Herrikoiki huntzaz ezagutzen dugun landare hau betiberdea da eta bizimodu herrestari zein igokaria erakuts dezake. Jatorriz Europako, Afrika iparraldeko eta Asiako (Indiatik Japoniaraino) baso hezeetakoa da. Tertziarioko flora laurisilbatik biziraun duen espezietariko bat da. Euskal Herriko zenbait basoetan aurki dezakegu beste zuhaitzen gainean biziz. Apaingarri gisa erabili izan denez, herri zein hirietako harrizko hormetan ere aurki dezakegu. Landare osoa orokorrean toxikoa izan arren, zauriak sendatzeko hostoak sendabelar bezala erabiltzen dira.
Huntz arrunta
Hedera helix

Morfologia
Hostoak
Hosto iraunkorrak, bakunak eta txandakatuak dira, pixka bat larrukarak. Gainaldean berde ilun distiratsuak eta azpialdean berde-urdinxkak dira. 5-10cm bitarteko diametroa izaten dute. Bi hosto mota egoten dira landare berean: palmatu gingildunak goranzko zurtoinetan eta gingilik gabeko erronbo-formakoak lore-zurtoin emankorretan.
Hostoak lepidoptera beldarrek jaten dituzte, esate baterako Phlogophora meticulosa, Noctua janthina, Odontopera bidentata, Euplexia lucipara, Idaea seriata (huntza besterik ez du jaten), Ourapteryx sambucaria eta Peribatodes rhomboidaria.
Loreak
Lore txikiak, aktinomorfoak, erregularrak eta berde kolorekoak izaten dira. Hermafroditak izaten dira eta unbela itxurako infloreszentzietan antolatzen dira. Azken hau, 12-20 loreekin osatzen da, bakanak edo panikuluak osatuz. Kalizak bost sepalo txiki eta deltatuak ditu, obulutegiari soldatuak. Korola bost petalo askez osatua dago, berde horixkak. Androzeoa bost estamin askez, petaloekin txandakatuta, osatua dago. Ginezeoa behe-obulutegia da eta nektarioz inguratua egoten da. Estilo motza eta sinplea da, bost karpelo ditu, bost lokulu eratzen dira eta bakoitzean obulu bat egoten da.
Bere loraketa unea dela eta, loreen nektarra elikagai iturri berantiar garrantzitsua da zenbait intsektuentzat. Polinizazioa entomofiloa izaten da, liztor eta sitsek burutzen dutelarik.
Fruituak
Antzeko espezieak
Hedera hibernica
Parthenocissus tricuspidata
Toxicodendron radicans
Banaketa
Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldean bizi da. Euskal Herri osoan zehar aurki daiteke.
Basoetako zona hezeetan hazten da, trokarte eta haitzarteetan; baita arroka, zuhaitzetako enbor, horma, harresi eta lurrean ere. Itsas mailatik 1400m-ko altituderaino bizi da.
Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Ekologia
Fenologia
Erabilerak
Apaingarri gisa asko landatzen da, batez ere horma eta ezpondak estali eta babesteko.
Sendabelar bezala erabilia izan da: hostoak zauriak sendatzeko erabiltzen dira. Hostoaren sustantzia aktibo bat (saponina mota bat) dela eta, ekintza espamolitikoa du.
Kontuz ibili behar da landare honekin: toxikoa da. landare guztia orohar toxikoa da, baina toxikotasun maila handiena fruituetan agertzen da, hederina sustantzia dela eta.