Okil ertaina

Dendrocopos medius

Okil ertaina ez da familia berekoak diren okil beltza (Dryocopus martius) edo okil berdea (Picus viridis) bezan ikusgarria. Ezta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) bezain aipatua edo okil handia (Dendrocopos major) bezain arrunta gure basoetan. Horrek guztiak egiten du espezie hau hain ezezagun. Harizti helduei benetan lotua dagoen hegaztia da okil ertaina eta, beraz, baso hauek dauden bezain mugatua dago animalia hau ere gurean. Ostera, leku egokian bilatuz gero ez da ikusteko zaila.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Okil ertainak 20-22 cm inguruko altuera dauka, 33-34 cm inguruko hego-zabalera eta 50-85 g-ko pisua (emeak zertxobait txikiagoak dira). Bai emeek bai arrek pileoa gorria dute eta haien gorputzeko lumadia zuri-beltza da: aurpegi eta lepoa zuriak eta haien inguruan bibote beltz ez-osoa; bizkarralde beltza eta eskapuletan orbain txuri osoa, barrarik gabekoa; lema lumak beltzak ditu eta haietan barra txuriak ikus daitezke hegan egiten duenean. Bestalde, sabelaldean lumadiak kolore gorria hartzen du berriro ere (Mullarney et al, 2009).


Emeek eta gazteek ar helduek baino lumadi apalagoa dute eta pileoko mototsa laburragoa.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Okil ertainak mendebaldeko paleartikoan dago soilik, Europako eta Ekialde Hurbileko klima epel eta beroetan: Iberiar Penintsulatik Errusia eta Kaukaso aldera arte (Winkler et al, 1995; Del Hoyo et al, 2002). Beraz, Iberiar Penintsula okil ertainaren banaketaren mendebaldeko muga da. Bertan iparraldeko mendialdean besterik ez dago: Galizia, Asturias, Kantabria, Leon, Euskal Herria eta Lleidan (Onrubia et al, 2003; Romero et al, 2004).

Gurean Izkiko basoetan (Araban) oso ugaria da. Izan ere, gainontzean batez beste 0,12-0,64 bikote/Ha dentsitatea dagoen bitartea, Izkin 1,29 bik./Ha dentsitatea kalkulatu da (Purroy et al, 1984; Robles eta Olea, 2003; Fombellida et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1996). Halaber, zenbait ikerlarik okil ertainaren presentzia baieztatzeko kantuen bidezko prozedura gomendatzen dute, apeua entzutean erraz hurbiltzen den espeziea baita berau (Pasinelli, 2003; Kosinski et al, 2004).

Okil ertainak ez du migratzen (Pasinelli, 2003). Halere, badirudi habia dagoen lekutik 4,8 km-ra arteko dispertsio mugimenduak egin ditzaketela, gazte-denboran batik bat (Ciudad et al, 2009).

Habitata

Okil ertaina 700 m-tik behera dauden ingurunetan bizi da batez ere, baina Iberiar Penintsulan 350 m-tik 1600 m-ra arte aurki daiteke (Pasinelli, 2003; Fombellida et al, 2009; Purroy et al, 1984). Edonola, basoetara hertsiki mugatuta dago, Quercus generoko espezieek osatutakoetara batik bat (Del Hoyo et al, 2002). Horrela, okil ertaina mendi inguruetako hostozabalen baso zaharretan topa genezake, intsolazio baxua dagoen basoetan betiere (Carrascal et al, 2006).

Ameztietako (Q. pyrenaica) bizilagun arrunta da espezie hau; hauetan zuhaitz hilak eta fruituak dauzkaten zuhaixken arteko oreka duten txokoak hobesten ditu (Dominguez eta Onrubia, 2004).

Okil ertainak habiak Quercus generoko zuhaitz helduetan zizelkatzen ditu (5 cm inguruko zuloak izaten dira), hauetan egon daitezkeen zati bigun nahiz gaixoetan (Robles et al, 2007a). Izkin egindako ikerketa batzuen arabera, espezie honek habia 33,7 cm-ko diametroa duten eta Polyporaceae familiako onddoak dauzkaten zuhaitzetan egiten du, lurretik batez beste 2,25 cm-tara (Maldonado et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1997).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Okil ertainak artropodoak eta moluskuak jaten ditu gehien bat. Hauek adarretan nahiz zuhaitzaren azalaren azpian bilatzen ditu. Halaber, fruituez eta zuhaitz-izerdiaz ere elikatzen da (Pasinelli, 2003). Ordea, antza denez artropodoek osatzen dute espezie honen dietaren ardatz nagusia eta, beraz, landare jatorriko elikagaiak, adibidez, gehigarriak baino ez lirateke (Arambarri eta Rodriguez, 1997; Onrubia et al, 2004).

Ugalketa eta ontogenia

Okil ertaina hegazti monogamoa da ugalketa garaian, baina jarrera hau ez da urte osoan guztiz desagertzen (Pasinelli, 2003); bikoteak martxoan hasten dira osatzen eta uztaila arte ugaltzen dira (Onrubia et al, 2004; Robles et al, 2008). Hurrengo ugalketa garaian erlazioa indartzen dute berriro ere. Bikoteak osatzeko arrek lurraldea defendatzen dute, kantuen bitartez besteak beste (baina ez zuhaitzean joaz). Bada, arrak abendua arte entzun daitezke kantuan (Onrubia et al, 2004).

Gutxi gora behera 5 arrautza erruten dituzte eta 11-14 egunez inkubatzen dira. Txitek 21-23 egun igarotzen dituzte habian (Dominguez, 2010).

Bizimodua