Euskal Herrian baditugu ur gezako bi dortoka, ur gezakoak izanagatik apoarmatu izena jasotzen dutenak. Apoarmatu korrontezalea dortokatxo txikia dugu Arabako, Bizkaiako, Nafarroako eta Lapurdiko eremu jakinetan soilik agertzen dena. Bere izen espezifikoa, ‘leprosa’ oskol gainean indibiduo zaharrek izaten dituzten alga zoofitoetik dator, itxura kaxkarra ematen diotenak. Euskal Herriko apoarmatuek, 70eko hamarkadaz geroztik Ameriketako senide batekin lehiatu behar dute, Floridako dortokarekin hain zuzen ere, animalia-dendetan saldu eta jendeak askatuta, izugarri zabaltzen ari dena.
Apoarmatu korrontezalea
Mauremys leprosa

Deskribapena
Plastroia beti da zurruna eta artikulaziorik gabea. Uzkialdeko ezkatak isatsaren aurreko aldean ebakita egoten dira. Jaioberriek, oso isats luzea dute baina garapenean zehar, isatsaren tamaina proporzionatzen doa. Burua gainera, garapenean aurrera egin ahala zabaltzen doa, alerik zaharrenek oso buru zabala dutelarik.
Tamainaz, 160-170 mm lortzen ditu gure latitudeetan baina bere banaketa eskualdeko hegoaldean 250 mm-raino haz daiteke.
Oskola grisa, marroia, gorrixka edo oliba kolorekoa da, eta ale gazteetan forma bihurriko irudi argiak agertu ohi dira ezkata bakoitzaren gainean. Oskolaren oinarria horixka da eta orban beltz zabalak ditu, garapenean zehar lausotuz doazenak ia erabat ezabatu arte. Buruaren alboak, lepoa, hankak eta isatsa arre kolorekoak dira baina lerro hori, txuriekin edo laranjekin apainduta egoten dira. Lokiko lerroak, bihurgunetsuak dira eta isolatutako orban borobildu bat inguratu ohi dute. Hala ere, apaingarri hauek ere adinarekin lausotzen dira. Azkenik, iris horia dute eta lerro ilun batek zeharkatzen du, batzuetan lerro honekiko angelu zuzenean bi orban ilun agertzen direlarik.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Euskal Herrian, bi populazio-nukleo ezagutzen dira Araban (Tertangako baltsakoa Amurrion eta Salburuakoa), eta beste bat Bizkaian (Getxoko Bolueko hezegunean), baina euskal populazio guztien artean egoera hoberenean daudenak Nafarroa eta Lapurdi arteko eskualde batean daudenak dira (horrez gain, Pitillasko eta Las CaƱas aintziretan, Bardeetan…) Gainera, lurraldeko beste hainbat lekutan aurkitu diren banako isolatuen hainbat aipamen daude, esaterako, Txingudiko badian, Donostiako Aieteko parkean, Deba ibaian Zumaian, Aixolako urtegian Elgetan eta Kilimon errekastoan Mendaron.


Habitata
Izenak dioen bezala, apoarmatu korrontezalea ur mugikorretan bizi ohi da: emari txiki edo tamaina handiko ibilguak, aintzira eta urmaelak, eta itsasertzeko urtegi eta hezeguneak habitat egokiak dira penintsulan espezie honentzat, baina baita zingira eta putzuetan ere. Zonalde lasaiak nahiago ditu eta landaredia ugariko ur-masak, bertan ezkutatu ahal izateko.
Euskal Herrian hare xehea metatzeko guneetan eta ibaiertzeko landarediaren estaldura nahiz intsolazio-baldintza egokiak dituzten ibai-ohe arrokatsuetan topatu da.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Bizimodua
Jakina denez, narrasti hauek uretatik kanpo motel samarrak dira eta aurreko hankekin tira eta atzekoekin bultza eginez ibiltzen dira. Uretan, ordea, arras aldatzen da ibilera hau. Hanka palmatu luzeak arraunen gisara erabiliz, igerian zein urpean ezinhobe eta bizi-bizi mugi daitezke. Izan ere, apoarmatu hauek ia erabat urtarrak dira baina egunez uretatik ateratzen dira eguzkia hartzeko eta termoerregulatzeko.
Neguan zehar putzu edo aintziren sakoneran hibernatu dezakete: elikatzeari uzten diote, ez dira ia mugitzen eta haien arnasketa izugarri murrizten da. Lehorte-garaietan ere antzeko jokaera izan dezakete.