Errekatxindorra

Cettia cetti

Errekatxindorra, bere izenak dioen moduan, erreka inguruetan agertu ohi den txoria da, urretxindorraren antzeko itxura duena baina ez honek bezain kantu landua. Bere izen zientifikoa 18. mendeko naturalista baten omenez eman zitzaion, Francesco Cetti.

Cettia cetti
Phyluma: Chordata
Klasea:
Subklasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Temminck, 1820
Estatusa: lc

Deskribapena

13-14 cm-ko txoria da, bizkarralde arre-gorria duena. Bekaina eta sabelaldea txurixkak dira eta isats borobildua du, 10 lumarekin baino ez. Arrek 15 g-ko pisua dute eta emeek aldiz 12 g-koa. Buru borobildua dute eta hego motz eta borobilduak. Bi sexuen itxura antzekoa da baina arrek astunagoak izateaz gain, hego luzeagoak dituzte: 60 mm baino luzeagoak arrek eta 55 mm baino motzagoak emeek. Gazteak mingainean dituzten orban beltzengatik bereizten dira (Bibby & Thomas, 1984).

Antzeko espezieak

Acrocephalus scirpaceus

Errekatxindorrak 10 luma ditu isatsean eta lezkari arruntak 12.

Locustella luscinioides

Errekatxindorrak 10 luma ditu isatsean eta benarriz gorriztak 12.

Luscinia megarhynchos

Errekatxindorra txikiagoa da, kolore ilunagokoa eta hego motzagoak ditu.

Banaketa

Banaketa eurasiarreko hegaztia da baina ugariagoa da eskualde mediterraneoan, Europako hegoaldean, Afrikako iparekialdean, Ekialde Hurbilean eta Asiako mendebaldean hain zuzen. Iberiar penintsulan ongi hedaturik dago eta itsasertzeko eremuetan agertzen da batik bat (Alvarez et al, 1985).


Euskal Herrian izaera autoktonoa du. Espezie sedentarioa da, bikotea topatu aurretik eta ondoren mugitu egiten bada ere. Euskal Herri osoan osoan banaturik dago, haran malkartsuenetan eta sektore menditsuenetan salbu (Alvarez et al, 1985).

Habitata

Klima mediterraneoko ekosistemetan bizi da, beti ere urarekin hurbiltasunean dauden habitatetan, esate baterako, errekaxto, erreka, laku edo putzuetan. Udaberrian zehar ibai-ertzetako landaredia nahiago izaten du. Aldiz, udazkenean ibai inguruetatik urrundu daiteke, beti ere zonalde hezeetan mantentzen delarik.


Ibai-ertzetako baso itxietan aurkitzen da, zuhaixka adartsu eta adarkatuak, ibas-baso, kanaberadi eta lezkadietan, baita laku inguruetako landaredian ere. Lizardi eta sastrakadietan ere maiz agertu ohi da, beti 1000-1200 metrotik behera (Rolando & Palestrini, 1989).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Intsektujalea da batik bat eta azal biguneko intsektuak, larbak, armiarmak, arrak eta moluskuak jaten ditu, baina baita haziak ere. Modu urdurian mugituta ehizatzen dute landarediaren artean, lur, adar zein hostoetan. Neguan, intsektu kopurua murrizten denean, hazi eta fruitu txikiekin osatzen du bere dieta (Molina et al, 1998).

Ugalketa eta ontogenia

Errekatxindorrek urtea betetzearekin batera lortzen dute heldutasun-sexuala. Ugaltze-garaia maiatzean hasten da eta arrek emeak erakartzeko abestuko dute. Ikusi izan da arrak poliginikoak direla eta beraz, 3 eme baino gehiagorekin ugaltzen direla. Harenaren tamaina arraren tamainarekin korrelazionatuta dago baina ez arrak babesten duen lurraldearen tamainarekin, hauek lurraldekoiak baitira (Bibby, 1982).


Emeek habia apirila bukaeran eraikitzen dute. Habiek kopa txiki eta sakon itxura dute eta belarrez eta orbelez eginda egon ohi dira, ilez, sahats-lorez eta lumaz estalita. Habi gehienak ibai-ertzetan eraikitzen dira, altura txikian edo lurrean bertan, landaredian babesturik. Hala ere, marisma eta hezeguneetako habiak maiz metro bat baino gehiagoko altueratan ager daitezke, lezkadi eta kainaberetan agerian.


Errute bakoitzean 4-5 arrautza jartzen dira, gutxi batzuetan 3 bakarrik errute goiztiarra bada edo urteko bigarrena bada. Arrautzak teila kolorekoak dira, 18 x 14 mm eta 18 g-koak. Inkubazioak 12-17 egun irauten ditu eta emea izaten da inkubazioaren arduradun nagusia, arrak noizbehinka laguntzen badu ere, emea baita gau osoan zehar arrautzak inkubatzen gelditzen dena. Gainera, arrak maiz habietatik urruntzen dira eta beste lurralde batean, beste eme batzuk erakartzeko abesten (Bibby, 1982).


Eklosio ostean ere emea izaten da txitak elikatzen dituena. Txitek habia 10-11 egunen buruan utziko dute.

Bizimodua