Morfologia
12-15 metroko zuhaitza da, hostoiraunkorra. Enborrak azal leuna edo zartatua izan dezake, arre-hauskara kolorekoa. Adartxo kurbatu ildaskatuak ditu, pubeszenteak.
Hostoak
Hostoek ez dute estipularik, peziolatuak dira eta bipinnatuak (10-26 pare pinnarekin). Pezioloa 0,5-2 cm-koa da eta zertxobait pubeszentea. 2-10 cm-ko errakisa du, hau ere pubeszentea eta pinna pare bakoitzean guruin handi eta nabaria izaten du. Pinnak 1,5-4 cm-koak dira eta 20-50 pare foliolo dituzte. Foliolo hauek 2-5 x 0,4-0,7 mm-koak dira, linearrak eta borobilduak puntaldean, gehienetan pubeszenteak.
Loreak
5-6 mm-ko infloreszentzia garatzen du, pubeszentea izaten dena. Loreak pentamerak dira, hori edo urre kolorekoak eta usaintsuak. Kalizak 0,5-0,7 mm neurtzen ditu eta kanpai itxurakoa da. Hodia, lobuluak baino askoz luzeagoa da eta glabroa. Zirkulu-erdi formako lubuluak ditu, pubeszenteak, eta ertz ziliatua dute.
Korola 1,5-1,7 mm-koa da, kanpai itxurakoa eta glabroa. Hodia zilindrikoa da eta honen lobulu eliptikoek 0,5-0,75 mm-ko neurria dute. Estaminak 2,25-2,5 mm-koak dira eta antera guruintsuak dituzte.
Fruituak
5-8 x 0,8-1,2 cm-ko leka itxurako fruitu elipsoidala garatzen du, konprimatua, tentea eta zertxobait kurbatua izaten dena. Haziak kokatzen diren gunean zertxobait hondoratzen da eta glabroa izaten da, arre-berdexka eta dehiszentea. Haziak 4-5 x 2,5 mm-koak dira, elipsoidalak eta konprimatuak. Kolorez arreak dira.
Banaketa
Jatorria Australia hego-ekialdean (Hegoaldeko Gales Berria, Victoria, Tasmania eta Australiako Hiriburuaren Lurraldean) duen arren, egun ia edonon topa daiteke landare hau. Ornamental modura kultibazen da eta zenbait lekutan naturalizatu da, inbasorea izatera ere iritsi daitekeelarik, bereziki suteen ostean.