Bere kantuagatik da ezaguna urretxindorra. Arrek emea erakartzeko abesten dute eta abesti errepertorio oso handia dutela frogatu izan da. Beste txori askok ez bezala, urretxindorrek gauez ere abesten dute ugaltze-sasoian zehar, erraza suertatzen delarik hauek bereiztea orduan. Hegazti hau klima mediterraneoarekin lotuagoa dago eta beraz, Euskal Herriko hegoaldean azaltzen zaigu baitik bat, nahiz eta Bizkaian bikote ugaltzaileren bat ere deskribatu izan den.
Urretxindorra
Luscinia megarhynchos

Deskribapena
Urretxindorrak itxuraz bereiztea ez da hain erraza suertatzen eta kantuagatik bereizi ohi da batik bat. Izan ere, ezaugarri bereizgarri askorik gabeko txori txikia da, txantxangorria baino zertxobait handiagoa. 14-17 cm-ko luzera du eta 20-24 cm-ko hego-zabalera. 18-23 gramo pisatu ohi du.
Arre kolorekoa da eta sabelaldea argiagoa du. Isats zabala du, gaztaina kolorekoa eta begi beltz handiak, eraztun zuri batekin apainduak. Arrak eta emeak itxuraz antzekoak diren arren, askotan arrak handiagoak dira, hego-zabalera handiagoarekin. Aldiz, emeak astunagoak dira, arren tasa-metabolikoak azkarragoak baitira, kantua dela eta (Thomas 2002).
Antzeko espezieak
Acrocephalus scirpaceus
Urretxindorrak 10 luma ditu isatseak eta lezkari arruntak 12.
Locustella luscinioides
Urretxindorrak 10 luma ditu isatsean eta benarriz gorriztak berriz, 12.
Cettia cetti
Errekatxindorra txikiagoa da, ilunagoa eta hego motzagoak ditu.
Banaketa
Europa hegoalde eta mendebalde guztian zehar hedatzen den espeziea da. Populaziorik handienak Italia, Frantzia, Kroazia, Bulgaria eta Espainian agertzen dira (Tucker & Heath, 1994) eta horiek, kopuru totalaren ia % 80a osatzen dute.
Iberiar penintsula ia osoan zehar agertzen da baina eskualde eurosiberiarrean ez da hain arrunta (Purroy 2014). Euskal Herriko hegoaldean izaera autoktonoa du, eta Arabako eta Nafarroako erdialde-hegoaldean hedatzen da batik bat. Hala ere, Bizkaia mendebaldean eta hegoaldean bikote ugaltzaileak behatu izan dira (Karrantzan, Enkartazioetan, Ganekogortako mendigunean eta Orduñan) (Alvarez et al. 1985).
Euskal Herriko iparraldean udako migratzailea baino ez da. Hala ere, eremu mediterraneo subkantauriarrean baino ugariagoa da eta eremu atlantikoan, berriz, ia erabat falta da (Alvarez et al. 1985).


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Ugaltze-sasoia oso garai gogorra da urretxindorrarentzako, abestean energia ugari gastatzen duelako. Arren abesti-maiztasuna maiz euren egoera fisikoaren adierazle izan daitekeenez, emeek abeslaririk onenak hautatuko dituzte (Schmidt et al. 2005). Arrak oso lurraldekoiak dira eta hori babesteko beste arrekin borrokatuko dira (Kunc et al. 2006). Ahaleginak ahalegin, parekatze-arrakasta ez da oso altua eta arren % 49ak ez du bikoterik lortuko (Schmidt et al. 2005).
Ugaltze-sasoia maiatza erdialdera hastean da eta ekainera luza daiteke. Emeak belar eta orbelaz habiak eraikitzen ditu zuhaixka trinkoetako adarretan. Emeak 4-5 arrautza errungo ditu, 21×16 mm eta 2,7 g-koak. Emeak 13-14 egunez inkubatzen ditu arrautzak baina guraso biak arduratuko dira txitak elikatzeaz. 11-13 egunen buruan txitek habia utziko dute baina urtea bete arte ez dute heldutasun-sexuala lortuko (Schmidt et al. 2005).