetan edota zuhaitz zuloetan, non tasa metabolikoa izugarri murrizten duten. Migrazio luzeak egiten ditu baldintza egokien bila (urtaroaren arabera), 1.567 km-ko migrazioak egiten dituzten emeak ikusi dira.
Hibernatzen duen animalia da, babeslekuetan pasatzen ditu neguak (udazkeneko erreserbaz baliatuz), kobetan edota zuhaitz zuloetan, non tasa metabolikoa izugarri murrizten duten. Migrazio luzeak egiten ditu baldintza egokien bila (urtaroaren arabera), 1.567 km-ko migrazioak egin dituzten emeak topatu izan dira.
Bere aktibitate optimoa iluntzean lortzen dute, orduantxe tenperaturarekiko independenteak baitira, aldiz, egunsentian bere aktibitatea nabarmen jeitsi ohi da. Normalean bakarka ehizatzen dute baina, taldean egiten ere ikus daitezke.