Bisoi amerikarra Euskal Herriko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan (EEI) jasota dago. Jatorriz Ipar Ameriketakoa izanik, bere gogortasun eta malgutasun ekologikoak espeziearen hedapena ahalbidetu du; Asia, Europa eta Zelanda Berriko hainbat eremutan espezie inbaditzaile gogorrenetariko bat bilakatuz. Espeziea aloktonoa den ekosistemetan kalte ugari eragiten ari da. Nabarmenena, Bisoi europarrari eragiten dion lehia interespezifikoa da, espeziea bere banaketa eremutik kanporatuz.
Bisoi amerikarra
Neovison vison

Deskribapena
Tamaina ertaineko mustelidoa da, kolore marroi ilunekoa, ia beltza. Bere gorputza luzanga eta mehea da, hanka labur eta mardulekin. Beheko ezpainean orban zuri bat du eta sabelalde zein izterrondoetan orban bat baino gehiago ere izan ditzake. Burua txiki samarra da, eta belarri txiki eta biribilak ditu.
Espezie honek, tamaina eta pisuari dagokionez, dimorfismo sexuala du (Tamaina: emeak 300-370 mm eta arrak 330-450 mm. Pisua: emeak 500-900 g eta arrak 800-1800 g).
Antzeko espezieak
Mustela lutreola
Bisoi europarrarekin (Mustela lutreola) antzekotasun handia du. Alabaina, bisoi europearra zertxobait txikiagoa da eta goiko ezpainean orban zuri bat du (bisoi amerikarrak ez bezala).
Mustela putorius
Ipurtatsarekin (Mustela putorius) ere nahastu daiteke. Ipurtatsak, aldiz, mozorro zuri bat du aurpegian eta marra zuri bat belarrietan.
Martes martes
Lepahoriarekin (Martes martes) ere nahas daiteke. Baina azkenengo hau handiagoa da eta paparrean orban hori bat du.
Martes foina
Lepazuriarekin (Martes foina) ere nahas daiteke. Baina azkenengo hau handiagoa da eta paparrean orban zuri bat du.
Banaketa
Bisoi amerikarra, jatorriz, Ipar Amerikako espezie bat da; bere banaketa-area naturala Estatu Batuetako hegoaldetik Kanadaraino hedatzen delarik.
Halere, gaur egun, espeziea Europan, Asia ekialdean, Hego Amerikan eta Zelanda Berriko eremu zabal batean finkatu da. Izan ere, XX. mendetik aurrera bisoi amerikarraren larruaren salmentarako, haztegi ugari zabaldu ziren atzerriko lurralde askotan. Ordundik aurrera, zenbait banakok haztegietatik ihes egin eta populazio basatiak garatu zituzten beren jatorrizko bizilekuetatik kanpo.
Europan etengabe hedatzen ari dira espezie honen populazioak eta jadanik ia kontinente osoan zehar zabaldu da.
Iberiar penintsulan hiru gune nagusitan bizi da: Galizian, penintsularen erdialdean eta Katalunian. Alabaina guztira hamabi Autonomia Erkidegotan dago (Kantabria, Euskal Herria, Aragoi, Errioxa, Katalunia, Galizia, Gaztela eta Leon, Madril, Gaztela Mantxa, Extremadura eta Valentzia).
Euskal Herrian Bizkaia eta Araban ageri da. Bizkaian ia ibai guztietan dago, ekialdeko herenean izan ezik. Araban Zadorra eta Baia ibai inguruetan bizi da. Gipuzkoan, berriz, ez da populazio egonkorrik aurkitu.
Habitata
Ur-masa mota desberdinei lotutako espeziea izanik; ibai, erreka, laku, urtegi, aintzira edo paduretan bizi daiteke. Halaber, kostaldean ere ageri ohi da. Orokorrean, landare estaldura oparoko eremuak gustoko ditu baina baita eremu arrokatsuak ere; bi lekuetan, gordelekuak topatzeko aukera zabalagoa baita. Gordelekuak ur-masetatik oso hurbil kokatzen dira, ertzeetan batez ere. Hala ere, erabilitako gordeleku gehienak beste animaliek egindakoak eta atondutakoak izaten dira, bisoi amerikarrak lurrean zuloak egiteko gaitasunik ez baitu.
Populazio egonkorrenak 1.500 m-tik gora daude.
Kasu batzuetan hiri inguruetan eta eremu antropizatuetan ere aurkitu izan da, ur-masetatik hurbil.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Hamar hilabeterekin lortzen dute helduarora. Ugalketa garaia martxoan hasten da eta lau bat aste iraun ditzake. Erditzeak apirilaren amaiera eta maiatza bitartean gertatzen dira eta, batez beste, kumaldi bakoitzeko bost edo sei kume jaiotzen dira.
Bisoi amerikarrak, obulua uteroan ezartzen deneko prozesua baldintza egokiak izan arte atzeratzeko mekanismoa du. Behin obulua uteroan ezarrita, ernaldiak 39 egun irauten ditu.
[embed]http://www.youtube.com/watch?v=4tR0WlUAYkg[/embed]
Bizimodua
Bisoi amerikarra egunez begiztatzea ez da gauza arraroa baina batez ere ilunabarrean eta gauean topatzen da. Animalia bakartia eta lurraldekoia da. Ibaien ubidea jarraituz, arrek, 1-6 km-ko eremuak babesten dituzte. Sexu berekoak lurraldeagatik borrokatzen dira; eme eta arren artean ordea, malgutasun handiagoa dago lurraldea partekatzerako orduan. Lurraldekotasuna guruin-jariakin eta gorotzen bidez adierazten dute.
Bizi-itxaropena 3-4 urtekoa izaten da.