Belatz gorria

Falco tinnunculus

Belatz gorria oso sarritan ikus dezakegun hegazti bat da. Izan ere, belatz gorria airean geldi ikustea arrunta da oso, haize gogorrenek jotzen dutenean ere harraparia behatu bitartean mugiezinik, zelatari. Adituak ez diren begientzat, ordea, uso batekin nahastu daiteke, oso tamaina antzekoak baitira biak. Edonola, hegazti liraina da, eta kolore gorria erraz ikus zatzaiokegu.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Belatz gorria tamaina txiki-ertaineko hegaztia da, 57-79 cm-ko hego-zabalera eta 27-35 cm-ko altuera daukana (Martinez-Padilla 2006). Arrak emeak baino apur bat txikiagoak dira eta nabarmen arinagoak. Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak hegoak luzeak eta zorrotzak eta buztan luzea du eta, oro har, itxura liraineko hegaztia da. Airean geldirik mantentzeko gaitasunagatik erraz identifikatu daiteke.


Hego muturrak beltzak ditu eta goikaldea gorrixka, orban ilunez betea. Behekaldea, berriz, zurixka du. Arrak isatsa eta burua grisak dauzka, eta isatsa banda beltz batean amaitzen da. Emeek eta urteko gazteek ez ohi dute grisa izaten, eta orban ilunak ar helduetan baino nabarmenagoak dira, bai goikaldean bai eta behekaldean ere (Mullarney et al.).

Antzeko espezieak

Falco naumanni

Banaketa

Mundu mailan belatz gorriak oso hedatua dago (banaketa paleartiko, afrotropikal eta indomalayikoa dauka) (Village 1990). Iberiar penintsula osoan aurki daiteke baina hiru gunetan dago batez ere, eta gune horietako bat Euskal Herriko erdialdea da (Martinez-Padilla 2006).

Habitata

Habitatari dagokionez, belatz gorriak ez du beharrizan zorrotzik, alegia, espezie generalista da. Harkaitzetan, sasi-basamortuetan, landa eta abeltzaintza eremuetan, dentsitate baxuko basoetan, giza eremuetan… ikus daiteke. Edonola, ehizarako gune irekiak behar dituenez landare dentsitate handiko zonak ekiditen ditu. Neguan landa eta nekazaritza eremuak hobesten ditu (Del Moral et al. 2002; Martinez-padilla 2006).


Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak ez du habirik eraikitzen eta habi gisa beste hegaztiek egindakoak hartzen ditu (batez ere belabeltzak egindakoak). Halaber, zuhaitzetako txokoak, harkaitzetako arrakalak, gizakiak egindako egiturak eta lurra bera ere balia ditzake (Balfour 1955; Fargallo et al. 2001; Martinez-Padilla 2006).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Belatz gorria harrapari haragijalea da. Bere dieta ugaztun txikiek osatzen dute batez ere baina, egoerak hala behartzen badu, hegazti txikiak, intsektuak, narrastiak eta anfibioak ere jaten ditu (Cramp & Simmons 1980). Espainian narrastiek eta intsektuek garrantzia handia dute, eta kiropteroak ere jaten dituela ikusi da (Elosegui 1974; Carrilo & Gonzalez-Davila 2005; Negro et al. 1992).

Ugalketa eta ontogenia

Gurean belatz gorriek bikote sendoak osatzen dituzte, baina haien fideltasuna beste hegazti harrapariek dutena baino txikiagoa da (bikotez kanpoko kopulak ikusi dira) (Martinez-Padilla 2006). Belatz gorriaren ugalketa garaia martxoa eta maiatza artean hasten da, neguko migrazio mugimenduak amaitzen direnean (Martinez-padilla 2006). Orduan, arrak haien lurraldeengatik borrokatzen dira, eta ohikoak dira oihuak, deiak eta arren arteko borrokak.


Ez dago argi hautespen sexualik badagoen baina, hala balitz, badirudi arren hego-luzera, lumadi argitsuagoa eta koloreen bizitasuna ezaugarri positiboak direla (Palokangas 1994; Martinez-Padilla 2006). Bikoteak osatzen direnean hegaldi ikuskizunak egiten dituzte eta bikoteen arteko deiak areagotzen dira. Gainera, gorteiuetan arrek emeei harrapakinak eramaten dizkiete (jokabide hau beste hegazti harrapari askotan ere ikusia izan denez arraren kalitatearen adierazlea dela uste da) (Mougeot et al. 2002).


Arrautzak apiriletik ekainera arte erruten dira (3 eta 7 arrautz artean). Arrautz hauek 31 mm inguruko zabalera eta 40 mm inguruko altuera izaten dute (enbrioi arrak dituztenak handiagoak dira) (Martinez-Padilla 2006). Inkubazioaz emea arduratzen da batik bat (arrak denbora-tarte txikietan laguntzen dio), inkubazio-aldiak irauten duen 25 egunetan zehar. Arrautzak ez direnez aldi berean erruten kumeak ez dira aldi berean jaiotzen, eta horrek desabantaila bat suposatzen du azkenekoak jaio direnentzat. Izan ere, lehenago jaio diren txitekiko konpetentziak asko ahultzen ditu (Martinez-Padilla 2006).


Kumeak 26-30 egunez egoten dira habian, eta epe horretan zehar gurasoek elikatzen dituzte: arrak habira harrapakinak eramaten ditu, eta emeak kumeen artean banatzen ditu. Behin habia utzita kumeak gutxi gora behera 16 egunez gurasoen habiaren inguruan egoten dira eta azken hauek bazkatzen dituzte (Bustamante 1994).

Bizimodua