Hontz handia

Bubo bubo

Europako harrapari gautarrik handiena da Hontz handia. Belarri modura dituen luma handiengatik bereizten da, baita moko beltz eta makur, eta lumaz betetako hankengatik ere. Basoak eta haranak inguratzen dituzten amildegi arrokatsuetan bizi da. Europa ia osoan aurkitzen den arren, Euskal Herrian duen banaketa eskasa eta irregularra da. Hala ere, orain gutxiko datuek populazioaren egoera hobetzen ari dela erakusten dute, nahiz eta espeziea arriskuan jar lezaketen mehatxuak diharduten.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Izenak adierazten duenez, tamaina handiko hontza da, 59-73 cm luzera eta 1,5-3 kg pisu bitartekoa, normalean emea arra baino handiagoa izanez. Hego-zabalera 1,4-1,7 m-koa izan ohi da. Bereizten duen ezaugarri morfologiko nabariena belarri modura dituen luma handiak dira, atsedenaldian dagoenean “V” itxura hartu eta lurraldea babestean edota uluka aritzean itxiak mantentzen dituenak. Bekain beltz markatuen azpian dauden lerro beltzez inguratutako begi laranjek izaera errespetagarria ematen diote. Aurpegi-diska argia du eta begien artean “x” itxurako marka. Lumajeari dagokiola, bizkarraldekoa arre argia da, orban ilunez estalia, eta sabelaldekoa argiagoa da, ildaska okrez osoki apaindua dagoena.  Mokoaren azpian eta lepoan zehar luma argiagoak dira eta buztan motxekoek horizontalak diren orban ilunak dituzte. Hegalak goitik marroiak dira, luma primario eta sekundarioak horiekin.


Tamainan eta lumajearen kolorean oinarrituz, hogei subespezie deskribatu dira jada. 2007 urtean Bubo bubo ascalaphus eta Bubo bubo bengalensis subespezieak bi espezie desberdinetan banatu ziren, Bubo ascalaphus eta Bubo bengalensis.

Antzeko espezieak

Asio otus

Hontz handiaren antzekoa da, izan ere buruan belarri modua mototsak ditu eta lumajearen eta begien kolorea antzekoa da. Desberdindu egiten dira lirainagoa eta txikiagoa delako (luzeran 20 cm txikiagoa gutxi gorabehera).

Banaketa

Ipar Hemisferioan banaketa paleartikoa du. Erresuma Batuan, Irlandan eta Islandian izan ezik ia Europa osoan aurkitzen da, baina lurralde atlantikoan arraroa da ikusten. Iberiar penintsula osoan zehar aurkitzen da, eta gune bereizietan agertzen da: Kantauriar kateetan, Pirinioetan, estremadurar eta andaluzkako zerratan.


Euskal Herrian, irregularki banatua dago eta nahiko urria da. Bizkaiko mendebaldean (Enkartazioak), Valderejo natura-parkean, Arabako mendietan, Arabar Errioxan (Araba), Jara eta Larla mendialdean (Nafarroa Beherea) eta arrokatsuak diren Media eta Bardean (Nafarroa). Gipuzkoan aldiz, oso urria da (Alvarez et al. 2012).

Habitata

Giza presentziarik gabeko basoz estalitako eskualdeak dira bere habitat naturala. Bere ekologia-lehentasuna paisaia heterogeneo eta anitzeko guneak aukeratzea dela dirudi, non sastrakak nagusi diren. Haran sakonen inguruan dauden harkaizti eta labarrak gustuko dituenez habia jartzeko, gune arrokatsuak dira eskura behar dituenak. Euskal Herrian eta Espainian ekosistema harkaiztietara lortzen den arren, Europako beste lurraldeetan ikusi da gai dela habitat dibertsitate handira moldatzeko, baso euro-siberiarretatik hasita zuhaitzik gabeko guneetaraino.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Tamaina erdiko eta txikiko ugaztunetan oinarritzen da hontz handiaren elikadura; basasagu, lursagu, muxar, saguzar, baita handiagoak diren untxi, azeri eta katagorrian. Hegaztiak ere ehizatzen ditu, hala nola belatxiki, eskinoso, eper, uso, mika. Harrapari gorena denez, tamaina handiko hegazti harrapariak ehizatzen ausartzen da, zapelatz arrunta edo miru beltza kasu. Behin harrapakina digerituta, egagropila modura hezur eta ileak ahotik botatzen ditu, 3-4 x 8-12 cm bitartekoak izan ohi direnak. Gauez ehizatzen du, batzuetan hiri eta herrien inguruan.

Ugalketa eta ontogenia

Bikotea sasoi hotzean zehar bilatzen du eta neguan ematen da gorteiatzea. Bikoteak eskuragaitza den harkaitz-labarraren irtengune batean zuloa egin eta bertan jartzen du habia. Ez dute ia materialik erabiltzen habia egiteko, beraien kezka nagusia txitak euri-uretatik babestea da. Urtarril-otsaila amaieran emeak 2-3 arrautza zuri jartzen ditu (urteko errunaldi bakarra) eta 35 egunez inkubatzen ditu, bitartean arra izanez elikagaien arduraduna. 60-70 egun dituzten txita gazteak, lumatxa grisa mantentzen dutenak, prest egongo dira hegan egiten hasteko.

Bizimodua

Hontz handia hegazti sedentario eta lurraldekoia da eta habia egiterako garaia kenduta, bakarrik bizi da. Monogamoa da, bikote bakarrarekin igarotzen du bizi osoa.