Arrano beltza

Aquila chrysaetos

Arrano beltza, Euskal Herrian aurki dezakegun hegazti harrapari eder eta lirainenetariko bat da. Euskal Herriko arranorik handiena den arren, ez dago oso hedatua gure lurraldean eta Arabako Mendietan eta Pirinioetan bizi diren bikote gutxi batzuek osatzen dute gure inguruko populazioa.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Euskal Herriko arranorik handiena da. Burualde oso sendoa, hego handiak eta buztan nahiko luzea ditu. Helduak marroixkak izan ohi dira eta aurpegi eta kokote aldean urre-koloreko tonalitateak eduki ohi dituzte. Buztana beltza da, muturrean apur bat argitzen delarik. Azpialdea marroi kolorekoa da, gune argiago batzuk beha daitezkeelarik. Gazteak ilunagoak izan ohi dira. Hegoen erdialdean eta buztanaren behe aldean orban zuri bereizgarriak beha daitezke. Orban hauek desagertu egiten dira gaztea, heldutan izango duen lumaia hartzen doan heinean.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Ia mundu guztian hedaturik dagoen hegaztia da. Iparramerikan, Eurasian eta Afrika iparraldean aurki daiteke eta baita Britainia Handia, Japonia eta Mediterraneoko irletan ere.


Europa erdialdeko populazioa asko gutxitu da azken hamarkadetan gizakiaren eraginez eta garai batean ugari zeuden lekuan ez da alerik gelditzen. Egun, Europa mendebaldean Eskozia, Norvegia, Alpeak, Italia eta Iberiar penintsulan soilik gelditzen dira, nahiz eta 2001ean 35 ale askatu ziren Irlandan.


Euskal Herrian Arabako mendietan eta Pirinioetan beha daitezke. Araban, Izki aldean eta Errioxa eta Nafarroarekin muga egiten duen inguruan ikus daitezke, eta Pirinioetan, Nafarroa, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Araban 8 bikote daudela estimatzen da eta Pirinioetan 13 besterik ez.

Habitata

Baso eta zelaiak ugari diren ingurune menditsuetan bizi ohi da hegazti hau. Kumeak gurasoengandik gertu gelditzen dira bizitzen, lurraldetik kanpora egin gabe.

Urtez urte txandakatzen dituzten hainbat habia eratzen dituzte beren lurraldean. Batez ere kareharrizko harkaitzetako kobazulo eta erlaitzetan eratzen dituzte habiak, baina badira zuhaitzen adaburuetan habia eraikitzen dutenak ere. Nahiko sinpleak izan ohi dira. Pinu eta arteen adarrekin eratzen dute oinarria eta pinu-hostoez estaltzen dute. Umatze-garai bakoitzeko pisu berriak gehitzen zaizkio eta ohikoa da hainbat urteren ostean metro bateko altuera eta bi metroko zabalera izatera iristea.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Tamaina ertain eta txikiko ugaztunez elikatzen dira, batez ere. Hegaztiak (usoak, usapalak, eskinosoa) eta narrastiak ere ehizatzen dituzte eta noizbehinka sarraskiez ere elikatzen dira. Ehizarako behe-hegaldiak burutzen ditu eta harrapakinetik gertu dagoenean bere gainera amiltzen da abiadura handiz. Gazteak gurasoek elikatzen dituzte independizatzen diren arte eta, normalean, ugaztunak beharrean hegaztiak ematen dizkiete. Ziurrenik, arrano gazteek hegaztiak hobeto digerituko dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Ugal garaia martxoa inguruan hasten da eta normalean, beren lurraldean bertan ugaltzen dira. Ugalketaren ostean, emeak 1 eta 3 arrautza bitartean erruten ditu eta 45 egunez inkubatzen ditu. Zuriak izaten dira eta 77×59 mm-ko tamaina eta 140 g-ko pisua izan ohi dutenak. Jaiotzen diren kumeak lumaia guztiz txuria izan ohi dute. Txito bat baino gehiago jaiotzen badira, lehenengoak 50 egun ingurura burutzen du lehen hegaldia. Gainerakoak, normalean, hil egiten dira, gurasoek ez baitituzte zaintzen eta bestela, lehen kumeak indar nahikoa duenean habiatik botatzen ditu.

Bizimodua

Hegazti monogamoak dira.