Erbinudea

Mustela nivalis

Erbinudea karniboroen ordeneko espezierik txikiena izan arren, ehiztari bikaina. Iberiar Penintsulan ilajea ez zaio aldatzen neguan, baina latitude altuagoetan, kolore zuria hartzen du urteko hilabeterik hotzenetan. Mundu osoan espeziea 10 subespezietan banatzen dela adostua dago, baina azterketa filogenetiko berrienek erbinudearen taxonomian aldaketak ekarriko dituzte datozen urteetan.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1766
Estatusa: lc

Deskribapena

Erbinudearen ilea motza da, marroi argia alde dortsalean eta zuria bentralean, bi koloreak lerro zuzen batek banatzen dituelarik. Gorputza luzanga, buru estua, lepo luzea eta hanka motzak ditu. Buztana motza dela esan daiteke, gorputzaren % 30eko luzera eduki ohi baitu. Oinak zuriak edo kolorazio dortsalekoak izan daitezke. Dimorfismo sexual nabarmeneko espeziea da: arrek 92 – 263 g-ko pisua eta, buztana barne, 223 – 356 mm-ko luzeera izaten dute, eta emeek berriz 65 – 90,5 g-ko pisua eta 220 – 270 mm-ko luzeera.

Antzeko espezieak

Erbinude zuria (Mustela erminea)

Formaz oso antzekoak diren arren, erbinude zuria handiagoa da. Erbinude zuriaren buztan puntako orban beltza ere ezaugarri ona da bi espezieak desberdintzeko. Gure latitudean erbinudearen ilajea ez da aldatzen neguan, marroia da urte osoan zehar, beraz, neguan mustelido txiki zuri bat ikusten badugu, erbinude zuria izango da zalantzarik gabe.

Lepazuria (Martes foina) eta lepahoria (Martes martes)

Lepahori eta lepazuriaren azpialdeko orbana lepo ingurura mugatzen da, erbinude zuriarena, aldiz, azpialde osoan zabaltzen da.

Banaketa

Banaketa Holartikoko espeziea da. Europan, Islandian eta Irlandan ezik beste toki guztietan bizi da, nahiz eta Mediterraneoko zenbait irlatan (Mallorca, Menorca, Sardinia, Korsika, Sizilia eta Kreta) topa daiteken iraganean gizakiak bertara eraman izanagatik.

Habitata

Habitata mikrougaztunen ugaritasunaren arabera aukeratzen du. Itsas mailatik 2.500 metrora aurki daiteke, baso irekietan, landa-lurretan, baserri inguruetan, zelaietan, ibaiertzeko basoetan eta goi-mediko larretan bizi da. Belar estaldura proportzio altuko habitatak aukeratzen ditu, harrapakinen ugaritasun handiagoarekin eta predatzaileekiko babesarekin erlaizionatuta.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Erbinudea hertsiki karniboroa da eta mikrougaztunen ehizan espezialista, baina dietaren konposaketa zehatza tokiko harrapakinen dibertsiatearen araberakoa da. Harrapakinak garezurraren oinarriraino iristen den garondoan egindako hozkada batez hiltzen ditu. “Superplus killing” portaera duela esaten da, hau da, harrapakinen mugimenduei erantzuten die eta aseta egon arren, ahitu arte hil dezake.


Mikrougaztunak urriak direnean untxi, hegazti eta arrautzez elika daiteke. Noizean behin intsektuak, narrastiak, anfibioak, zizareak eta sarraskia era jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Ezarpen atzeratua gertatzen ez den mustelido bakarretakoa da erbinudea. Araldiaren maximoa udaberrian da eta kumeak, 4-8 inguru, 35 eguneko ernaldiaren ostean jaiotzen dira. Edoskitzeak 7 aste irauten ditu eta 2. edo 3. hilabetean gazteak independizatu arren, heldutasun sexuala aste batzuk beranduago eskuratzen dute. Harrapakinen eskuragarritasunaren arabera, urtearen gehiengoan mantendu daiteke sexualki aktibo eta urtean bi kumaldi izatera irits daiteke.

Bizimodua

Erbinudea animalia lurraldekoaia eta bakartia da. Kumeak jaio eta bi hilabetera amarengandik banantzen dira eta indibiduo bakoitzak bere lurraldea aktiboki defendatzen du. Arren lurraldeak handiagoak dira, eta zenbait emeren lurraldeak barneratzen ditu. Araldian mugak malguagoak dira, eta arrak eme bila beren lurraldetik atera eta urrundu egiten dira. Erbinudea egun guztian zehar mantetzen da aktibo, mugimendu eta deskantsu tarteak txandakatuz. Neguan ez du lozorrorik egiten baina udaberrian emeek aktibitatea jeisten dute ernaldian zehar energia aurrezteko.


Karraskariek edo beste ugaztun txikiek egindako zuloak erabiltzen dituzte gordeleku moduan, baita eroritako enborrak, harrizko paretak… ere.