Sai arrea

Gyps fulvus

Gure inguruan bizi den hegazti handi bezain ikusgarria. Handia izanagatik ere dotorezia handiz egiten du hegan, hegakadarik ia egin gabe, eta luzaroan egon daiteke bazka bila. Sarraskijale izaerak ordea etsai asko ere sortu dizkio.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Hablizl, 1783
Estatusa: lc

Deskribapena

Identifikatzeko erraza da sai arrea: hegazti harrapari handienetarikoa da (95-105 cm luzera, 240-280 cm hego zabalera eta 6-9 kg arteko pisua) eta hegan hegoak ia mugitu gabe egiten du; urrun egonda ere, buru eta buztan laburrak dituela igarri daiteke, eta gerturatzean arraun-luma beltzak eta estal luma arren arteko kontrastea nabaria da. Burua argia da eta lepoaren inguruan lumaz osatutako tapauka bat dauka (gazteen tapauka hori marroia da, eta helduena argia).


Sarraskijalea denez buruko eta lepoko lumak oso txikiak dira (burua gorpuetan sartzean infekzioak ekiditeko) eta oso moko gogorra du haragia erraz urratzeko. Bada, ale gazteenetan mokoa helduena baino ilunagoa da. Gainera, alde dortsaleko estal-lumen puntak nabariki apalak dira helduetan.

Antzeko espezieak

Aegypius monachus

Espezie hau ez da ohikoa Euskal Herrian, baina Nafarroa hegoaldean tarteka ikusi ahal izan da. Edonola, sai beltza hegan dagoenean burua luzeagoa eta hegalak zabalagoak dauzkalako identifika daiteke. Gainera, lumajea guztiz beltza dauka.

Aquila chrysaetos

Gertutik oso erraz bereizi daitezke, baina baliteke urrunean nahastea. Arrano beltzak burua eta lepoa luze eta sendoak ditu, eta buztana ere luzeagoa da. Gainera, arrano beltzak hegaldi azkarragoak egiten ditu, hegakada gehiagorekin.

Banaketa

Sai arrea batez ere mediterraneo itsasoaren inguruan bizi da: Europa hegoaldean eta Afrika iparraldean. Halaber, Afrika hegoaldean eta ekialde hurbilean ere bizi da. Ordea, Iberiar penintsulan eta Grezian da ohikoen. Lekuotan mendialdeak hobesten ditu, kareharriak dauden mendiak batez ere. Gurean, Nafarroan ikus daiteke batik bat, bertan populazio handi eta egonkorrak baitaude.


Ez da espezie migratzailea, baina gazteek dispertsio bidaia luzeak egiten dituztela ikusi da.

Habitata

Sai arreak habia 0-3500 m inguruan dauden harkaitzetako erlaitz eta zuloetan egiten du (tarteka zuhaitzetan ere) betiere gertu abereak larratzen diren zuhaitz gutxiko eremuak daudela. 10000 metrotara hegan ikusi izan dira.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Esan bezala, sai arrea espezie sarraskijalea da. Batez ere ungulatuak jaten ditu eta, hori dela eta, gurean behintzat abeltzaintza jarduerari lotuta egoten da espezie hau. Gainera zabortegietara ere gerturatzen da bazka bila.

Ugalketa eta ontogenia

Neguan gorteiu-hegaldiei ekiten diete, bikotearen lotura sendotzeko, eta urtarrila eta otsaila artean arrautza bakarra erruten dute. Arrautza hori 48-54 egunez inkubatzen dute (arrak zein emeak), eta txita jaio eta gero 110-115 egunez jaten eman behar zaio. 80-90 egun dauzkanean txita erlaitzan zehar mugitzen hasten da, baina uda bukaera arte ez da bere kabuz hegan hasteko gai izaten.

Bizimodua

Bikoteak bizi osoan irauten du. Bestalde, harkaitzetako erlaitzetan koloniak osatzen dituzte. Hainbat ornitologoren esanetan jokabide hau ezinbestekoa zaio gorpuak urratzeko, ale askoren indarra behar omen baita.