Harkaitz-txoria

Tichodroma muraria

Europako hegaztirik ederrenetarikoa da harkaitz-txoria, ingurune malkar eta harritsuetan aurki daitekeen txori berezia. Bere moko oker luzearekin, eta batez ere, hegoko luma gorriekin beste edozein hegaztirekin ezin nahas daitekeen espeziea da. Eurasia erdialde eta mendebaldeko mendiguneetan bizi da, eta Euskal Herrian leku oso gutxitan ezagutzen dira hegazti honen populazioak, batez ere Pirinieotan.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Illiger, 1811
Estatusa: lc

Deskribapena

Tamaina txikiko hegaztia da, 30-35 cm bitarteko hego-zabaleraduna eta 25 gramo pisatzera iritsi daitekeena. Bizkarralde grisa du, ibili ohi den ingurunearen (labar kalkareoak) antzeko koloreduna, eta paparraldea ilunagoa izan ohi da udan. Mokoa ere beltza da, luzea eta beherantz apur bat okertua. Buztaneko lumak ere beltzak dira. Animalia honen ezaugarririk deigarriena hegoetako luma gorriak dira, eta ezaugarri hori dela eta, ezin da beste hegazti espezieekin nahastu. Hegoen ertzetan orban zuriak ere izaten ditu. Hanka handiak ditu, atzapar eta herpe luzedunak, arroketara eustea ahalbidetzen dizkionak.

Emearen eta arraren itxura antzekoa da, baina udan arraren koloreak markatuagoak izan ohi dira, kontraste handiagokoak.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Paleartikoko mendigune nagusietan aurki daiteke, Europako mendietatik hasi eta Himalayaraino; tartean Pirinioak, Alpeak, Balkanetako mendiak, Karpatoak, Kaukaso eta Iraneko mendiak okupatuz.

Pirinioetako mendebaldeko muga Erronkari haranean du, Larra-Belagua inguruko harkaiztietan. Neguan, ordea, banaketa zabaldu egiten da, eta Euskal Herriko hainbat mendigune gehiagotan ere ikusi ahal izaten da.

Habitata

Estai alpetar eta subalpetarreko harkaizti kalkareoak dira espezie honen bizilekua txitatze-garaian, udaberri amaieran eta udan. Egutera nahiago izaten dute, tenperatura egokiagoak eta elikagai-eskuragarritasun handiagoa eskaintzen baitute (Saniga 1995). Neguan, aldiz, altuera baxuagotara dauden harkaiztiak erabiltzen dituzte bizileku gisa, arroilak edo itsas bazterreko labarrak zenbait kasutan. Eraikin zaharretan ere aurki daiteke neguan (Hume 2009).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Moko luzearen laguntzaz, arroketako arrakala eta zirrikituetako intsektuez (euliak, tximeletak, sitsak eta kakalardoak) eta armiarmez elikatzen da nagusiki. Landare-haziak ere jaten dituzte. (Cramp & Perrins 1993; Hernandez et al. 1993).

Ugalketa eta ontogenia

Habia amildegietako kobazulo txikietan edo arrakala handietan egin ohi dute. Emeak 4 edo 5 arrautza jarri ohi ditu maiatza eta uztaila bitartean (Hume 2009), eta 2 cm inguruko tamaina izaten dute orban ilun eta kolore zuriko arrautzok. Hiru aste inguruz inkubatzen ditu emeak, eta arra izaten da bazka lortzeaz arduratzen dena. Txitoak altrizialak dira; hots, garapen laburrarekin jaiotzen direnez, itsu eta lumarik gabe irteten dira arrautzatik. Txitoek hilabete inguru behar izaten dute lumak garatzeko.

Bizimodua

Txitotze-garaian, udan, 2000 eta 3000 metro bitarteko altueran aurki daitezke Pirinioetan, amildegi eta harkaizti bertikalen inguruan, batik bat. Talde txikietan elkartu ohi dira. Urte osoa, ordea, ez dute altuera horietan igarotzen. Sasoikako altuera-migrazioak  egiten dituzte, eta negua altuera baxuagoetan igarotzen dute. Kantabriar mendietako populazioetako aleak itsas mailaraino jaisten dira, esaterako.