Ipar Hemisferioan banapen nahiko orokorra eta zabala duen arren, Euskal Herrian banaketa oso txikia duen hontza dugu hau. Altitude handietan aurkitzen da, eta Nafarroako gune zehatz batzuetan soilik aurki dezakegu. Gainera bizitza guztiz gautarra du, beraz ikusteko nahiko zaila izaten da.
Tengmalm hontza
Aegolius funereus

Deskribapena
Hegazti nahiko txikia da, 25 cm inguru dituena. Arrek 90-120 gramo bitarteko pisua dute eta emeak berriz handiagoak dira, 120-210 gramo bitarteko pisua edukiz. Kolorez iluna da, eta aurpegiko diskoak sakonak dira, gainealdean ertz beltza dutelarik. Begi handi eta horiak ditu, eta bekain altzatuak, zuri eta zabalak direnak. Ale helduek lumaia marroia dute, orbain zuri eta txikiz betetakoa. Ale gazteak berriz ilunagoak dira, marroi-kaoba kolorekoak, eta bekain zuriak askoz ere nabariagoak dira hauetan.
Geldirik dagoenean gorputza postura nahiko tentean du. Hegaldia balantzakatua da, alde batetik besterakoa.
Antzeko espezieak
Mozolo arrunta (Athene noctua)
Mozolo arrunta eta Tengmalm hontza morfologikoki nahiko antzekoak dira: tamaina eta lumaiaren kolore berdina dute, eta biek begi handi eta horiak dituzte baita ere. Tengmalm hontzak buru handiagoa du, eta honen aurpegiko diskoak nabarmenagoak dira.
Nahiz eta morfologikoki antzekoak izan, banaketa eta habitat desberdina dute.
Banaketa
Ipar Hemisferioko baso boreal guztietan zehar agertzen da.
Espainian, bere presentzia exklusiboki Pirineoatara lotzen da, non 1700 eta 2300 metro bitarteko altitudeko konifero basoetan aurkitzen den. Inguru atlantikoagoetan, baso hostogalkor, misto edo pinu beltzez osatutako baso subalpinoetan ere aurkitu daitezke. Aran-eko bailaran ere baso hostogalkor edota mistoetan aurkitu izan da, 800 metrotatik gora (De Juana & Varela 2005).
Euskal Herrian banapen oso zehatza du: Larran (Belagua) soilik agertzen da, 1700 metro baino altuagoko altitudean, pinu beltzez osatutako basoetan (Penas et al. 2012).


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Eskandinabian, eta Europa erdialdeko, Pirinioetako eta Grezia hegoaldeko mendietan kumetzen du, zuhaitzen arrakaletan edo okil beltzaren kabi zaharretan (Scott & Forrest, 1982). Apiril eta maiatz aldean 3-7 arrautz jartzen ditu eme bakoitzak, eta 25-32 egunez inkubatzen ditu, soilik emeak. Behin kumeak jaoita, 28-36 egun igarotzen dira hegazti txiki hauei lumak agertzen zaizkien arte, eta egun hauetan zehar bai ar eta bai emeek beraien kumeak zaintzen dituzte (Perrins 1987).
Ale gazteek ale helduen lumai antzekoa dute, pixka bat ilunagoa dena gazteen kasuan. Urtebete igaro ondoren, aurreko urtean jaiotako hontzak kumetzeko gai izaten dira. Egoera basatian gutxi gora-behera 8 urtez bizitzen dira.
Bizimodua
Bizitza guztiz gautarra du. Eguna zuhaitzetako hostotzaren artean pasatzen du, eta gauean ehizara irtetzen da. kantua ere soilik gauez egiten du.
Enborren zuloetan egiten du habia; askotan, okil beltzaren (Dryocopus martius) habi zaharrak erabiltzen dituzte beraien habi modura. (De Juana & Varela 2005).