Euskal Herriko ehiztariek ondo ezagutzen duten espeziea da oilagorra. Udazkenean iristen zaigu hegazti hau Euskal Herrira eta negua hemen pasa ostean, martxoan iparralderantz migratzen du berriro ere. Basoetan aurki daiteke baina orbel artean ezkutatzeko moduko kolore mimikoa du, ikusteko zail xamarra egiten duena. Bere ezaugarri bereizgarrietako bat mokoa da, luze eta estua, lurreko zizareak jan ahal izateko.
Scolopax rusticola

Deskribapena
Oilagorrak erdi-tamainako hegaztiak dira. Helduek 33-38 cm neurtzen dituzte eta hegoen zabalera 55-65 cm-koa da. 300-350 gramoko pisua dute eta moko luze eta estua, bere harrapakinak eskuratzeko erabiltzen dutena.
Lumaje kriptikoa dute oilagorrek, ingurunean kamuflatzea ahalbidetzen diena: arre-gorrixka kolorekoa, orban arre ilun eta beltzekin. Aurrealdea zuriagoa izaten da, hau ere marra arreekin. Burugaina ilunagoa azaltzen dute eta aurpegian marra beltzen bat azal dezake baina gehienetan, ez oso ondo definituak.
Hegazti hauek begi handiak dituzte, buruaren alboetara kokaturik, 360º-ko ikusmen monokularra ahalbidetzen dietelarik. Hegalak borobilduak dira eta mokoaren oinarria haragi kolorekoa da, puntaldea aldiz, ilunagoa. Hankak grisak edo arrosak izan daitezke (Álvarez et al., 1985).
Oilagorra espezie dimorfikoa da eta arrak emeak baino askoz handiagoak izaten dira. Hala ere, begi bistaz soilik nahiko zaila suertatzen da bi sexuak bereiztea (Martí eta del Moral, 2003).
Antzeko espezieak
Gallinago gallinago
Oilagorrak baino hobeto definituak izaten ditu aurpegi aldeko marra ilunak eta gehienetan, buruaren gainaldea oilagorrak baino argiagoa izaten du. Gainera, istingor arrunta paduretan bizi ohi da.
Lymnocryptes minimus
Istingor txikia, izenak dioenez, bi espezie hauek baino txikiagoa da. Beste bietatik bereizteko ezaugarri nagusia buru gaineko marrazkia da: istingor txikiak, beste biek ez bezala, ez du marra argirik buruaren erdialdean, burua alde batetik bestera zeharkatzen diona. Bai aldiz, bi marra argi erdiko orban ilunaren inguruan, koro moduko bat osatuz istingorraren bururean aldeetara.
Banaketa
Oilagorra Eurasiako eskualde epel eta subartikoetan zehar banatzen den espeziea da. Munduko oilagorren herena Europan ugaltzen da, eta bereziki Errusian eta penintsula eskandinavoan (oilagor guztien %90). Hala ere, oilagorren ugaltze-eskualdea penintsula eskandinavotik mediterranear itsasora eta Kanariar uharteetara zabaltzen da. Iparraldeko eta Asiako populazioek Europa hegoaldera edo Indiara, hurrenez hurren, migratzen dute. Aldiz, irla atlantikoetako, Europa iparmendebaldeko eta Europa hegoaldeko oilagorrek ez dute migraziorik burutzen eta urte osoan zehar bertan bizi ohi dira. Hegazti hauen migrazioa ugal-eskualdeetarantz udaberrian gertatzen da, otsaila eta martxoa bitartean; aldiz, neguko migrazioa urrian hasten da (edo goizenez irailean), ale gehienek azaroan egiten dutelarik neguko migrazioa (Vizoso eta Shorten, 1978).
Iberiar Penintsula oso eskualde garrantzitsua da Europa erdialdeko, iparraldeko eta mendebaldeko populazioentzat, ale askok bertan burutzen baitute hibernazioa (Aierbe et al., 2001; Galarza et al., 1989; Lobo et al., 1994).


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Arrek, emeak gorteiatzeko “roding” izeneko hegaldia egiten dute ilunabarrean, apirila eta ekaina bitartean. Zuhaitzen gainetik egiten dute hegan hegoak astinduz eta mokoa beherantz zuzenduta dutelarik, eta karranka sakonak igortzen dituzte, txilio altu batez jarraiturik.
Emeek lurrean egiten dituzte habiak, basopean edo txilardietan. Habiak hostoz estalitako zuloak izaten dira. Errutaldi bakarra dute, krema edo txuri koloreko 4 arrautzez osaturikoa eta arrautzek gehienetan orban grisak izaten dituzte, 44×34 mm-koak dira eta 26,5 gramokoak. Emeek arrautzak 21-24 egunez inkubatzen dituzte eta txitoek 15-20 egunen buruan uzten dute habia baina 10 egunekin dagoeneko gai dira distantzia motzetan hegan egiteko.
Mehatxatuta sentitzen direnean, oilagor emeek hankartean, bularraldean, isatsean edo bizkarraldean txitoak dituztela hegan egin dezakete. Hala ere jarrera hau ez da ikusteko erraza izaten.
Bizimodua
Oilagorrak ilunabarrean eta egunsentian dira aktiboen eta egunez arriskupean daudenean baino ez dute hegan egiten. Hegaldia hontzarenaren antzekoa: basoan daudenean asko astintzen dituzte hegoak baina migrazioan zehar azkar eta zuzen hegan egiten dute.
Hegazti bakartiak dira eta bakarka migratzen dute gehienetan, baina klima edo baldintza geografikoak txarrak direnean, migratzeko elkartu egin daitezke.