Tamaina handiko saguzar hau, Euskal Herrian aurki daitezkeen noktuluen artean tamaina ertaina duena da. Luzera handiko migrazioak burutzen dituen Europako saguzar gutxi horietako bat da. Euskal Herrian kolonia gutxi batzuk ezagutzen diren arren, Europa hegoaldean, eta batez ere Iberiar Penintsulan, oso espezie urria da. Ondorioz, saguzar honen inguruko informazio nahiko gutxi dago.
Gau-saguzar ertaina
Nyctalus noctula

Deskribapena
Ilajea sendo eta arrea da, sabelaldean bizkarrean baino argiagoa. Patagioak, belarriak eta muturra, berriz, arre oso ilun kolorekoak dira. Hegoak gainerako gau-saguzarren antzerakoak dira, luze eta estuak, eta ile asko izan ohi dute gorputzaren aldean. Kalkaneoa uropatagioaren ertzaren erdiraino iristen zaie eta lobulu postkalkaneo oso garatua izan ohi dute.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Europa, Afrika iparraldea, Ekialde Hurbila eta Asian bizi den saguzarra da (Wilson & Reeder, 1993). Iberiar penintsulan presentzia oso urria du, Portugalen zita bakarra baitago eta Espainian ere kopurua ez baita oso handia.
Nafarroan 2 kolonia ezagutzen dira, Iruñerria eta Zangotza inguruetan. Biak ale ar sedentarioz osaturik daude urtearen zati gehienean. Araldian, iraila eta azaroa bitartean, emeak gehitzen dira kolonietara eta garai honetan taldearen tamaina asko handitzen da. Iruñerriko kolonian 100 ale inguru biltzen dira udazkenean, baina urtean zehar litekeena da 50 baino gutxiago egotea. Zangotzan, aldiz, koloniaren tamaina 20 eta 50 aleren bueltan dago (Alcalde, 1999).
Bestalde, Iparralden zenbait kolonia ugaltzaile deskribatu dira baina ez dago haien inguruko datu askorik.


Habitata
Penintsulan ezagutzen diren kolonia guztiak 300 eta 700 metro bitarteko altueran daude, ubideen inguruan guztiak. Hala ere, badira ia 2.000 metrotan harrapatu diren aleak ere (Aellen, 1962).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Normalean gordelekutik distantzia gutxira ehizatu ohi du, 3 km baino erradio txikiagoan. Hala ere, gordelekutik 10 km-ra egindako bidaiak ere behatu dira. Euskal Herrian ez da espezie honen dieta azterketarik burutu, baina Europan egindako ikerketek dietaren zati handiena diptero eta koleopteroek osatzen dutela ikusi da.
Ugalketa eta ontogenia
Nafarroan ezagutzen diren kolonietan, arrei ekainetik aurrera puzten zaizkie barrabilak, baina umeske portaera ez da abuztura arte behatu. Hil honetatik aurrera, kolonia zatitu eta ar bakoitzak gordeleku bana hartzen du. Bertan harenak eratzen dituzte azaroa erdialdera arte. Garai honetan arrak oso portaera territoriala azaltzen dute, beren gordelekua zainduz, eta emeak erakartzeko dei sozialak egiten dituzte. Ar bakoitzak 1-6 emerekin kopulatzen du, nahiz eta badiren emerik gabe gelditen diren arrak ere (Alcalde, 1999). Europa hegoaldean oso ohikoak dira iparraldetik migratzen duten eme eta ar sedentarioen arteko kopulak (Petit & Meyer, 1999).
Bizimodua
Gau-saguzar ertainak saguzar partzialki migratzaileak dira. Arrak Europa guztian aurki daitezkeen bitartean, eme gehienak Europa iparraldean kokatzen dira kumatze garaian, bertan ezartzen baitituzte kumaleku garrantzitsuenak. Uda bukaeran koloniak zatitu eta eme ia guztiek eta ar batzuek hegoaldera migratzen dute 1.000 km-rainoko migrazioak burutuz. Bidaia egunez ere gertatzen dela behatu da (Ahlèn y Gerell, 1989; Baagoe, 2001) .