Sastraken artean bizi ohi den hegaztia da tuntun arrunta. Euskal Herrian, arrunta da eskualde atlantiar osoan, klima mediterranearragoa duten lekuetan mendi inguruneetara mugatua dagoen bitartean.
Tuntun arrunta
Prunella modularis

Deskribapena
Antzeko espezieak
Prunella collaris
Mendi-tuntunak kolore gorriko lumajea izaten du hegoen azpian, eta mokoaren oinarrian orban horia dauka.
Banaketa


Habitata
Euskal Herriko zonalde atlantiarrean arrunta da edozein mailatan: otadietako espezie nagusietarikoa da, eta basoetako ertzetan, palaxuetan eta soiluneetan ageri da. Pinus radiata espeziearen landaketa gazteak ere egokiak zaizkio. Zonalde subkantauriarrean arrunta izaten jarraitzen du mendietako pagadi, erkamezti, amezti eta artadien ertzetan, baina laborantza-lurretan bakanagoa da. Ezpeldietan, ordea, espezie dominatzaileetariko bat da. Zonalde mediterraneoan, aitzitik, mendi ingurunetik at arraroa da (Álvarez et al. 1985).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Tuntun arruntak aldakortasun handia erakusten du bikotekidearekiko duen loturari dagokiola, monogamoa edo poligamoa izan daitekeelarik. Arrak ahalik eta eme kopuru handienarekin ugaltzen saiatzen dira, eta beraz arren ugal-arrakasta handiena poliginia ematen denean lortzen da. Hala ere, hori gutxitan lortzen dute, emeak beste arrekin ere ugaldu ohi baitira, poliginandria izeneko egoerara helduz (ar batek baino gehiagok eme bat baino gehiagorekin lotura izatea). Gainera, arren ugal-arrakasta janariaren eskuragarritasunaren araberakoa dela ikusi da: elikagai ugari dagoenean, emeek lurralde txikiak defendatzen dituzte, eta arrentzat errazagoa da hainbat emeren lurraldeak monopolizatzea (poliginia) edo beste arren batekin elkarbanatzea (poliginandria). Aldiz, janaria dispertsoago dagoenean, eme bakoitzaren lurraldea handiagoa da, eta arrek ezin dute monopolizatu, monogamia edo poliandria behatuz kasu hauetan (Davies & Lundberg 1984).
Paseriforme gutxitan behatu izan da poliandria, baina tuntun arrunt emeek ar batekin baino gehiagorekin ugaltzean onura lortzen dutela ikusi da. Eme horiek ez dute monogamoek baino arrautza gehiago jartzen, baina txitak arrautzatik ateratzeko eta lumatzerako orduan arrakasta handiagoa izaten dute, zaintza paternala ar batek baino gehiagok burutzen duelako (Santos & Nakawa 2013). Poliandria ematen den kasu hauetan, arren lurraldeak gainjartzen dira, eta elkarrekin defendatzen dituzte. Hala ere, hierarkia izaten da haien artean, ar bat emea monopolizatzen saiatuko baita (Davies & Lundberg 1984).
Habia zuhaixka baten babespean egin ohi du, eta bertan urdin koloreko bost arrautza ere jar ditzake. Hiru errunaldi izan daitezke sasoi bakarrean, lehena martxo edo apiril aldera. Txitaldiak bi aste inguru irauten du, eta soilik emea arduratzen da horretaz. Txitak jaiotakoan, arrak zein emeak elikatzen ditu, eta 12-14 egunen buruan lumatzen dira.