Txori txiki honek Euskal Herria udan baino ez du bisitatzen. Gainontzean Sahara hegoaldera bidaiatzen du bertako klima oparoaz gozatzera. Halere, erraza da euli-txori beltza ikustea intsektu bila etengabe ibiltzen baita harat-honat hegaka. Halaber, arren lumadiaren kontrasteagatik espeziea identifikatzea oso erraza da.
Euli-txori beltza
Ficedula hypoleuca

Deskribapena
Euli-txori beltza 12-13 cm-ko luzera eta 12-13 g inguruko pisua duen txori txiki bat da (txolarre bat baino apur bat txikiagoa). 21-24 cm arteko hego-zabalera, gorputz trinkoa, buru zabala eta moko mehea dauka (batik-bat intsektuak jaten dituenaren erakusle) (Morales, 2012).
Udazkenean eta neguan arra eta emearen lumadiak oso antzekoak dira: alde dortsala marroi-berdexka dute eta alde bentrala argiagoa (ikus goiko irudiko emea). Halaber, luma tertziarioak zuriak direnez hegaletan orban zuri bat ikusi dakieke (bilduta dauzkatenean goiko aldean). Arrek kopetan ere marka zuri bat daukate, mokoaren gainean. (Cramp eta Perrins, 1993; Mullarney et al, 2010).
Udaberrian, ordea, arraren lumadiak kontraste izugarria hartzen du. Izan ere alde dortsaleko lumak eta buztana ere beltzak izaten ditu garai honetan, eta alde bentrala zuri argia.
Iberiar penintsulako euli-txori beltzak Ficedula hypoleuca iberiae subespeziekoak dira, Europakoak baino apur bat txikiagoak dira eta luma tertziarioen orban txuria nabariagoa dute.
Antzeko espezieak
Euli-txori grisa (Muscicapa striata)
Morfologikoki antz handia baldin badute ere, koloreak zeharo desberdinak dira bi espezieotan. Hala ere, argitasun gutxiko egoeratan erraza da espezieok nahastea.
Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla)
Morfologikoki oso desberdinak dira bi espezieok, baina kantuan antza handia dute.
Banaketa


Habitata
Ugalketa garaian 1000 eta 1500 metro arteko altueran dauden baso heldu eta itxiak aukeratzen ditu, harizti, artadi eta pinudiak batez ere (Potti et al., 2005). Euskal Herrian nekazal lurren inguruetan ere aurkitu izan da (Álvarez et al., 1985).
Habia batez ere emeak egiten du eta horretarako inguruan aurkitzen dituen hosto eta enbor-azalak erabiltzen ditu (Moreno et al., 2009; Morales, 2012). Halaber, animalien ileak ere erabiltzen ditu arrautzak errungo diren lekua atontzeko. Nahiko arrunta da spezie hau habia-kutxak ere erabiltzen dituela ikustea. Horretarako, ordea, beste hegaztiek lehenago erabili ez dituztenak aukeratzen ditu; badirudi horrela ektoparasitoak saihesten dituela (Merino eta Potti, 1995).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Ugalketa-garaia arrak kumatze-lurraldera iristen direnean hasten da, apirila bukaeran. Bertan zuloren bat edo habia-kutxaren bat bilatzen dute eta bertatik kantuan hasten dira emeak erakartzeko asmoz. Gorteiuan konpetentzia handia dago eta maiz arrak euren artean borroka bizian ikus daitezke (Morales, 2012).

Arrautzak maiatza bukaera eta ekaina bukaera artean erruten dituzte. 3-7 arrautz artean erruten dituzte, kolore urdin-berde nabarmenekoak (ikus irudia). Arrautz hauek 2 astez inkubatzen dira (emeak soilik inkubatzen ditu). Jaiotakoan, txitei bi gurasoek ematen diete jaten 13-14 egunez. Jaio eta bi astetara txitek habia uzten dute, nahiz eta oraindik ere denbora batez gurasoengandik gertu ibiltzen baitiren.