Azeri arrunta edo azeri gorria maltzurkeria eta zuhurtasuna uztartzen dituen animalia da. Bere zentzumen finez gain, sen berezia du haragijale honek kinka larrienetik ere irabazle irteteko. Ez da ez animalia bizkorrena eta ezta indartsuena ere, baina nola edo hala beti ateratzen du etekina aurrera jarraitzeko. Halakoa da bere ernetasuna, pertsonifikatu egin dela bere izaera (azeri zaharra da gure Ibon!). Indarraren gainetik maina eta zolitasunaz baliatzen da basoko ekosistemako jaunetako bat izateko.
Azeri arrunta
Vulpes vulpes

Deskribapena
Azeri arruntak kolore gorri horixka argitik marroi gorrixkarako aniztasuna aurkezten du bizkarraldea eta gorputzaren zati handienean, sabelaldea, berriz, zuria edo gris argia izan ohi du. Hanken behealdean orokorrean beltza da eta isatsaren punta zuria ala beltza izaten du. Larrua bi ile geruzaz eratua dago: labur eta leuna bat, hotzetik babesteko, luze eta sendoagoa bestea, kanpotik ikusgai den kolorea ematen diona. Neguan zehar lodiagoa izan ohi da tenperatura freskoei aurre egiteko.
Kaninoa izaki, buztan guruinak ditu buztanaren sustraitik 75 mm-ra, dermisarekin eta ehun endodermikoekin kontaktu zuzenean dagoelarik. Azeri helduen begiak horiak eta sudurra marroi iluna edota beltza izan ohi dira. Hortz formula 3/3 1/1 4/4 2/3 da, hortzen luzeraren erdia baino gehiago sustraiek betetzen dutelarik. Erpe zorrotzez ere hornituta daude.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Euskal Herria ez da salbuespen eta hemen ere azeria han-hemenka topa dezakegu. Euskal Herriko hedadura osoan topa daiteke azeria, inolako salbuespenik gabe, Bardeetatik Iratiko oihaneraino, Pirinioetako gailur altuenetatik Bilbo Handiko zabortegietaraino.


Habitata
Euskal Herriak duen habitat aniztasun osoan hedatuta dagoela aipatu dugu, zinez moldagarria baita azeria. Ingurune natural arrunt desberdinak nahiz gizakiak eratutako ekosistema artifizialak ustiatzeko gai da.
Gure mugetatik haratago jotzen badugu, tundra eta belardietan ere topa genezake. Dena den, nolabaiteko preferentzi patroi bat osatzekotan, landare dibertsitate altuko guneak nahiago dituela esan genezake.
Lurzoruan egindako tunelak izaten ditu azeriak babesleku. Maiz tunelok elkar komunikatzen dira larrialdi kasuan ihesbideren bat edukitzeko, edota besterik gabe, ehiza guneetara lasterbideak edukitzeko.
Arrunta da oso habia nagusi batez gain habia gehiago eraikitzea, dena delako arrazoiagatik habia nagusia erabili ezin duten kasuetan erabiltzeko. Zuhurtasun hau maltzurtasun gisa islatzen da maiz, beste animalien habia ostu eta hauek kale gorrian uzte zale baitira.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Usaimen fina dute eta horrek fruituak eta bestelako elikagaiak topatzeko balio die. Bestalde, gizakiaren presentziak eskaintzen dion janari iturri errazari ez diote inolaz ere muzin egiten eta euren aisa sartzen dira ukuilu nahiz biltegietan janari erraza lortu asmotan.
Ugalketa eta ontogenia
Azeriek heldutasun sexuala 10 hilabeteko adinarekin lortzen dute. Emeen araldia garai desberdinean izaten da kokapen geografikoaren arabera. Euskal Herriko azeri arrunten kasuan urtarrila eta otsailean zehar izaten da orokorrean. Araldia zertxobait aurreratu edota luzatu egin daiteke dena den. Orokorrean ez da astebete baino luzeagoa izaten.
Behin ernalkuntza gertatu dela, haurdunaldia 50 egun inguruz luzatuko da. Kumaldia azerikume batetik 13 azerikumerainokoa izan daiteke eta 50–150 g-ko pisua izaten dute. Itsu jaiotzen diren arren, aste biren ostean begiak irekiko dituzte. Lauzpabost aste igaro ondoren jadanik gai dira habia utzi eta amaren atzetik harat-honat ibiltzeko. 8–10 astean zehar amaren esnea edoskiko dute eta amaren altzoan biziko dira jaio ondorengo udazkena arte.
Bitxia da benetan kumeen zainketan arrak duen rola. Kumeak eta ama janariz hornituko ditu etengabe baina inolaz ere ez da habian sartuko kumeekin kontaktua izateko moduan.
Azeriak askatasunean duten bizi itxaropena eskas samarra da, 3 urte inguru bizi ohi dira batezbeste. Gatibu mantendutako aleen artean 12 urteraino iritsi den azeririk ere badago.
Bizimodua
Ilunabarrean eta egunsentian aktibo samarra den arren, azeria animalia gautartzat jo genezake. Egunean zehar ere ikus daiteke bere lurraldearen zokoak miatuaz, baina oro har sasi edo zuhaixkaren baten gerizpean igaroko du eguna atsedenean.