Mendi-berdantza klima epeleko mendietan bizi da, baso ireki eta sastrakadietan. Euskal Herrian eremu zabala du, populazioa oso handia ez bada ere.
Mendi-berdantza
Emberiza cia

Phyluma: Chordata
Klasea:Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Emberizidae
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc
Deskribapena
Luzeraz 15-16cm eta hego-zabaleran 21-27cm izan ohi ditu mendi-berdantzak (Hume 2004). Gorputz boluminotsua du, hego laburrekin eta buztan luzearekin. Burua (lerro beltz lateralekin), lepoa, garondoa eta paparraren goi-partea grisak ditu, gorputzaren gainerakoa marroi-gorrizta den bitartean. Bai gazte heldugabeak, bai helduak, arrak zein emeak, itsuraz oso antzekoak dira, ugal-garaian arrek kolore biziagoak izaten badituzte ere. Jubenilek, ordea, lumaje marroixka dute eta buruan ez dute lerro lateralik (asturnatura.com).
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Eurasiako zati epeleko eta ipar-Afrikako mendietan bizi da (asturnatura.com)


Habitata
Mendi-larre irekietan edo zuhaiskadidun mendi-hegal harritsuetan bizi da, baita gune altuetan dauden eta pinu bakanak dituzten zuhaiskadietan ere. Neguan baso irekietara, zuhaiskadietara, laborantza lurretara eta parke eta lorategietara jaisten da (asturnatura.com).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Batez ere gramineoen haziez, ernamuinez, kimuez eta fruta ezberdinez elikatzen da. Udaberrian eta udan intsektuak eta bestelako ornogabeak ere jaten ditu; txitak ornogabeez elikatzen dira (asturnatura.com).
Ugalketa eta ontogenia
Ugal garaia apiriletik uztailera luzatzen da. Habia lurretik gertu egiten du, orokorrean zuhaiska edo zuhaitz dentso eta arantzatsuen barruan edota landaredi trinkoa duen hormetako zuloetan. Habia emeak soilik eraikitzen du. Ia bi astez inkubatzen duen hiru edo sei arrautzadun errunaldia gris-zuria izan ohi da (Hume 2004). Txitak habian 10-14 egun egoten dira, emea eta arra biak arduratzen direlarik hauek elikatzeaz. Habia utzi ondoren ere, erabat independiente izan aurretik gurasoek bazkatzen dituzte (asturnatura.com)