Arratoi arrunta

Rattus norvegicus

Arratoi arrunta ia mundu guztian hedaturik dagoen arratoia da gune urbanoetan zein landa eremuetan aurki baitateke eta sarri bere populazioen kontrola burutzea zaila izaten da. Arratoi honek begi txikiak eta mutur borobilduak ditu. Gazteen ilea gris iluna den bitartean, helduena gris-arrea da alde dortsalean eta gris-horia alde bentralean.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Berkenhout, 1769
Estatusa: lc

Deskribapena

Arratoi arruntak begi txikiak eta mutur borobildua ditu. Belarriak luzatzen dituenean ez zaizkio begien ertzeraino iristen eta arratoi beltza (Rattus rattus) baino handiagoa da. Buruaren eta gorputzaren luzera 20-28 cm-koa da eta isatsaren luzera (17-23 cm) gorputzarena baino laburragoa da (arkive.org). Emeak arrak baino zertxobait txikiagoak izan ohi dira eta sei ugatz pare dituzte: hiru pektoral eta hiru inginal (Palomo et al. 2007).


Indibiduo gazteen ilea gris iluna da gorputz osoan zehar, baina helduen alde dortsala gris-arrea izan ohi da eta alde bentrala gris-horia (Palomo et al. 2007).

Antzeko espezieak

Rattus rattus

Rattus rattus (arratoi beltza) tamainaz txikiagoa da, baina isatsa gorputza baino luzeagoa du. Begi handiak eta mutur zorrotza ditu.

Banaketa

Lurreko gune urbano guztietan zehar banaturik dago, gune tropikal eta subtropikal batzuetan izan ezik. Jatorriz Txinatarra da eta Europa eta Ipar Amerika XVIII. mendean kolonizatu zituen itsasontziei esker R. rattus-ekin batera, mundu guztia kolonizatzera iritsiz (Palomo et al. 2007).

Habitata

Itsas-mailatik 1.000m-ko altueraraino gune urbano zein landatarrean aurki daiteke, batez ere zaborrontzi, estolda, alkantarila, soto eta lur-azpiko zuloetan. Portu eta kostako inguruetan ere maiz ageri da (Palomo et al. 2007).

Populazio basatiak ere aurkitzen dira, betiere ur ugariko guneetan, esaterako, sail ureztatuetan, paduretan eta arroz-soroetan. Igerilari ona denez, uretako arratoiaren (Arvicola sapidus) habitata ere ordezka dezake (Palomo et al. 2007).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Omniboro oportunista da arratoi arrunta. Gune urbanoetan zabor eta hondakinez elikatzen bada ere, landan fruituak, barazkiak, hainbat ornogabe, sarraskia, ornodun txikiak, arrautzak eta habia lurrean duten hegati kumeak kontsumitzen ditu besteak beste (Pamolo et al. 2007).

Ugalketa eta ontogenia

Gune urbanoetan, elikadura eta ingurune egonkorretan, urte guztian zehar ugaldu daiteke R. norvegicus. Landa eremuetako populazioetan ziklo sexuala urtarokoa da, arratoi beltzaren zikloaren antzekoa.

Ernaldiak 21-25 egun irauten ditu eta 11-14 kume erditzen ditu eme bakoitzak. Arratoitxoek 22 egunez hartzen dutenez esnea urtean 6-7 kumaldi izan ditzakete. Heldutasun sexuala 8-12 asterekin lortzen dute eta emeak soilik zaintzen ditu kumeak (Palomo et al. 2007).

Bizimodua

Nagusiki gautarra bada ere, egunez ere mugitu ohi da arratoi arrunta. Lurraren gainean ibili ohi bada ere, jauzilari, eskalatzaile eta igerilari oso ona da (arkive.org). Ar dominatzaileaz, menpeko ar batzuez eta emeen haren batez osaturiko familiatan bizi da. Arrek gordelekuaren ingurua zaintzen duten bitartean emeek habia zaintzen dute. Dentsitate altuko familietan hierarkiaren arabera elikatzen dira. Basatiek ez dituzte 18 hilabete gainditzen, baina kautibitatean 3 urte bizi daitezke (Palomo et al. 2007).