Pilotu izurdeen taldearen barruan sailkatzen da Gramnus griseus. Talde hau tamaina handiko izurdeak osatzen dute eta bekoki konkortuak bereizten ditu beste izurde talde batzuengandik. Bizkar-hegatsa erdi-erdian izaten dute izurde muturmotzek, eta ezaugarri adierazgarrienetariko bat azala orbainez beteta edukitzea izaten da. Ez dugu maiz gure kostaldetik hurbil ikusiko, ur sakonagoak nahi izaten dituelako. Arrazoi berdina dela eta, ez dago espezie honen inguruko ezagumendu askorik.
Izurde muturmotza
Grampus griseus

Deskribapena
Izurde muturmotzak gorputz sendoa eta globo-formako buru luzanga du eta, ez du moko-itxurako muturrik. Gorputzaren kolorea adinaren eta zaurien arabera alda daiteke: jaiotzean gris argiak dira, baina, geroago, gris urdinxkak, marroi grisaxkak edo ia zuriak izan daitezke. Eztarrialdea eta sabelaldea zuriak dira. Orbain asko dituzte gorputzean, arrek batez ere, beste izurde muturmotz batzuek edo zefalopodoek eraginda.
Helduek 3 eta 4 metro bitarteko luzera izaten dute batez beste, eta arrak pixka bat handiagoak izaten dira emeak baino. Pisuari dagokionez 680 kg inguru izaten dituzte arrek, eta emeak apur bat lirainagoak dira. Hortzeria oso murriztuta daukate, 3 -7 hagin bitartean beheko barailan, eta kasu gutxi batzuetan beste bat edo bi hagin bestigial goiko barailan. Bizkar-hegatsa altua da (50 cm inguru), puntazorrotza edo biribila da, eta bular-hegatsak luzeak, igitai-formakoak eta puntazorrotzak. Isats-hegala zabala da, eta mutur puntadunak eta erdiko hozka ditu.
Antzeko espezieak
Globicephala melaena
Izurde muturmotza (Grampus griseus) Pilotu izurde hegaluzetik (Globicephala melaena) itsasoan bereizteko tamainan erreperatu behar da, izan ere Izurde muturmotza apur bat txikiagoa da, eta hegats dortsala altuagoa eta zorrotzagoa du. Gainera globo-formako burua ez du hain irtena Pilotu izurde hegaluzea bezala.