Daukan kolorazio berezia dela eta du, hain zuzen ere, duen izena suge berde-horiak (Hierophis viridiflavus): atzealde edo hondo iluna, maiz berdexka, orbain horiz apaindua. EAEn, oso urria da gainontzeko sugeen ugaritasunarekin alderatuz gero eta interes bereziko espezie gisa katalogatua dago. Penintsula mailan ere arriskuan dagoen espezie gisa ezagutzen da. Honen arrazoi nagusienetariko bat urtero kotxeek harrapaturik hiltzen den banako kopuru handia da. Nahiko espezie oldarkorra da eta oso trebea eta azkarra mugimenduetan.
Suge berde horia
Hierophis viridiflavus

Deskribapena
Tamaina ertaineko sugea da Hierophis viridiflavus, 1.000 eta 1.500 mm artean izan ditzakeelarik burua eta uzkia bitartean. Itxura liraina du oso suge honek, lepoalde eta isatsaren itxurak eraginda batez ere. Burua txiki eta ongi definitua du, begi-nini bertikalak dituzten begi irtenekin. Gorputza ezkata leunez estalia du.
Alde dortsala beltz edo berde ilun kolorekoa izaten du eta hondo ilun honen gainean orbain horiak izaten ditu, gorputzaren aurre aldean bereziki nabarmentzen direnak. Alde bentrala eta baita albo-aldeak ere, ostera, kolore argikoak izaten ditu: horixkak, berdexkak edo zurixkak, kasuan kasu. Hau horrela izanik ere, sarritan ikusten dira kolore-patroi hau aurkeztu beharrean guztiz ilunak diren banakoak ere. Aipatzekoa da jubeniletan oso bereizgarria den kolore-patroia izaten dutela buruan: orbain ilunak aurkezten dituzte marra hori sendoz definituak, eta eratzen den irudi edo diseinua ia guztiz simetrikoa izan ohi da buruaren alde bietan. Gorputzaren gainontzekoa gris argi edo oliba kolorekoa izan ohi dute heldu izatera iritsi bitartean.
Oro har, arrak emeak baino handixeagoak izaten dira.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Mendebaldeko mediterranear itsasoaren eraginpean dauden europar estatu gehienetan aurki daiteke suge berde-horia: Frantzia, Espainia, Andorra, Suitza, Italia, Eslovenia eta Kroazia. Baita zenbait uhartetan ere: Malta, Korsika, Sardinia, Sizilia eta beste hainbat uharte txiki.
Iberiar penintsulari dagokionean, Gipuzkoatik hasi eta Gironara arte aurki daiteke, betiere Pirinioetan zehar. Egia esan, baina, banaketa hau ez da guztiz jarraia. Izan ere, Nafarroa eta Huesca hartzen dituen 80 km-ko (gutxi gora-behera) tarte batean zehar, orain arte behintzat, ez da suge berde-horirik behatu. Beraz, bi populazio bereiz daitezke: bata Gipuzkoa eta Nafarroa mendebaldea hartzen dituena, eta bestea, berriz, Huesca ekialdea eta Katalunian zehar hedatzen dena. Bi azpi-populazio hauen fluxua, hala ere, Frantziar Pirinioetan zehar bermatua dago.


Habitata
Ingurune irekiak ditu gustuko suge honek, gune harritsuak eta sastrakadi baxua nahasten badira, hobe. Oro har, gune idor eta eguzkitsuetan oso ongi moldatzen da, baina, sastrakadi zein baso irekitan aurki daiteke: pinudiak, pagadiak, hariztiak, baso-mixtoak zein erreka bazterretako basoak. Hala ere, zelai hezeetan ere aurki daiteke inoiz. 1.500-2.000 metrotan du goi-muga suge honen banaketa esparruak.
Gune antropikoei dagokienean, Pirinioetako zenbait bailaratan geroz eta ugariagoak diren bainuetxe termaletan agertu izan da.