Belatxinga mokohoria

Pyrrhocorax graculus

Korbidoen artean espezie menditarrena da belatxinga mokohoria, eta altuera handienetan ibiltzen den hegazti espezieetako bat da, Himalayan 5000 metroko altueratik gora egiten baitu habia. Dena den, askoz altuera baxuagoko mendietan ere ugaria da, eta Euskal Herriko mendigune nagusi guztietan aurki daiteke. Generokide duen belatxinga mokogorritik mokoaren koloreagatik eta kantuagatik bereiz daiteke.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1766

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da, 35-40 cm-ko luzera eta 65-75 cm-ko hego-zabaleraduna. 200 gramo inguruko pisua izan ohi du. Lumajea guztiz beltza da, hankak laranja kolorekoak eta mokoa hori argia. Ez dago sexuen arteko aldakortasun morfologikorik, nahiz eta arrak emeak baino handixeagoak izan ohi diren.

Antzeko espezieak

Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax)

Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, bien lumajea eta forma ia berdinak baitira. Belatxinga mokogorria, ordea, mokohoria baino handixeagoa da, eta kolore gorri biziko moko luzea du. Mokogorria mokohoria baino altuera baxuagoetan bizi ohi da.

Zozo arrunta (Turdus merula)

Bien lumajea -zozoaren kasuan arrarena- guztiz beltza izan arren, belatxinga mokohoria zozo arrunta baino dezente handiagoa da. Bien mokoak horiak dira, baina zozo arruntaren hanken kolorea ez da belatxingarena bezain bizia. Bestalde, bien banaketa-eremuak oso gutxi gainjartzen dira.

Banaketa

Eurasia erdi eta hegoaldeko (Kantauriar mendietatik Altai mendigunera), eta Afrika ipar-mendebaldeko (Atlas) mendietan bizi den espeziea da. Iberiar Penintsulako banaketa Kantauriar mendiek eta Pirinioek osatzen duten mendikatera mugaturik dago.

Euskal Herriko ingurune menditsu eta malkartsu guztietan aurki daiteke, batez ere, kareharri ugari azaleratzen den mendiguneetan; esaterako, Anboton, Aizkorrin, Aralarren edo Larran.

Habitata

Habia egiteko ingurune harkaitztsuei lotuta dago, eta elikagaiak larre irekitan bilatzen ditu. Ondorioz, goi-mendietako inguruneak hobesten ditu, larre alpetarrak eta harkaiztiak, batez ere. Neguan altuera baxuagoetan aurki daiteke, baina normalean, ingurune harritsuei lotuta mantentzen da (Laiolo et al. 2001).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Ingurune irekietan bilatzen du elikagaia, eta maiz talde handitan biltzen da. Intsektuez eta landareen haziez elikatzen da batez ere, baina aukera denean, beste edozein elikagai aprobetxatzeko gai ere bada (Rolando & Laiolo 1997). Udako dieta kakalardoek, barraskiloek eta matxinsaltoek osatzen dute batez ere. Ornogabeen eskuragarritasunak behera egiten duenean, ordea, landaren fruituez eta haziez elikatzen dira.

Elikagai bila 20 km urrun daitezke habiatik, eta 1500 metrotik gorako altuera-aldaketak egin ditzakete.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie monogamoa da. Emeak orban grisdun 3-5 arrautza zuri erruten ditu udaberriaren amaieran edo uda hasieran, eta berak inkubatzen ditu arrautzak bi edo hiru astez. Kumeak lumatxa ugarirekin jaiotzen dira, eta hilabete ingururen buruan garatzen dute hegan egitea ahalbidetzen dien lumajea. Txitoak bi gurasoek elikatzen dituzte, baina inguruan txitotzen duten beste bikote batzuk ere elikatu ditzakete.

Bizimodua

Espezie monogamoa izan arren, belatxinga mokohoriak talde handitan biltzen dira maiz habiak-multzoak ezartzeko. Batez ere amildegietako arrakalak eta erlaitzak erabiltzen dituzten arren, leizeetan ere topa daitezke. Nafarroako Pirinioetako hainbat kobatan ehunka belatxinga kontatu dira.

Goi-mendietako baldintza atmosferiko zailetan ondo moldatzeko moduko hegaldi arin eta maniobrakorra du. Haize handiarekin hegan egiteko gai da, eta planeatze luzeak zein bat-bateko amiltzeak egin ditzake.

Espezie honen bizi-luzetasuna 5-10 urte bitartekoa dela estimatzen da (Hume 2009).