Hegoaldeko suge leunaren latinezko izena Coronella girondica da. Coronella hitzak ‘koro txikia’ esan nahi du latinez eta suge honi atxikitu zaio buruan aurkezten duen orbanagatik. Luzera txikiko sugea da eta Europa hegoaldean eta Afrika iparraldean bizi da. Euskal Herrian Gipuzkoan eta batez ere Araba eta Nafarroan suge arrunta da.
Hegoaldeko suge leuna
Coronella girondica

Deskribapena
Hegoaldeko suge leuna luzera txikiko, buru txikiko eta buztana erlatiboki txikia duen sugea da. Bataz beste 25cm-ko luzera du; 50-90cm arteko aleak ere egon daiteezke.
Alde dortsala eta laterala kolore gris edo arrekoak izaten dira. Gainera, alde dortsalak beraien artean loturarik ez duten zeharkako marra ilunak aurkezten ditu. Alde bentralean diseinu xakeztatua duten karratu itxurako orban ilunak ageri dira, ezaugarri honek genero bereko Coronella austriaca espezietik bereiztea errazten duelarik.
Buruaren alde dortsalak U itxurako orbana aurkezten du; alde lateral bakoitzean berriz, lerro beltz bana dago. Honek begia zeharkatzen du, eta plaka frontaleraino luzatzen da. Hegoaldeko suge leunak ez du dimorfismo sexual nabarmenik aurkezten, hala ere, arren alde bentraleko eta dortsaleko ezkata-hilaren kopurua txikiagoa da emeena baino (arrek 19, emeek >19); arren isatsa ere erlatiboki handiagoa da eta ezkata subkaudalen kopurua ere bai.
Antzeko espezieak
Coronella austriaca
Alde bentralean diseinu xakeztatua duten karratu itxurako orban ilunak ageri ditu hegoaldeko suge leunak, genero bereko iparraldeko suge leunetik bereiztea errazten dutenak.
Banaketa
Coronella girondica espeziearen banaketak Afrikako ipar-ekialdea (Marokoko kosta, Aljeria, Tunisia, Rif mendikateak eta Erdi- eta Goi-Atlasa) (Bons & Geniez, 1996; Schleich et al., 1996) eta Europako hego-mendebaldea barneratzen ditu. Europa mailan, Iberiar penintsulako zaiti gehiena, Frantziako hegoaldea eta Italiako iparraldea eta erdialdea betetzen du. Iberiar penintsulan Mendikate Kantaurriarrean (Galiziako iparraldea eta Asturiaseko mendebaldea) eta mendikate nagusien eremu garaienetan soilik falta da. Oso zabalduta dago Gaztela-Leonen, Nafarroan eta Katalunian. Atlantikoko (Galán, 1987; 1998; 2003) eta Mediterraneoko (Mateo, 1990; Pedrocchi & Pedrocchi, 1994) zenbait irletan ere ageri da.
Euskal Herrian ia lurralde osoan aurki badaiteke ere, bere bizimodu ezkutua dela eta ez dugu datu gehiegirik bere banaketa zehatza finkatu ahal izateko. Nolanahi ere, Kantaurialdean hegoaldeko suge leuna nonahi baina urri ager daiteke kostaldean, eta lehorrean barnera egiten dugun heinean lokalagoa da. Edonola ere, eskualde menditarretan ez da ageri, ez Pirinioen inguruetan eta ez uren banaketa-lerroa osatzen duten mendi gehientsuenetan ere, gure lurraldean beti ere 800 m-ko altitudetik behera ageri baita. Eskualde mediterraniarrean berriz, edonon ikus daitekeela esan genezake, nahiz eta Arabako eta Nafarroako hegoaldeko eremu lehorragoetan ugariagoa den.

