Euskal Herriko hegazti harrapari gautar arruntena da ziurrenik urubia, ulu bereizgarri eta ezaguna duen espeziea. Tamaina ertaineko harraparia da, eta Europa guztian, Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean hedaturik dago. Batez ere baso hostoerorkorrei loturiko espeziea izan arren, askotariko habitatetan topa daiteke urubia, herrietako eta hirietako parkeetan barne. Ugaztun txikiez elikatu ohi da, eta ikusmen ona eta entzumen zorrotza erabiltzen ditu gauez ehizatu ahal izateko.
Urubia
Strix aluco

Phyluma: Chordata
Klasea:Aves
Ordena: Strigiformes
Familia: Strigidae
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc
Deskribapena
Tamaina ertaineko baina itxura sendoko hegazti harraparia da. 37-46 cm-ko luzera eta 80-100 cm-ko hego-zabalera izan ohi ditu, eta 380 eta 800 gramo bitarteko pisua. Dimorfismo sexual nabarmendun espeziea da, emeak arrak baino dezente handiagoak baitira; % 25 pisutsuago izatera iritsi daitezke. Kolorazio kriptikodun lumajea du, orban marroi ilun eta argiek osatua, sabelalde argiagoarekin. Burualde borobildua dauka, belarri-xerlorik gabea, eta disko faziala lau xamarra izan ohi da. Begiak, berriz, guztiz ilunak izan ohi dira.
Antzeko espezieak
Asio otus
Urubiak ez bezala, belarri-xerlo nabarmenak izan ohi ditu hontz ertainak, eta itxura orokorra askoz ere tenteagoa izan ohi du. Begien kolorea, gainera, horia da hontz ertainaren kasuan, eta guztiz beltza mozoloarenean.
Athene noctua
Mozoloa urubia baino txikiagoa da, eta urubiak bezala belarri-xerlorik ez duen arren, mozoloaren begiak horiak dira.
Bubo bubo
Antzeko hego-forma izan arren, hontz handia urubia baino askoz ere handiagoa da.
Banaketa
Eskualde Paleartikoan banaketa-eremu oso zabala duen espeziea da, Europako kontinente ia guztian (Eskandinavia iparraldean salbu), Afrika ipar-mendebaldean eta Asia erdialdean bizi baita. Iberiar penintsulako eremu guztian aurki daiteke, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herrian ere.

Habitata
Hostozabalen basoak eta baso mixtoak dira espezie honen bizileku nagusiak, baina arrunta da herri-inguruneetan eta hesi-bizidun eremuetan ere. Itsas mailatik 2800 metroko altueraraino aurki daiteke.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Zuhaitzetako adarretan edo bestelako pausagunetan ezarrita zelatatzen ditu harrapakin posibleak. Hegaldi astun eta geldoa duen espeziea da, baina abiadura falta hegaldi ixilarekin konpetsatzen du; gainerako hontz gehienek bezala, hegan egitean sortutako soinuak minimizatzen dituen lumaje berezia baitauka.
Lur-saguek eta satitsuek osatzen dute espezie honen dietaren zati nagusia, baina intsektu ugari ere ehizatzen ditu (Gooders, 1982). Harrapakinak osorik irensten ditu, eta digeritu ezin dituen harrapakinen zatiak egagropila izeneko hondar-multzotan kanporatzen ditu ahotik, hegazti askok egin ohi duten moduan.

Ugalketa eta ontogenia
Urubiek urtebeteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala, eta orokorrean portaera monogamoa izan ohi dute. Udazkenaren amaieran edo negu hasieran izaten da araldia, eta txitotze-sasoia negu amaieran hasi eta udaberrian zehar hedatzen da. Emeek 2-3 arrautza erruten dituzte normalean, 48×39 mm-ko tamaina eta 40 g inguruko pisua izan ohi dutenak. Emeek hilabete batez inkubatzen dituzte arrautzak. Txitoak altrizialak dira jaiotzean, eta 35-39 egun behar izaten dituzte lumajea garatzeko.
Txitoen biziraupen-arrakasta gurasoen adinarekin erlazionaturik dago; urubi helduek gazteek baino arrakasta handiagoa izaten dute ondorengoak aurrera ateratzeko orduan. Dirudienez, txitoentzako lortzen duten elikagai kantitate eta dibertsitate handiagoarengatik lortzen dute aipaturiko arrakasta (Sasvária et al., 2000).

Bizimodua
Zuhaitzetako zuloetan egin ohi du habia, nahiz eta noizbehinka beste hegazti batzuen habiak ere erabil ditzakeen. Utzitako eraikinetan eta arroketako zulo eta arrakaletan ere gordetzen da, neguan batez ere (Lack, 1986).
Espezie honen ohiko bizi-luzetasuna 4 urte ingurukoa da, nahiz eta inoiz ezagutu den urubirik zaharrenak 21 urte zituen.
Espezie honen ohiko bizi-luzetasuna 4 urte ingurukoa da, nahiz eta inoiz ezagutu den urubirik zaharrenak 21 urte zituen.