Mendi-inguruneei estuki lotutako espezie paseriformea da mendi-tuntuna. Goi mendietako larreetan eta harkaiztietan kumatzen du, eta negua altuera baxuagoko inguruneetan igarotzen du. Euskal Herrian udan goi-mendietan bakarrik ikus daitezke; neguan, ordea, banaketa zabalagoa du. EAEko eta Nafarroako katalogoetan Interes Bereziko espezie kontsideratzen da.
Mendi-tuntuna
Prunella collaris

Phyluma: Chordata
Klasea:Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Prunellidae
Klasifikazioa: Scopoli, 1769
Estatusa: lc
Deskribapena
Tamaina txikiko espeziea da, txantxangorriaren parekoa. 15-18 cm-ko luzera eta 25-30 cm-ko hego-zabalera du. Kolore apaldun hegaztia da, gris-arrea, eta sabelaldearen ertzetan kolore gorrixkak nabarmendu ohi zaizkio. Mokoaren azpialdea horixka da, eta hankak laranja kolorekoak.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Eurasiako mendigune nagusietan eta horien inguruan bizi den espeziea da. Mendebaldeko muga Kantabriako mendietan dago, eta ekialderantz Japoniaraino hedaturik dago.
Euskal Herrian Larra-Belagua eta Ori mendiguneetan, Aralarren, Aizkorrin eta Araba mendebaldeko mendietan aurki daiteke.
Euskal Herrian Larra-Belagua eta Ori mendiguneetan, Aralarren, Aizkorrin eta Araba mendebaldeko mendietan aurki daiteke.

Habitata
Habitat alpetarretan kumatzen duen espezia denez, zuhaitz-mugatik gora aurki daiteke udan, larre alpetarretan, harkaiztietan eta abar. Neguan, aldiz, bailara hondoetara jaisten da, eta ingurune antropikoagoetan aurkitzea ez da horren arraroa.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Udako elikagai nagusiak intsektuak, armiarmak eta zizareak izan ohi dira, baina neguan haziak ere jaten ditu.
Ugalketa eta ontogenia
Antolaketa sozial poliginandrikoa duen espeziea da (Davies et al. 1995; Heer 1996). Populazioak 3-5 ar eta beste hainbeste emez osaturik egon ohi dira, eta guztiek lor dezakete ugaltzea. Arrak hierarkikoki antolaturik egon ohi dira, eta indibiduorik zaharrenak, normalean, ugaltzeko gainerakoek baino preferentzia handiagoa izan ohi du.
Emeek kolore urdineko 3-5 arrautza jartzen dituzte; zenbait kasutan bi txitaldi izan ditzakete urtean. Bi astez inkubatzen dituzte, txitoak jaio bitartean. Arrek txitoak elikatzen laguntzen dute, baina txitoak eurenak direla uste dutenean soilik; hots, estali dituzten emeen txitoak soilik zaintzen dituzte (Hartley et al. 1995).

Bizimodua
Habiak zuhaixken barnealdean edo harkaitzetako arrakaletan sortzen ditu. Sasoiaren araberako altitude-migrazioak egiten ditu.