Floridako apoarmatua

Trachemys scripta

Floridako apoarmatu hau guztiongandik ezaguna da, izan ere etxeko animali bezala komertzializatzen da, eta abere-denda guztietan ikus dezakegu. Jatorriz Amerikako espeziea da, baina komertzializazioaren ondorioz munduko toki askotara zabaldu da; ur inguruneetan askatua izan da, eta gaur egun espezie inbaditzaile garrantzitsu bat bezala ezaguntzen da. Espezie honek hainbat subespezie ditu, eta hemen hauetako bi aurki ditzakegu: Trachemys scripta subsp. scripta, Schoepff 1792, eta Trachemys scripta subsp. elegans (Wied, 1839).

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Schoepff, 1792
Estatusa: lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko apoarmatua da, eta buruaren alde bakoitzean duen lerro deigarriarengatik bereizten da beste apoarmatuetatik: subespezie batek (T. scripta scripa) lerro tenporal horia du, eta besteak berriz (T. scripta elegans) gorri-laranja koloreko lerro bat du. Azala oliba-berde kolorekoa dute, eta banako gehienek lerro horiak dituzte gorputz guztian zehar, baita hanketan eta lepoan ere. Lepoaren azpikaldeko marra horiak ahoaren behekaldean elkartzen dira, Y forma hartuz, eta buru gainetik doazen lerro horiak berriz muturrean elkartzen dira, konbergenteki. Oskola obalatua da, eta honen atzeko aldean ertzak zerratuak agertzen dira. kolore berde-marroixka du, eta marra horiak eta orbain beltzak tartekatzen dira oskol guztian zehar.


Dimorfismo sexuala agertzen da, emeak arrak baino handiagoak izanik. Ar heldutasun sexuala lortzen dutenean oskol gaineko koloredun marra eta orbanak desagertu egiten dira, oskolak kolore berde iluna hartuz. (Martínez-Silvestre et al. 2011).

Antzeko espezieak

Mauremys leprosa

Nahiz eta Floridako Apoarmatuak ezaugarri nahiko nabarmenak dituen, arrek heldutasun sexuala lortzen dutenean oskoleko kolorazioa eta lerro tenporal nabarmena (horia zein laranja) galtzen dute. Honen ondorioz,  apoarmatu korrontezalearekin (Mauremys leprosa) nahastu daiteke (Martínez-Silvestre et al., 2011).

Banaketa

Jatorriz Estatu Batuetako ekialdekoa den arren, Asia, Europa eta Afrikako hainbat tokitara zabaldu izan da esportaziorako. Animalia hauek naturan askatuak izan dira eta hainbat tokitara ondo moldatu dira. Espainia, Frantzia eta Italian esate baterako, naturan ugaltzeko gai direla ikusi da.

Habitata

Trachemys scripta ur gezetako hainbat ur-ingurunetan bizi da: erreka, urmael, ubide, urtegi etab., baina aukeran nahiago dituzte ur lasaiak: 1 edo 2 metroko sakonera dutenak, landaredi dentsitate handikoak eta eguzkia hartzeko toki egokiak dituztenak. Herrietako parkeetako putzu artifizialetan ere aurkitu daitezke maiz.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Ur-ingurunetan aurkitu daitekeen ia guztia jaten du: arrain txiki, zapaburu edo igelez elikatzen da, eta intsektu edo landareak ere jaten dituela ikusi da. Harrapatzen dituen animaliak txikiak badira osorik irensten ditu, eta handiagoak badira aurreko soinadarren laguntzaz apurtzen ditu. Harrapakina nagusiki bistaz nabaritzen du, baina usaimena ere oso garrantzitsua dela ikusi da.

Ugalketa eta ontogenia

Heldutasun sexuala hainbat ezaugarri fisiko aldatzearekin batera lortzen da. Arretan, atzazkalak asko hazten dira eta buztanaren luzapena ematen da, eta behin heldutasun sexuala lortutakoan hazkuntza-tasa asko jaisten da. Emeetan ere heldutasun sexuala lortzean hazkuntza-tasa jaitsi egiten da.


Gorteiua uretan ematen da: arrak eme bat aurkitzen duenean bere atzean jartzen da eta kloaka usaintzen dio; gero, bikotearen aurreko aldera egiten du igeri, bere aurpegia emearen aupegiaren parean jarriz. Arrak besoak  gorputzaren aurrerantz luzatzen ditu, eskumuturrak buru gainean dituelarik esku ahurrak kanporantz jarriz. Momentu honetan emea geldirik gelditzen da, eta arrak emea kitzikatzen du eskuen bidez emearen buruan (begi ondoan) bibrazio bat sortuz. Emeak burua atzeratzen du, eta begiak ixten ditu. Kitzikatze honen iraupena aldakorra da, eta arrak emearen burua laztantzeari uzten dionean bere ondoan jartzen da emea estaltzeko intentzioarekin. Normalean emeak pasibotasuna erakusten du gorteiu guztian zehar, pixkanaka pixkanaka bere gorputza uretan hondoratzen utziz. Hainbat arrek eme bera gorteiatzen dute, eta nahiz eta arren arteko borrokarik ez egon, apoarmatu handiek abantaila dute apoarmatu txikien aurrean. (Ernst & Lovich 2009)


Sexu determinazioa ez da geneen bidezkoa, arrautzek inkubazioan jasotako beroaren araberakoa da. Erlatiboki tenperatura altuetan egondako arrautzetatik ale emeak jaioko dira, eta tenperatura baxuetan egondakoetatik berriz ale arrak. Sexuaren determinazioa tenperaturaren potentziak bultzatuko du, hau da, tenperatura geroz eta beroagoa edo geroz eta hotzagoa izan, honek erreakzio kaskada bat eratuko du sexu jakin baterantz edo besterantz, azkenik eme bat edo ar bat eratuz (Wibbels et al. 1998).

Bizimodua

T. scripta eguneko espeziea da. Lo daudenean (orokorrean gauez), normalean burua, gorputz-adarrak eta buztana oskolaren barnean izaten dituzte, horrela babestuago egonez. Lo ur-hondoan egin dezakete, edo baita ur gainean flotatzen ere. Egunean zeharreko bizitzari dagokionez, beraien eginkizunik ohikoena eguzkia hartzea da. Honen funtziorik nagusiena termoerregulazioa da, nahiz eta bestelako abantaila batzuk ere badituen.


Bere banaketaren hegoaldeko tokietan (Amerikako banaketari dagokiola) apoarmatuak urte guztian zehar daude aktibo; baina latitudean iparraldera joan ahala, apoarmatuek neguan hibernazioa burutzen dute. Sexu desberdinen artean ere bizi-ziklo desberdinak nabari daitezke: emea aktiboagoa da habiaratze garaian, eta ikusi da garai honetan denbora gehiago pasatzen duela eguzkipean etzanda. Arrak berriz, udazken inguruan izaten dira aktiboagoak (agian ugalketaren bultzadari erantzunez). Hibernazioari dagokionez, tenperatura 10ºC baino baxuagoa denean inaktibo bihurtzen dira, eta normalean musketadun arratoiaren (Ondrata zibethicus) habietan, enbor hutsen barnean edo bestelako toki babestuetan pasatzen dute garai hau. Batzuetan, neguko garaiak oso desfaboragarriak badira (bereziki uraren tenperatura asko jaisten bada) apoarmatuak izoztu eta hil egiten dira. Loaldian zehar, beraien odolaren koagulazioa asko emendatzen da, eta gorputz osoko odolaren fluxua asko moteltzen da, baina ez da eteten. (Ernst & Lovich 2009).