Gabiraia gorputz txikiko, hego laburreko eta isats luzeko hegaztia da, munduan hedatuenen artean dagoen harraparia. Morfologia honek mugikortasun handia ematen dio landaredi askoko giroetan. Basoz estalitako guneetan bizi da, hain zuzen Iratiko basoan hasi, Urbasatik pasa eta Valderejora artekoetan agertu daiteke, eta Pirineoetako mendi-lepoetan migrazio garaian. Ia lurralde gehienetan migratzailea den arren, Euskal Herrian sedentarioak da, urte osoan zehar topa dezakegu gure inguruan. Interes bereziko espeziea da Euskal Herrian.
Gabirai arrunta
Accipiter nisus

Deskribapena
Gabiraia tamaina txikiko harraparia da, hego motz, zabal eta borobilduak dituena. Buztana zuzena eta hegalen zabalera baino luzeagoa da eta lema-lumetan ere agertzen diren zeharkako 4-5 marra ditu. Dimorfismo sexuala dute, emea arra baino anitz handiagoa izanez.
Arrak 28-38 cm-ko luzera eta 110-170 g-ko pisua, eta emeak 35-41 cm-ko luzera eta 210-300 g-ko pisua du, lumajea ere desberdina izanez. Eme helduaren burua eta bizkarraldea gris arrexka kolorekoa da, beheko aldea aldiz zuria, gris arrexkak diren marrek apaindua. Bekaina zuria eta luzea da, arrarena baino luzeagoa. Ar helduaren burua, bizkarraldea eta pileoa arbel kolorekoak dira. Aurrealdea aldiz, zurbilagoa da zeharkako marra fin gorrixkekin (del Hoyo et al. 1994). Bi sexuetan masailak eta alboak gorrixka kolorekoak dira, eta hori koloreko eta lumatu gabeko tartso luzeak eta meheak dituzte. Arraren begiak laranja biziak dira, eme eta gazteenak aldiz, horiak. Gazteak helduetatik bereizten dira gorputzaren behealdea krema kolorekoa, eta lepo eta bularraldea marra gorrixka horizontalduna dutelako, antz handiagoa izanez emeekin (Burton & Burton 2002).
Gaur egun sei subespezie bereizten dira, bereziki tamaina eta kolore motagatik desberdintzen direnak.
Antzeko espezieak
Accipiter gentilis
Eurasiako aztore arra, gabirai emearen oso antzekoa da. Bereizteko ezaugarri adierazgarriena tamaina da, aztorearen gorputza handiagoa da eta hegoak luzeagoak ditu.
Banaketa
Banaketa paleartikoa du eta ia Europa eta Afrika osoan negutzen du. Islandia eta ipar-muturrean izan ezik, Europako gainontzeko herrialdetan kumatzen da.
Euskal Herrian baso lapurtarretan (Senpere, Uztaritze, Eguralde…) eta Irati eta Haira basoetan aurkitu dezakegu urte osoan zehar, baita isurialdeen banalerroa markatzen duten inguruko mendi-lerroetan ere, Gorobel-Salbadatik Ultzamara arte. Hegoalderantz hurbildu ahala, basoak laborantza lur bilakatzen doazen heinean, gabiraia desagertzen da, Arga, Peralta, Las Cañas eta Pitillas bezalako gunetara murriztuz.


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ezkutuko bazter batean itxaronaldian egotea da duen ehizarako estrategia, harrapakinaren mugimenduak aztertzen, ustekabeko erasoaldian bikaina baita. Nahiko hegaldi akrobatiko eta bizkorra du, berehalako noranzko aldaketekin. Hegan ari den bitartean bere atzapar boteretsuekin batzen du harrapakina, lurzorutik distantzia txikira.
Ugalketa eta ontogenia
Ugalketa garaia nahiko berantiarra da, izan ere habia apirila-maiatza bitartean hasten dira eraikitzen. Bikoteak eraikitzen du habia, normalean 60 cm-ko diametrokoa dena, honetarako adar txiki, gazte eta hostoak erabiltzen dituzte. Emeak urtean behin, zehazki maiatza edo ekainean jartzen ditu arrautzak. Habia soilik zuhaitzetan jartzen dute, normalean beste urteetako habien inguruan, 1-16 m-ko altura duten adarretan.
Arrautzak 35-46 x 28-35 mm-koak dira, 22,5 g-ko pisua dute, eta zuri-urdin kolorekoak dira, gaztaina-koloreko orbainez estalita. Normalean errunaldia goizaldean izaten da, 4-5 arrautzakoa 2-3 eguneko tartearekin batetik bestera. Errunaldiko arrautzak galduz gero, emeak gehienez bi arrautza gehigarri garatuko ditu, aurrekoak baino txikiagoak izango direnak. Emeak 35-40 egun ematen ditu txitatzen. Jaiotzean, txitek lumatxa zuria dute eta emeak arrak ehizatutakoarekin elikatzen ditu. Bost aste igaro ondoren txitak hegan egiteko gai dira, baina heldutasun sexuala 1-3 urterekin lortuko dute.
Bizimodua
Gautarra den harrapari hau bakartia da, habia egiteko garaian izan ezik, baina migrazioa banaka egin ohi dute (Ferguson-Lees & Christie 2001). Espezie honen banaketa arearen iparraldeko populazioak migratzaileak dira (Bildstein 2006), Europa hegoaldera, Asia hegoaldera edo Afrikara mugituz. Bestale, hegoalderago gabiraia sedentarioa da (del Hoyo et al. 1994). Migratzaileak hegoalderantz uztaila-azaro bitartean abiatzen dira, maiatza-ekaina bitartean itzuliz (Snow & Perrins 1998).
Lau urteko biziraupena izaten du normalean. British Trust for Ornithology erakundeak gabirai gazteen % 34ak lehenengo bizi urtea eta helduen % 69ak urte batetik aurrerako urteak gainditzen dituztela determinatu zuen.
Eurasiako gabirai gehienek urteko kumaldi garaia lurralde berean ematen dute, ondoren aldatuz. Asko jota, eta soilik batzuek, zortzi urte irauten dute lurralde berdinean.