Martin arrantzalea ekosistemen egoeraren adierazle ezin hobea da. Izan ere, hegazti honek toxizitatearekiko sentikorrak diren uretako animali txikiak jaten ditu. Hori dela eta, uraren kalitatea txarra denean, harrapakinen populazioen jaitsiera ematen da, animalia beste leku bat bilatzera behartuz. Beraz, martin arrantzaleen populazio handiak dauden lekuek, ur kalitate ona izango dute.
Martin arrantzalea
Alcedo atthis

Deskribapena
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Martin arrantzalea Europa, Afrika eta Asiako ibai eta lakuen inguruan bizi da, Japonia delarik ekialdeko muga eta Sahara hegoaldekoa (Gooders 1982). Banaketa eremuaren zati handi batean espezie sedentarioa da, baina zenbait gune borealetan hegoaldera emigratu behar izaten du negua pasatzera. Zenbait gune menditsutan espezie hau ez da agertzen eta ur-zozoak ordezkatzen du. Euskal Herriko populazioak sedentarioak dira (Alvarez et al. 1985) eta beraien banaketa eremua Nafarroako 1000 metroko altuerako errekastoetatik (Elosegi 1985) itsas-mailaraino (Urdaibaiko erreserban) iristen da.


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Martin arrantzalearen dietaren % 60-67 arrain txikiek (batezbeste 2,3 cm) osatzen dute, besteak beste, ezkailuak (Phoxinus phoxinus), arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus), errutiloa (Rutilus rutilus) edo amuarraina (Salmo trutta, Oncorhynchus mykiss). Baina artropodo txikiak ere jaten dituzte, hala nola, zenbait intsekturen larbak, adibidez txitxiburduntziak edo uretako kakalardoak. Krustazeoek dietaren % 5-33 osatzen dute eta zenbait kasutan karramarro txikiak eta neguan zehar uretako beste zenbait animalia txiki jaten dituztela ikusi da (Fry et al. 1992).
Ibai ertzeko zuhaitzen adarretan edo egituratan jartzen dira ura zelatan, uretatik 1-2 m-tara. Harrapakina hurbiltzen ikusten dutenean berehala murgiltzen dira uretan, inoiz ez 25 cm baino gehiago, hegalak zabalik mantentzen dituzte eta begiak mintz garden berezi batek babesten dizkie. Behin harrapakina harrapatuta, berriro itzultzen dira hegan jarrita zeuden lekura (Mullarney et al. 1999). Harrapakina isatsetik heltzen dute eta adar edo egituraren baten kontra kolpatzen dute, tontotuz edo hilez. Hau garrantzitsua da bereziki arantzadun arrainak harrapatzen dituztenean, jatean ez trabatzeko. Gainera, arraina jan ondoren liseritu ezin dituzten hezurrez osatutako bolatxo bat botatzen dute (Fry et al. 1992). Zelatatzeko leku egokirik egon ezean, uraren inguruan bueltaka ibiltzen dira, gustoko harrapakinak agertu arte (Mullarney et al. 1999).
Ugalketa eta ontogenia
Ugalketa-garaia apirilan hasi eta batzuetan urrira arte irauten du. Gorteiuari hasiera emateko arrek emeak jarraitzen dituzte zuhaitz artetik ozen txistu eginez, ondoren elikatzeko errituak eta azkenik estalketa gertatzen da (Snow & Perrins 1998). Sasoi bakoitzeko bi kumaldi izaten dituzte, lehenengoa apirilean eta bigarrena uztailean, gutxitan izaten dute hirugarren bat, baina izatekotan urri hasieran izaten da (Snow & Perrin 1998).
Habia ibaiertzeko ezpondetako zuhaitzen sustraien artean horizontalki eginiko tunela izaten da, 5 cm-ko diametrokoa izaten du eta arraren eta emearen artean zulatzen dute, zeinak bukaeran kamara zabalagoa bat izaten du, 10-12 cm-koa (Snow & Perrin 1998). Kumaldiko 6-7 arrautza txurixka jartzen dituzte lur biluzian, baina arrainen hezurrak ahora berriro ekarrita zenbait egunez, arrautzak lur-biluzitik babesteko geruza sortzen dute, tunel barruko kamararen lurrean (Coward 1930). Bi gurasoek inkubatzen dituzte arrautzak 19-21 egunetan zehar (Fry et al. 1992) eta 23-27 egun ondoren lumaztatzen dira gazteak. Egun horiek pasa arte tunelaren sarreran egoten dira gurasoek ekartzen dieten janariaren zain (Fry et al. 1992).