Lurpeko sugea

Blanus cinereus

Oligoketo itxurako iberiar espezie endemiko hau izenez sugea bada ere, ebolutiboki ez da ofidioekin (sugeekin) batera sailkatzen, ez baitu ageri gertuko ahaidetasunik. Honela bada, lurpeko bizimodura doitzeko bidean gorputzadarrak galdutako narrasti talde ezberdin baten baitan sailkatzen da, Amphisbaenidae.

Ikuspuntu zoogeografiko batetik begiratu bat emanez gero, emigratzaile afrikar gisara hartzen da lurpeko sugea. Honen froga, Iberiar penintsula hegoaldeko Pleistozeno garaiko zenbait aztarnategitan aurkitu diren fosilak dira.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Vandelli, 1797
Estatusa: lc

Deskribapena

Suge izenari jarraiki, gorputz zilindriko eta luzanga du, eraztun forman paratutako ezkata laukiz estalia eta, noski, inolako gorputzadarrik gabea. Burua txikia eta trapezoidala da, gorputzarekiko gutxi ezberdintzatua eta muturraldea, berriz, borobildua. Burua zimur itxurako ildo transbertsal batek banatzen du gorputzetik. Oinarrizko edo hondoko kolorazioa aldakorra da, hasi tonu biolazeo batetik eta marroiraino. Sabeladea argiagoa da. Isatsa laburra da oso eta poro aurre-kloakalak ageri ditu. Banako partzialki albinoak ere zitatu izan dira.


Zazpi hortz premaxilar, lau maxilar eta zazpi mandibular dituzte. Larrua azalaren muda behin bakarrik burutzen dute, ofidioek bezala. Ikusmena bestigiala (oinarrizkoa) da, gutxi garatua, eta zentzumenei dagokienez usaimenak eta entzumenak hartzen dute garrantzia. Dimorfismo sexualik ez da ageri, naiz eta tamainari dagokionez, arren buru eta gorputzak 254 mm inguru neurtu ohi dituen luzetara, emeak 235 mm izatera iristen direlarik batez beste.


Askok hala uste badu ere, lurpeko sugea ez da inolaz ere animalia arriskutsua gizakiarentzat. Ez du pozoirik.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Iberiar penitsulako narrasti espezie esklusiboa da lurpeko sugea eta espezie endemiko bezala dago deskribatua, Afrika iparraldean dauden antzeko populazioak beste bi espezie berritan sailkatuak izan baitira. Iberiar penintsularen erdialdean eta hegoaldean da ugari, hots, zonalde mediterraneoan. Eremu bioklimatiko eurosiberiarretan berriz, hau da, iparralde heze osoan zitazio oso gutxi egin direlarik eta leku askotan banako bakar bat ere ez aurkitu.


Euskal Herrian, beraz, banaketa klima mediterraneodun gune batzuetara mugatzen da, zehazki, Nafarroa hegoaldekoak direlarik egin diren zitazio apurrak. Itxuraz ugaritasun txikia du, beraz,  espezie arrarotzat hartzen da gure herrian.


Dena dela, banaketa geografikoaren inguruan dagoen jakintza nahiko urria dela esan beharra dago. Izan ere, suge honen izaera kripitikoa eta lurpeko bizimodu nahiko hertsia direla tarteko, ezin izan da ugaritusun erlatiboaren eta populazioen banaketaren ganorazko informaziorik sortu.

Habitata

Espezie termofiloa izaki, Iberiar penintsulako ekosistema mota askotan bizi da, esklusiboki klima mediterraneoari lotuta. Hezetasun gutxiko gune epeletara lotuta bizi da, harri azpitan babestu ohi delarik, izaera karstikoa zein granitikoa duten lekuetan. Lehentausuna erakutsi du orbelez estalitako lur areatsuengatik, errazagoa baita bertan zuloak egin eta industea. Aldi berean, lurzoru bustintsuagoak ez ditu gogoko. Nekazal jarduerapean dauden lurzoruak ez ditu gogoko, humus geruza finegia baitaukate.


Artez (Quercus ilex), ipuruz (Juniperus sp.), haritzez (Quercus  sp.) nahiz pinuz (Pinus sp.) osatutako baso eta sastrakadi mediterraneotan bizi da. Belardiak eta, orokorrean, landare belarkarak saihestu egiten ditu, lurpeko bizimodua zaildu egiten baitute. Itsas mailatik hasi eta 1800 m-ko altuera tartean bizi da, 200-1000 m bitartean delarik ugarien.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Sustratuan, harri azpitan edo orbel artean babestuta bizi diren intsektuez elikatzen da geihen bat. Edonola, harrapari generalista samarra denaren frogarik ere badago eta intsektuen larbez, inurriz, kakalardoz, armiarmaz eta beste hainbat artropodoz elikatzen dela badakigu. Gutxi batzuetan sugalindak ere ehizatzen ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Udaberrian ugaltzen da, martxotik ekainera artean eta estalketak apirilean eta maiatzean gertatzen dira. Errunaldi bakarra dute, bat edo bi arrautzakoa. Arrautza bakoitzak 3 cm-ko luzeera eta 0,5 cm-ko zabalera izan ohi du batezbeste eta lurrean, errundako leku berean, bertan behera uzten dituzte.

Bizimodua

Bizi ohitura guztiz lurpekoak ditu, oso arraroa delarik lur azalean ikustea. Harri azpitan eta lurpean, sakonera txikian beti ere, eta udaberri nahiz uda garaian da aktibo. Leku epelenetan otsailetik azaroraino ere luzatu daiteke suge honen aktibitatea. Egunez bizi da, baina udako gauetan ere aktibo ager daiteke.


Gorputzeko tenperatura balio optimoetan mantentzeko sustratu barneko mugimendu bereziak egin eta tamaina ezberdineko harriak aukeratzen ditu.