Sator itxu iberiarra

Talpa occidentalis

Euskal Herriko bi sator espezieen artean ezezagunena da sator itxua. Gure lurraldearen mendebaldeko ertzean soilik topa daiteke, nahiz eta espeziearen banaketa ia Iberiar Penintsula guztian hedaturik dagoen, ipar-ekialdeko eremua salbu. Sator arrunta baino txikixeagoa da, eta hainbat urtez horren subespezietzat jo izan da; gaur egun, ordea, espezie kategoria esleitzen zaio. Ez da italiako sator itxuarekin (Talpa caeca) nahastu behar.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Cabrera, 1907
Estatusa: lc

Deskribapena

Sator arruntaren antzera, lurpeko bizitzara guztiz moldaturiko espeziea da. Gorputzaren luzera 10-13 cm bitartekoa da, eta buztan motzak ez du 3,5 cm baino luzera handiagoa izan ohi. 34 eta 66 gramo bitarteko pisua izan ohi dute, eta emeak handiagoak dira normalean. Belarriak eta begiak ile artean ezkutatuta dauzkate eta, gainerako ia ezaugarri guztietan gertatu bezala, sator arruntarekiko antzekotasuna oso handia da.

Antzeko espezieak

Sator arrunta (Talpa europaea)

Morfologikoki oso antzekoak dira bi sator espezieak, nahiz eta sator itxua normalean txikiagoa izan ohi den. Bi espezieak behar bezala identifikatzeko neurketa kraniometrikoetara edo analisi molekularretara jotzea ezinbestekoa da.

Banaketa

Iberiar Penintsulako endemismoa da. Penintsularen ipar-ekialdean salbu –Pirinioak eta Ebro arroa-, gainerako lurralde guztian hedaturik dago. Dena den, ingurune menditsuetan ugariagoa da. Ipar-ekialdeko muga Euskal Herriaren mendebaldean du, Bizkaian eta Araban.


Bizkaian Karrantzako haranean eta Enkarterrietan aurkitu izan da, eta baita Urdaibai inguruan ere. Araban berriz, Urduña inguruan eta Valderejoko Parke Naturalean ezagutzen da.

Habitata

Industu ahal izateko lurzoru bigunak behar ditu espezie honek, eta larreetan zein baso irekietan –lizardiak eta zumardiak batipat– aurkitu ohi ditu. Itsas mailatik 2300 metroko altueraraino (Sierra Nevadan, Espainia) aurkitu izan da. Kantabriako mendietan, aldiz, 1500 metroraino (Palomo & Gisbert 2002). Banaketaren hegoaldean iparraldean baino altuera handiagotan aurkitu ohi da.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Intsektuen larbak eta zizareak dira sator espezie honen elikagai nagusia, eta bi anelido genero nabarmen daitezke: Dendrobaena sp. eta Allolobophora sp. (Palomo et al. 2007). Zizareen garrantzia erlatiboa dietan handiagoa da neguan udan baino.

Ugalketa eta ontogenia

Neguaren amaieratik udaberri erdialdera arte irauten du araldiak (Palomo et al. 2007). Ernaldiak sei aste inguru irauten du, eta emeek lau kume izaten diuzte normalean. Urteko kumaldi bakarra izan ohi dute (Palomo et al. 2007). Sator arruntaren kasuan bezala, kumeak altrizialak dira, eta 3-4 g inguru pisatzen dute.


Heldutasun sexuala 6-12 hilabete bitartean lortzen dute.

Bizimodua

Bizimodu hipogeora moldatutako animalia izanik, lurpean igarotzen du denbora gehiena. 5-30 cm-ko sakoneran sortzen dituzte galeriak, eta bertan egiten dute bizitza: elikatu, ugaldu, atseden hartu, eta abar (Krapp 1990). Tunelak egitean kanporatzen duten lurrarekin sortzen dituzten pilaketek salatzen dute animalia honen presentzia.


Espezie territoriala eta bakartia da, eta nork bere eremua sutsuki defendatzen du. Satorren arteko borrokak heriotzaraino iristea ohikoa da.