Hegatxabal arrunta

Alauda arvensis

Ia gehienetan lurrean ibiltzen den hegazti txikia eta trinkoa dugu hegatxabala. Bere izenak dioen bezala hegoak zabalak ditu, eta hori hegan egiten duenean erraz ikus daiteke. Bestela, lumadia marroixka eta apala dauka eta, horregatik, zaila da lurrean geldirik dagoenean ikustea.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Hegatxabal arrunta 16-18 cm luzera eta 30-36 cm hego-zabalera duen txoria da. Hegalak, buztana eta hankak luzeak ditu eta gorputzak itxura trinkoa du. Lumadia arrea du alde dortsalean (marra ilunez hornituta) eta zurixka alde bentralean. Horri esker, lurrean pausatuta dagoenean erraz ezkutatzen da. Hegan egiten duenean hegoak oso azkar mugitzen ditu eta bat-bateko norabide azkarrak egiteko gai da. Hegaldian hegalen atzeko aldean marra zuri bat erakusten du, baita buztaneko ertzetan ere. Arrak motots bat garatzen du, kutturlioena (Galerida cristata) baino zapalagoa. Bestela, arren eta emeen lumadien artean ez dago desberdintasun nabarmenik.

Antzeko espezieak

Kutturlio arrunta (Galerida cristata) eta kutturlio mokolaburra (Galerida theklae)

Kutturlioak hegatxabala baino handiagoak dira (batez ere kutturlio arrunta). Halaber, kutturlioaren lumadia grisagoa eta ilunagoa da. Gainera, hegan egiten dutenean buztaneko bi ertzetzako lumak desberdinak dituzte: hegatxabalak txuriak eta kutturlioek marroixkak. Bestalde, kutturlioaren mototsa luzeagoa da.

Pirripioa (Lullula arborea)

Pirripioaren lumadiak hegatxabalarena baino kontraste handiagoa dauka (oro har marroia eta beltza alde dortsalean eta zuria alde bentralean). Pirripioa txikiagoa da.

Txoriandre arrunta (Calandrella brachydactyla)

Txoriandrearen lumadia hegatxabalarena baino ilunagoa da (ez du luma marroixkarik). Bestalde txoriandreak moko lodiagoa du.

Banaketa

Hegatxabal arrunta paleartikoan zehar bizi den espeziea da, bai Europa osoan bai eta Asiako leku gehienetan ere. Iberiar Penintsulan espezie hau iparraldera mugatuta dago, ez baitu hegoaldeko klima beroa gogoko. Irailetik azarora bitartean Europa iparraldeko aleak gurera migratzen dute, eta otsaila eta apirila artean berriro ere iparraldera joaten dira. Euskal Herriko aleek ez dute migraziorik egiten eta bertan gelditzen dira urte osoan zehar.

Habitata

Hegatxabal arrunta itsasmailatik 3000 metro ingurura arte aurki daiteke. Zuhaitzik gabeko eremu zabalak hobesten dituzte, larreak, nekazal eremuak eta dentsitate txikiko lahardiak (txillardiak, otadiak…) batez ere. Ordea, ez du klima beroa gustuko eta, hori dela eta, udan lehorteak gertatzen diren lurrak saihesten ditu.


Habia lurrean eraikitzen du, sasi eta belarren artean. Horretarako hostoak eta adaxkak erabiltzen ditu eta gero lumekin atontzen du.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Espezie orojalea da, eta urteko sasoi bakoitzean dauden elikagaien eskuragarritasunari moldatzen da. Horrela, udaberrian zekale aleak jaten ditu, udan intsektuak bereziki, udazkenean haziak (zekale haziak batik bat) eta neguan hostoak.

Ugalketa eta ontogenia

Ugal garaia martxoan hasten da. Araldia oso laburra da eta denbora gutxian emeak kolore berde eta marroiko 3-7 arrautza erruten ditu. Hauek 11 egunez inkubatzen ditu (emeak soilik). Txitek 8-10 egunetan habia uzten dute. Urtean bizpahiru errunaldi gertatu daitezke.

Bizimodua

Hegatxabalak espezie monogamoak, bakartiak eta lurraldekoiak dira.