Stenella generoko espezierik handiena da izurde marraduna. Mundu osoko itsaso epel eta tropikaletan bizi da, eta Kantauri itsasoko zetazeo espezierik ugariena da izurde arruntarekin batera. Hala ere, gutxitan hurbiltzen da kostaldera, ohitura pelagikoko espeziea baita.
Izurde marraduna
Stenella coeruleoalba

Deskribapena
Espezie hau izurde arruntaren oso antzekoa da, baina hau baino handiagoa. 2,20 metro inguruko luzera izaten du, ar batzuk 2,50 metrora ere irits daitezkeen arren. Normalean 100 kg-ko pisua dauka, baina handienek 125 kg ere pisatzen dute. Izurde arruntak baino gorputz lirainagoa eta buru konkortsuagoa dauka, mutur luze eta ilunean amaitua, eta ahoa 45-50 hortz parez horniturik dago. Alde dortsala gris urdinxka da, eta alde bentrala zuria edo arrosa argia. Alde laterala, berriz, gris argia da. Gorputzaren alde banatan hiru marra beltz mehe erakusten ditu, begitik hasten direnak. Horietako bi hegats pektoralerantz doaz eta hirugarrenak gorputz osoa zeharkatzen du eskualde analean bukatuz. Hegats pektoralak ilunak eta meheak dira, puntan amaituak, eta hegats dortsalak igitai itxura dauka. Hau nahiko handia da gorputzaren tamainarekin konparatuz, eta gorputzaren erdialdean kokaturik dago. Isats txiki grisa dauka, ertz puntadunekin.
Izurde hau igerilari azkarra da, 15 km orduko abiadurara iritsiz. Oso aktiboa da; ur azalaren gainetik zazpi metrorainoko saltoak ematen ditu, eta akrobazia ikusgarriak egiteko gai da.
Antzeko espezieak
Delphinus delphis
Izurde arruntak hareazko erloju baten formako irudia dauka alboetan, izurde marradunak ez bezala. Tamaina aldetik, izurde arrunta txikiagoa izan ohi da.