Birigarro arrunta

Turdus philomelos

Birigarroa Eurasia erdialdean eta mendebaldean, eta Afrika iparraldean hedaturiko banaketa zabala duen espeziea da, kantu konplexu eta finak egiteko gaitasunagatik ezaguna. Philomelos determinatzaile espezifikoak ere ezaugarri horri egiten dio erreferentzia; grezierazko philo– (zale) eta melos (kantu) hitzek osatzen baitute. Euskal Herrian espezie nahiko arrunta izan arren, ez da bere generokide zozo arrunta (Turdus merula) bezain antropofiloa.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Brehm, 1831
Estatusa: lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da, 20-24 cm-ko luzera eta 33-36 cm-ko hego-zabalera izan ohi duena. 68 eta 85 g bitarteko pisua izan ohi du, eta bi sexuen artean ez dago aldakortasun nabarmenik, ez tamainan ezta itxuran ere. Bizkarraldea eta hegoen goialdea marroiak dira, eta sabelaldea argiagoa, V itxurako orban ilunekin. Hegoen azpialdea ere argiagoa da, laranja kolorekoa. Burua ere marroia da eta begiaren inguruan kolore arre argiagoko eraztuna izan ohi du. Mokoa ere iluna da.f

Antzeko espezieak

Turdus viscivorus

Birigarro arruntarekin antzekotasun morfologiko oso handia du, baina garraztaroa handiagoa da. Bestalde, burua argiagoa du garraztaroak eta sabelaldeko orbanak ez dira V formakoak, borobilak baizik.

Birigarro txikia (Turdus iliacus)

Antzeko morfologia izan arren, birigarro txikia, izenak berak dioen bezala, txikiagoa da, eta begiaren gainean kolore argiko marra bereizgarria izan ohi du. Sabelaldea birigarro arruntarena baino argiagoa da eta alboetan, gainera, lumaia laranja-gorria du. Azkenik, birigarro txikia neguan bakarrik agertzen da Euskal Herrian eta ez da birigarro arrunta bezain ugaria.

Zozo arrunta (Turdus merula)

Turdus generoko espezierik arruntena da zozoa, eta birigarroan ez bezala, zozoaren kolorazioa uniformea da: emeak guztiz marroiak eta arrak guztiz beltzak. Gainera, zozoen mokoa kolore horikoa da.

Banaketa

Eurasia erdialdean eta mendebaldean hedaturiko espeziea da, eta baita Afrika iparraldean ere. Europa guztian aurki daiteke, nahiz eta Iberiar penintsularen, Italiaren eta Greziaren hegoaldean kumatzen ez duen. Eskandinavian eta Europa ekialdeko ingurune kontinentaletan kumatze-garaian soilik aurki daiteke, hego-mendebalderantz migratzen baitu neguan.

Gizakiak Australiara eta Zeelanda Berrira ere eraman zuen espeziea, eta populazio txiki batzuk bizi dira bertan egun.

Habitata

Mosaiko erako habitatak atsegin dituen espeziea da, habia egiteko basoak eta elikatzeko gune irekiak partekatzen dituzten ingurunean, alegia. Lorategietan ere ohikoa da, Europa erdialdean eta iparraldean, batez ere. Itsas mailatik 2200 metroko altueraraino aurkitu da espeziea.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Dieta omniboro zabala duen espeziea da. Udan zizare, barraskilo eta intsektu txikiez elikatzen da, eta neguan haziak eta fruta txikiak ere jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Emeak kopa formako habia sortu ohi du zuhaitz edo zuhaixketan, eta 4-5 arrautza erruten ditu bertan. Arrautzen kolorea urdina izan ohi da, Turdus generoko gainerako espezie gehienetan gertatu bezala. Emeak 10-17 egunez inkubatzen ditu arrautzak, eta txitoek 2-3 aste behar izaten dute hegan hasteko. Banaketaren hegoaldean urtean 2-3 errunaldi izatea arrunta da.

Bizimodua

Espezie monogamo lurraldekoia da birigarro arrunta, nahiz eta neguan taldetan bil daitezkeen. Ale migratzaileek bidaia zuzen eta azkarrak egiten dituzte kumatzeguneetatik negutzeguneetara. Ale solteak Groenlandian eta Atlantikoko uharteetan ere aurkitu izan dira.

3-5 urtez bizi ohi da normalean, nahiz eta inoiz erregistratu den birigarro zaharrenak 10 urte pasa zituen.