Bere familiakoen artean txikiena, Euskal Herriko ugaztun ñimiñoenetarikoa da satitsu txikia. Generokideekin antzekotasun handia du, satitsu buztankarratuarekin batez ere, baina azken hori ez dago Euskal Herrian. Banaketa kontinental zabala duen espeziea da, eta gure ingurunean Nafarroako Erriberan salbu, gainerako lurralde guztian aurki daiteke.
Satitsu txikia
Sorex minutus

Phyluma: Chordata
Klasea:Mammalia
Ordena: Eulipotyphla
Familia: Soricidae
Klasifikazioa: Linnaeus, 1766
Estatusa: lc
Deskribapena
Euskal Herrian aurki daitekeen Soricidae familiako espezierik txikiena da, gorputzaren luzera nekez iristen baita 6 cm-ra. Buztanaren luzera, berriz 4 cm ingurukoa izan ohi da. 3-7 gramoko pisua izan ohi dute animaliok. Morfologikoki gainerako sorizidoen oso antzekoa da, nahiz eta espezie honen burua gorputzarekiko txikiagoa izan ohi den. Bi koloretako ilajea du, eta kolorazioa sasoiaren arabera aldatzen da. Udan bizkarraldea arre kolorekoa izan ohi da, eta sabelaldea grisa; gazteek neguan ere kolorazio hori mantentzen dute. Neguko helduen kolorazioa ilunagoa izan ohi da. Hiru ugatz izan ohi dituzte iztaietan.
Antzeko espezieak
Millet satitsua (Sorex coronatus)
Antzekotasun handia izan arren, Millet satitsuaren kolorazioa hiru kolorekoa da. Bizkarralde arrearen eta sabelalde grisaren artean kolore argiagoko orban bat izan ohi dute. Bestalde, satitsu txikia baino handiagoa da Millet satitsua.
Banaketa
Eurasiako kontinentean hedaturiko espeziea da, Portugaldik Txina eta Errusia ekialderaino, nahiz eta bere banaketa ez den Ozeano Pazifikoko kostaldera iristen. Banaketaren hegoaldeko lurraldeetan mendiguneetara mugaturiko espeziea da, ez baititu lehorteak eta bero handiak jasaten. Horren erakusle da Iberiar Penintsulan duen banaketa, non Kantauriar isurialdean, Pirinioetan eta Sistema Zentraleko mendietan besterik ez den agertzen.
Euskal Herriko ia lurralde osoan aurki daiteke espezie hau, Nafarroako Erriberan salbu. Iberiar Penintsulan 2000 metroko altueraraino harrapatu den espeziea da (Palomo et al. 2007), eta Alpeetan 2300 metroko altueraraino aurkitu da (Spitzenberger 2002)
Euskal Herriko ia lurralde osoan aurki daiteke espezie hau, Nafarroako Erriberan salbu. Iberiar Penintsulan 2000 metroko altueraraino harrapatu den espeziea da (Palomo et al. 2007), eta Alpeetan 2300 metroko altueraraino aurkitu da (Spitzenberger 2002)


Habitata
Askotariko habitatetan topa daitekeen espeziea da, baina gutxieneko hezetasun-maila konstantea mantentzen duten inguruneetan bakarrik aurki daiteke. Urteko prezipitazio-tasa 600 mm-tik gorakoa izan behar dela estimatzen da (Palomo et al. 2007), eta ingurune hezeak hobesten ditu (Mitchell-Jones et al. 1999).
Zelaietan eta basoetan aurki daiteke, eta harrizko egituretan gorde ohi da, hesietan edo hormatan, esaterako. Lur gaineko bizitza egiten duenez, landare-estaldura handiko lekuak hobesten ditu, harrapariengandik gorde ahal izateko.
Zelaietan eta basoetan aurki daiteke, eta harrizko egituretan gorde ohi da, hesietan edo hormatan, esaterako. Lur gaineko bizitza egiten duenez, landare-estaldura handiko lekuak hobesten ditu, harrapariengandik gorde ahal izateko.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Espezie karniboroa da, eta ornogabe lurtarretan oinarrituriko dieta izan ohi du. Milazangoak, armiarmak, kakalardoak eta lepidopteroen beldarrak irensten dituzte batez ere (Mitchell-Jones et al. 1999). Gatibutzan egindako esperimentuek egunean norbere pisua halako 1,25 janari irensten dutela erakutsi dute (Palomo et al. 2007).
Ugalketa eta ontogenia
Ugal sasoia apiriletik irailera bitartean hedatzen da. Emeek 22-25 eguneko ernaldia izaten dute, eta 2-8 kume izan ohi dituzte. Kumeeak altrizialak izan ohi dira, eta 0,3 gramo inguru pisatu ohi dute. Ilajea pare bat asteren buruan garatzen dute, eta begiak 18 egun igaro ostean irekitzen dituzte. Hiru bat astez edoskitzen dute, eta esnea hartzeari utzi eta berehala dispersatzen dira lurralde bila. Heldutasun sexuala bigarren urtaren hasieran lortzen dute (Palomo et al. 2007).
Bizimodua
Espezie bakarti eta lurraldekoia da, nahikoa oldarkorra. Udazkenean eta neguan nork bere lurraldea sutsuki defendatzen du, baina ugal sasoian eme bila aritzen dira arrak euren lurraldeak alde batera utzita. Egunez zein gauez mantentzen da espezie hau aktibo, eta habiaren inguruan aktibitate-tarte motzak izaten ditu (Palomo et al. 2007).
Bizi-luzetasuna 13-16 hilabetekoa izan ohi da, nahiz eta kumeen %50 baino gehiago lehen urte erdian hiltzen den (Palomo et al. 2007).
Bizi-luzetasuna 13-16 hilabetekoa izan ohi da, nahiz eta kumeen %50 baino gehiago lehen urte erdian hiltzen den (Palomo et al. 2007).