Ahate lapatia
Lepadogaster lepadogaster

Deskribapena
8 zentimetroak inoiz gainditzen ez dituzten arrain txikiak dira ahate lapatiak: 5-7 cm-koak. Gorputza laututa dute dortsobentralki: buru zapala dute, gorputza baino zabalagoa, gehien bat ahoaren amaiera aldean. Horregatik, mutur triangularra aurkezten dute, hauen aurpegierari ahate mokoaren antza ematen diena. Zapaburuen antza ere duela esan daiteke.
Baraila luzeak dauzkate, goikoa behekoa baino luzeagoa. Hortzak gogorrak izaten dituzte, aurre aldean hortz lerro ugari dituzte, eta aldeetan lerro bakarra. Ezpainak, oso haragitsuak izaten dira.
Oso begi biziak aurkezten dituzte, burutik pixka bat irtenak, horizontalean bertikalean baino diametro handiagoa dutenak, eta bizkar-aldean kokatuak. Hauen aurrealdean, sudur-hobien inguruan, luma edo tentakulu sentikor berezi batzuk dituzte.
Sabelalde laua dute, zeinean topatzen diren hegats bentralak –pelbikoak– eraldatuak izan diren, substratura edo arroketara itsastea ahalbidetuko dien bentosa bat eratuz. Bentosaren aurre-aldea hegats pelbikoen eraldaketaz sortua izan den arren, atze-aldea azalaren tolesdura batetatik datorrela jakina da. Ezaugarri bereizgarri honengatik, maiz, ‘bentosa-arraina’ gisa ere izendatu izan da.
Bizkar-hegatsa (16-20 erradio bigunekoa), uzki-hegatsa (9-11 erradio bigunekoa) eta buztan-aldeko hegatsa baturik ageri dira. Bular-hegatsak aldiz aurrekoengandik aske daude (20-25 erradio bigunekoa).
Ahate lapatiak duen beste berezitasunetako bat, ezkatarik ez aurkeztearena da. Baina babespeko egoera lortzeko, substantzia mukitsu ugariz inguratuta daude.
Uzkiaren atze-aldean, papila genital bat aurkezten dute. Arrak, honetaz baliatzen dira barne-ernalketa burutzeko: emearen uzkitik barneratzen dituzte euren gametoak.
Arrain honen ezaugarri berezia, igeri-maskuririk eza da: Bere bizimodu bentonikoaz jabeturik, bistakoa da honen beharrik ez duela.
Kolore aldetik, oso aldakorrak izaten dira. Gehienetan, bizkar aldean fondo berdexka izaten dute, eta sabel aldean horixka, banda eta orban marroi, gorri edota moreekin. Oso ohikoa da begien atzekaldean pare bat puntu urdin azaltzea, marra gorri, hori edo beltz batez inguraturik (Gibson et al., 2001; http://eol.org; Pérez eta Talledo, 2000).
Antzeko espezieak
Lepadogaster candolii Risso, 1810
Espezie hau antzekoa da morfologikoki. Hurrengo ezaugarri hauek erabil daitezke espezie biak bereizteko: L. candolii espezieak bizkar-, uzki- eta buztan-hegatsak ez ditu baturik, eta begi inguruan ere ez ditu ez tentakulu sentikorrak, ez puntu urdinak azaltzen. Horrez gain, berezitasun bat da burua altxatzeko duen gaitasuna (Gibson et al., 2001; Pérez eta Talledo, 2000).
Diplecogaster bimaculata Bonnaterre, 1788
Espezie hau ere antzekoa da, baina honek buru motzagoa azaltzen du eta muturra ez du zapala (ez du ahate mokoaren itxurarik). Honen hegatsak motzagoak dira eta arrak purpura koloreko orbana azaltzen du bular-hegatsean (Gibson et al., 2001).
Banaketa
Itsaso beltzean, Bretainian eta Europan topa daiteke espezie hau. Gainera, asko ikusten da Greziako, Irlandako, Israeleko, Portugaleko, Espainiako eta Erresuma Batuko zona ekonomikoan (www.marinespecies.org). Kantauriar eta mediterranear kostetako arroketan maiz agertzen den espeziea da (www.itsasobizia.org). Hala ere, Europa mendebaldean agertzen diren indibiduoak, purpurea subespeziekoak izaten dira (www.asturnatura.com).
Euskal Herriko marea-arteko gunean oso espezie ohikoa da. Bereziki ugaria izaten da gune arrokatsu eta hondartza askotan (Ondarretan, Kontxan, Zumaian, …) (Pérez eta Talledo, 2000).
Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Bizimodua
Lepadogaster lepadogaster, bizimodu sedentarioa eta bentonikoa daraman eta marearteko gune litoralean topatzen den arraina da. Igerilari txarrak dira, eta sakonera gutxiko guneetan bizi izaten da: 2-12 metro baino sakonera txikiagoko guneetan. Normalean, arroken azpian egoten dira, ezkutaturik: itsas korronteek eta olatuek eramatea saihesteko, arroketan tinko finkatzen dira, hegats bentralek osatzen duten bentosaren bidez. Egunean zehar ezkutaturik egoten dira, eta gauetan ateratzen dira ezkutalekuetatik.
Kasu askotan, marea beherak direnean, uretatik kanpo geratzen dira, babestuta zeuden arroken azpian. Marea berriro ere igo arte bizirautea lortzen dute hezetasun pixka batekin edo txertatuta dauden arroka eta euren artean geratzen den ur xafla mehe batekin. Pausagunean, buztana tolesteko ohitura dute.