Tamaina txikiko saguzar honek mutur labur eta gizena du. Hiruki formako belarri motzak ditu, goi erpin borobilduekin. Gainera, belarriearen kanpo muturraren goiko aldean bost tolesdura transbertsal ageri ditu. Tragoa laburra eta oker xamarra da, hau ere erpinalde borobilduarekin. Ilajearen kolorazio orokorra gaztainaren antzeko arre-gorriska batekoa da alde dortsalean, alde bentralean tonu argixeagoak gailentzen diren bitartean. Mutur aldea, belarriak eta patagioa (hegalaren mintza) beltz-arreak dira.
Hegoak erlatiboki estu xamarrak dira. Plagiopatagioa (azken hatza gorputzarekin eta behe gorputzadarrekin lotzen duen patagioaren atala) oinetako hatzen oinarrian txertatzen da; beronen ertzean kolore argiagoko xingola bat ageri ohi da. Espoloiak uropatagioaren ertzak duen luzeeraren erdia inguru neurtzen du, lobulu postakalkaneoaren kartilago deigarriak T itxura duelarik.
Goiko barne intsisiboak (I1) monokuspideak dira, kanpokoak (I2), berriz, I1-en erdia baino txikiagoak. Goiko aurre premolarra (PM1) barnekaldera mugituta dago eta ezinezkoa da kanpotik ikustea. Behe intsisiboak nabarmenki gainezarrita daude eta ez dute diastemarik I2 eta I3 artean. ANT: 31-37 mm; Pisua: 4,5-10 g. Hortz formula: 2.1.2.3/3.1.2.3. Kromosoma kopurua (2n)=44. Ez da bereizten sexuari dagokion dimorfismo argirik, nahiz eta emeak zertxobait handiagoak diren batezbeste.
Identifikatzerako momentuan, batez ere, genero bereko beste pipistreloekin nahas daiteke, nahiz eta Hypsugo savii delakoan okertzea ere nahiko arraza izan daitekeen kasu batzuetan. Azken hauen arteko bereizpen egoki baterako hortzen karaktereak gako dira.