Arrano beltza, Euskal Herrian aurki dezakegun hegazti harrapari eder eta lirainenetariko bat da. Euskal Herriko arranorik handiena den arren, ez dago oso hedatua gure lurraldean eta Arabako Mendietan eta Pirinioetan bizi diren bikote gutxi batzuek osatzen dute gure inguruko populazioa.
Arrano beltza
Aquila chrysaetos

Deskribapena
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Ia mundu guztian hedaturik dagoen hegaztia da. Iparramerikan, Eurasian eta Afrika iparraldean aurki daiteke eta baita Britainia Handia, Japonia eta Mediterraneoko irletan ere.
Europa erdialdeko populazioa asko gutxitu da azken hamarkadetan gizakiaren eraginez eta garai batean ugari zeuden lekuan ez da alerik gelditzen. Egun, Europa mendebaldean Eskozia, Norvegia, Alpeak, Italia eta Iberiar penintsulan soilik gelditzen dira, nahiz eta 2001ean 35 ale askatu ziren Irlandan.
Euskal Herrian Arabako mendietan eta Pirinioetan beha daitezke. Araban, Izki aldean eta Errioxa eta Nafarroarekin muga egiten duen inguruan ikus daitezke, eta Pirinioetan, Nafarroa, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Araban 8 bikote daudela estimatzen da eta Pirinioetan 13 besterik ez.
Habitata
Urtez urte txandakatzen dituzten hainbat habia eratzen dituzte beren lurraldean. Batez ere kareharrizko harkaitzetako kobazulo eta erlaitzetan eratzen dituzte habiak, baina badira zuhaitzen adaburuetan habia eraikitzen dutenak ere. Nahiko sinpleak izan ohi dira. Pinu eta arteen adarrekin eratzen dute oinarria eta pinu-hostoez estaltzen dute. Umatze-garai bakoitzeko pisu berriak gehitzen zaizkio eta ohikoa da hainbat urteren ostean metro bateko altuera eta bi metroko zabalera izatera iristea.