Erlatxoria

Merops apiaster

Hegazti ikusgarria da erlatxoria. Bere kolore biziek inguru tropikaletako hegaztia dela salatzen digute, gurera udako tenperatura goxoagoen bila hurbiltzen dena.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

25-29 cm luzera eta 36-40 cm hego-zabalera duen hegazti honek kolore biziz betetako lumadia dauka: eztarria horia, paparra eta sabelaldea urdina, buru-gaina eta bizkarraldea gorria, hegoen goikaldea gorria eta urdina eta besaburuetan bi orbain hori (Cramp 1985; Svensson et al. 2010). Gazteek kolore apalagoak dauzkate eta bizkarraldeko koloreak berdeagoak dira. Moko luzea dute, beherantz okertuta, hegoak oso zorrotzak dira eta buztanaren erdiko lema-lumak gainontzekoak baino luzeagoak direnez nabarmenki gailentzen dira. Dimorfismo sexuala ez da batere nabarmena, baina emeen ipurtxuntxurra (atzealdeko muturreko atal dortsal edo sakroa)  eta hegoak berdeagoak dira (SEO/BirdLife, interneten).


Hegaldian uhin luzeak egiten ditu, eta ehizan dagoenean altuago egiten du hegan, planeatzen eta noizbehinka hegazkada biziak tartekatzen dituelarik (Svensson et al. 2010).

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Erlatxoria palearktikoko zona epelean ugaltzen da: Europako hegoaldeatik Asiako hegomendebalde eta Asia erdiraino (Afganistanetik India iparraldera), eta hegoaldean Namibian eta Omanen. Bestela, ugal garaitik kanpo Sahara hegoaldeko Afrikan bizi da (Cramp 1985). Iberiar penintsulan Ozeano atlantikoaren inguruan eta mendialdean izan ezik gainontzeko zonetan agertzen da, eta banaketa-eremu horren iparraldeko populazioak dira Euskal Herrian ikus daitezkeenak (Valera 2003).


Esan bezala, erlatxoria saharaz gaindiko migratzailea da, negua Afrika tropikalean igarotzen baitu.

Habitata

Bere banaketa-eremuaren barnean era askotariko habitatetan bizi da. Baso dentsoak eta goi-mendiak baino ez ditu saihesten, baina habiak 1800 m arte aurkitu dira (SEO,1994). Edonola, zuhaitz gutxiko areak hobesten ditu, hala nola soroak, sastrakadiak, dehesak, ibai bazterrak eta abar (Valera 2003).


Habia batez ere ibai-bazterretako ezpondetan zulatzen du, horregatik ibaien inguruan ikustea ohikoa da, baina beste batzuetan lurrean bertan egiten du, landaretzak hala bermatzen badio behintzat (Carmp 1985). Horrelakoetan sarreran 10-12 cm duen eta apurka-apurka 7 cm arte estututzen den 50-200 cm galeria bat zizelkatzen du (SEO/BirdLife, interneten).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Intsektuak bakarrik jaten ditu, eta hauek hegan eginez ehizatzen ditu. Espainian egindako ikerketa baten arabera (Martinez 1984) dietaren % 80 himenopteroek osatzen dute, erleak eta liztorrak batez ere (hortik datorkio izena).

Ugalketa eta ontogenia

Apirilean habia zulatzen hasten dira, eta maiatzerako emeak 6-7 arrautz erruten ditu. Arrautza horiek bi gurasoek inkubatzen dituzte, eta txitak ekainean jaiotzen dira. Ondoren, bi gurasoek arduratzen dira habira elikagaiak eramateaz. Txitak arrautzen erruketaren arabera jaiotzen dira, ez dira guztiak aldi berean jaiotzen alegia, eta janari nahikorik ez badago txita zaharrenek ez diete gazteei elikatzen uzten (SEO/BirdLife, interneten).

Bizimodua

Hegazti monogamoa da, eta batzuetan bikoteaz gaindiko ale batzuek txiten hazkuntzan laguntzen dute. Koloniak osatzen ditu (Valera 2003).