Lezkari arrunta, izenak dioen moduan, lezkadietan aurkitzen den txori txiki eta zalapartatsua da. Euskal Herrian maiatzetik abuztura baino ez dugu hegazti hau ikusteko aukera, kostaldeko hezeguneetan ugaltzen baita orduan.
Lezkari arrunta
Acrocephalus scirpaceus

Deskribapena
Lezkari arrunta, kolore arre eta marrarik gabeko lezkaria da (del Hoyo et al., 2006), beste lezkarien oso antzekoa. Hala ere bizkarralde berdexkagoa du, orban ilun bat koroan, krema koloreko marra bat begian eta orban ilun bat bi begi eta mokoaren artean. Hego zorrotzak ditu, moko handia eta hanka luzeak, kanaberetatik gora egitea baimentzen diotenak (Royal Society for the Protection of Birds).
Buruaren atzealdea, hegoak eta isatsa herdoil kolorekoak dira eta eta sabelaldea zurixka da, beige koloreko zantzuekin bularraldean eta kolorazio ilunagoarekin ertzetan (del Hoyo et al., 2006).
Lezkari arruntaren begien kolorea adinarekkn aldatzen da. Gaztetan, ikatz koloreko irisa du baina heldutasunean oliba-marroi kolorekoa bilakatzen da. Gazteek gainera, orbanak azaltzen dituzte mingainean, itxuraz, gurasoek elikatzen dituzten bitartean jana errazago bideratzeko (BTO Bird Facts).
Antzeko espezieak
Acrocephalus arundinaceus
Lezkari arruntaren oso antzekoa bada ere, lezkari karratxinak tamaina handiagoa du eta bekainalde garatuagoa (Blasco-Zumeta).
Banaketa
Lezkari arrunta espezie migratzailea da eta mendebaldeko Europan, Caspio inguruan, Iranen, Kazakhstan hegoekialdean eta Txinako iparmendebaldean ugaltzen da. Neguan, aldiz, Sahara zeharkatu eta Afrika tropikalera migratzen du (Cramp, 1992).
Itxuraz, Gipuzkoako banaketa-eremua egonkorra da eta Bizkaian eta Araban, berriz, hegazti honen populazioak hazi egin direla ematen du (Álvarez et al., 1985; Aierbe et al., 2001; Gainzarain, 2003; Fernández & Gainzarain, 2004). Eremu jakinei dagokienez, espeziea ez zen hauteman 2007an, aurretik habiak behatu ziren hainbat lezkadietan: Lamiako (Zuberogoitia et al., 1995), Lekeitio (Galarza, 1989) eta Oria ibaiaren inguruetan (Gainzarain, 2003), hain zuzen.
Era berean, bi ingurutatik ere desagertu da azken urteetan (Ugarte Barakaldon, eta Urumea Donostian). Inguru horietan, lezkari arruntak habia egiten zuen XX. mendeko 80ko hamarkadaren hasierara arte behintzat (Álvarez et al., 1985).


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Euskal Herrian maiatza eta abuztua bitartean kumatzen du. Bikote monogamoak eratzen dituzte eta habiak kolonia txikietan eraki. Gehienetan emeak dira habia egitearen arduradunak eta 6 cm inguruko kopa sakon itxurako habiak josten dituzte lezkadien zurtoinetan.
3-5 arrautz erruten dituzte eta guraso biek inkubatzen dituzte, 8-13 egunez. Txiten elikaduraz ere guraso biak arduratzen dira eta 10-12 egunen buruan, hauek habiak utziko dituzte, erabat independente bihurtuz handik 10-14 egunera (del Hoyo et al., 2006).