Lezkari karratxina

Acrocephalus arundinaceus

Lezkari karratxina, izenak dioen moduan, lezkadietan aurkitzen den txori txiki eta zalapartatsua da. Euskal Herrian udan baino ez dugu hegazti hau ikusteko aukera, isurialde mediterraneoko aintzira eta urmael inguruetan ugaltzen baita orduan. Txoritxo honen populazio ugaltzaile handienetako bat Nafarroan aurkitzen da, 200 bikote ingururekin.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Lezkari karratxina, karratxin espezieetatik handienetako bat da. 16-21 cm-ko luzera du, 25-30 cm-ko hego-zabalera eta 22-38 g-ko pisua (Martí & del Moral 2003). Helduek bizkarraldea marroia-gorrixka dute, azpialde hori-gorrixka eta papar eta bekainaldea zuri-horixkak. Kopeta laua du eta mokoa sendo eta zorrotza. Hankak gris-urdin kolorekoak dira.


Ar eta emeak bereiztea oso zaila gertatzen da eta lumajean oinarriturik behintzat, ezinezkoa suertatzen da biak bereiztea. Aldiz ale gazteek luma txikiagoak dituzte gorputzean eta luma ertainak hegoetan, eta hauen kolorea argiagoa da.

Antzeko espezieak

Acrocephalus scirpaceus

Lezkari arruntaren oso antzekoa bada ere, lezkari karratxinak tamaina handiagoa du eta bekainalde garatuagoa (Blasco-Zumeta).

Banaketa

Lezkari karratxinak banaketa paleartikoa du eta Europa kontinental osoan ugaltzen da, Eskandinavia hegoaldean hasi, Errusia, Afrika iparralde eta Asia erdialderaino. Hala ere, hegazti migratzailea da eta Afrika tropikalean hibernatzen du.


Iberiar penintsulan udan baino ez da azaltzen eta arruntagoa da isurialde mediterraneoan. Euskal Herrian kostaldeko hezeguneetan ere ikusi izan den arren, batik bat Araba eta Nafarroako eskualde mediterraneoan da arrunta, eta azken honetan, hain zuzen, penintsulako populazio ugaltzaile handienetako bat topatzen da, 200 bikote ingururekin (Cantos 1992).

Habitata

Espezie honen izenak dioen moduan, lezkadiak dira txori honen habitat gogokoenak, behintzat kumatze garaian zehar. Phragmites eta Typha espezieko lezkadietan arrunta da, inguruan basoak dituzten hezeguneen ondoan, batik bat. Ur-ertzetako altuera handiko kanaberak eta ihiak aukeratzen ditu habiak eraikitzeko. Neguan aldiz, lezkari karratxina sastrakadietan, kanaberadietan, arroz landaketetan eta basoetako argiguneetan aurki daiteke. Eskualde menditsuak ez ditu gogoko eta ez da inoiz 1000 metrotik gorako altitudeetan azaltzen.


Euskal Herrian Urdaibaiko eta Txingudiko hezeguneetan zenbait populazio ugaltzaile topatu ziren 1996. urtean baina 2006an egindako laginketetan ez zen populazio ugaltzailerik topatu (Galarza & Hidalgo 2006). Gainontzeko populazioak aintzira eta ibai ertzetan topatu ziren.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Lezkari karratxina intsektiboroa da batik bat, hala nola, intsektuen larbak, sitsak, sorgin-orratzak, txitxi-burruntziak eta kakalardo txikiak jaten ditu. Hala ere armiarma, arrain txiki eta igelak ere lezkari karratxinaren dietaren parte dira (Ezaki 1992), eta neguan, fruta jaten ere behatu izan da. Txitoak diptero eta araknidoetaz elikatzen dira batik bat (Dyrcz & Flinks 2000).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoian, arrek kantuaren bidez erakartzen dituzte emeak. Zenbait ikerketen arabera, hala ere, arrik arrakastatsuenak neguko migrazioetatik lehenengoak iritsitakoak dira, antza habia eraikitzeko lekurik erakargarrienak beraiek aukeratzen baitituzte (Hasselquist 1998). Gehienak monogamoak badira ere, bikoterik gabeko arrak maiz emeekin ugaltzen dira eta bikotedunek ere, lezkadietako landarediaren mugimenduetaz baliatzen dira disimuluan beste eme batzuekin ugaltzeko (Hasselquist et al. 1995).


Emeek habiak kanaberetan eratzen dituzte, zurtoinean material hezea josiz, material hau lehortzean habi egonkorrak sortuko direlarik (Simms 1985). Bakoitzak 3-6 arrautza jartzen ditu, maiatza erdialdean hasi eta uztaila erdialderaino (Leisler & Wink 2000) eta inkubazioaz emeak baino ez dira arduratzen. Txitoak 14-15 egunen buruan jaiotzen dira eta 12-14 egun dituztela egiten dute alde habitik (del Hoyo et al. 2006).

Bizimodua

Lezkari karratxina espezie migratzailea da, udan Europan ugaldu eta neguan Afrika tropikaldean hibernatzen duena. Arrak nahiko lurraldekoiak izaten dira eta gehienetan bikote monogamoak eratzen dituzte, nahiz eta aldi berean bi edo hiru emerekin ugaltzen diren arrak ere topatu diren (del Hoyo et al. 2006).