Apo hontza

Otus scops

Apo hontza Iberia Penintsulako hontzik txikiena da. Kolorazio kriptikoa du, enborraren antza hartzen baitu eta, sarri, zaila da non dagoen ikustea. Hontz hau migratzailea da eta uda soilik igarotzen du gure artean.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Apo hontza Iberiar penintsulako hontzik txikiena da, gorputzaren luzera: 18-20cm; hego-luzera: 145-168mm; buztanaren luzera: 67-75mm; eta pisua: 60-135g (emeak arrak baino pisutsuagoak dira) (owlpages.com). Begi horiak aurrerantz bideratuta ditu, mokoak kako forma du eta tartsoak lumez estaliak. Kolore gris-arre-gorrizta du, orban beltzak ere badituelarik zuhaitzen koloreak imitatuz. Kolore hau kamuflatzeko baliatzen du. Luma zefaliko zabalak ditu (“belarriak”) maiz ezkutuan izaten baditu ere (montes.upm.es).

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Zonalde euroasiatiko epeletan eta Afrika iparraldean ugaltzen da, batez ere, herrialde mediterraneoetan, Ekialde Urbila, Mongolia, Txina mendebaldea eta iparraldean Alemania, Polonia eta Baikal lakuraino iristen da. Europa zentralean, Britainiako irletan eta herrialde nordikoetan ez da ageri.

Iparraldeko populazioak guztiz migratzaileak diren bitartean, hegoaldekoak migratzaile partzialak edo sedentarioak dira (Madroño et al. 2004). Negua Afrika ekialde eta mendebaldeko sabanan igarotzen du, euri-oihanaren iparraldean (owlpages.com). Iberiar Penintsula osoan zehar ageri da, dentsitate handienak gune mediterraneoetan dituelarik (Madroño et al. 2004).

Habitata

Artelatz, dehesa, fruitu edo pinu landaketa eta harizti irekietan bizi da, ez baso itxietan. Hala ere, dentsitate handienak zuhaitzak tartekaturik dituzten nekazal guneetako zuhaiskadietan, zuhaiskadi mediterraneoetan eta herri eta hirietako parkeetan izaten ditu (Madroño et al. 2004). Negua zuhaitzak dituen sabanatan igarotzen du (Marchesi &Sergio, 2005; owlpages.com ). Zuhaitz eta zuhaiska helduak ditu gustuko, zulo gehiago izaten baitituzte.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Intsektuez elikatzen da, esate baterako, matxinsaltoa, kakalardoa, sitsa eta txitxarra jaten ditu. Armiarma, ar, zizare, narrasti, igel eta ugaztun eta hegazti txikietaz ere elikatzen da (owlpages.com).

Ugalketa eta ontogenia

Polupazio migratzaileentzat ugal garaia negualdiaren ostean hasten da; populazio ez migratzaileentzat, berriz, otsailean. Arrak gauean emeei deika hasten dira eta azkenean biek batera abesten dute. Arrak zulo bat eskaintzen dio emeari eta honek onartzen badu bertan geratutzen dira. Urtean txitaldi bakarra izaten dute. Apirilean edo maiatzean 3-4 arrautza inkubatzen hasten da emea, arra jan bila doan bitartean. Arrautzak ia esferikoak dira, batazbeste 31x27mm-koak. Arrautza eklosionatu eta 18 egunetara emea ere jan bila ateratzen da kabitik. Txitak itsuak dira lehen 6-7 egunetan eta 11-13 egunetara irekitzen dituzte guztiz begiak. 3-4 astetara gazteak kabitik irteten dira, nahiz eta hegan egiteko gai ez izan oraindik. Hegan egiteko gaitasuna 33 egunetara lortzen dute gutxi gora-behera eta 4-5 aste igaro arte egoten dira gurasoen zaitzapean. Heldutasun sexuala 10 bat hilabeterekin lortzen dute (owlpages.com).

Bizimodua

Apo hontza hegazti gautarra da, aktibitate handiena iluntzetik gauerdira bitartean erakusten duelarik. Egunez zuhaitzetan egoten da, enborretik gertu edo hostotzaren artean, zuhaitz helduen edo arroken zuloetan eta hormetako zuloetan. Iluntzeko aktibitatea, normalean, dei azkar batekin hasten da. Noizbehinka egunez ere entzun daiteke kantua (owlpages.com). Hegazki bakartia da, nahiz eta batzuetan kolonia txikiak eratzen dituen.