Euskal Herrian noiz behinka aurki dezakegun harraparia dugu zingira-hontza. Negua igarotzera migratzen du inguru hauetara eta larre edota hezeguneetan igarotzen dute garai hau, uda aldean berriro ere iparralderagoko guneetara joanez.
Zingira hontza
Asio flammeus

Deskribapena
Antzeko espezieak
Mozolo arrunta (Athene noctua)
Bi hegazti hauek lumaia oso antzekoa dute, marroi-zurixka eta orbainez beterikoa. Hala ere, buruaren forma desberdina da; mozoloak buru obalatuagoa du eta zingira-hontzak aldiz borobilagoa. Gainera, biek begi horiak eduki arren zingira-hontzak begia inguratzen dion lerro beltz bereizgarria du.
Honez gain, zingira-hontzak belarri-lumatxak ditu eta mozoloak berriz ez.
Tengmalm hontza (Aegolius funereus)
Mozoloaren antzera, Tengmalm hontzak ere zingira-hontzaren lumaia antzekoa du, marroi eta zuria. Bi espezie hauek oso antzekoak dira, eta desberdintasunik nabarmenena zingira-hontzen begi-inguru beltza da.
Banaketari dagokiola ere desberdinak dira, Euskal Herrian ez baitute eremu batean ere bat egiten.
Banaketa
Ipar Amerika erdi eta iparraldean, Hego Amerika hegoaldean, Europa iparraldean eta Asiako toki askotan ugaltzen da, ipar-hemisferioko zingira-hontzek negua hegoalderago igarotzen dutelarik.
Iberiar penintsulan soilik negua igarotzen dute, ipar eta hegoaldeko mesetetan (iparraldean batez ere), Kantauriar mendikatean, Ebroko bailaran eta Andaluziako litoralean hain zuzen ere.
Euskal Herriari dagokionez, Bizkaiko kostaldeko larreetan negua pasatzen duen espeziea da zingira-hontza, eta Nafarroan ere hegazti honen zita batzuk badaude.


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Habitze garaian lurraldekoiak bihurtzen da Zingira-hontza. Lurraldea eskuratzeko arren burrukak hegoak astintzean datza, txalokatuz egongo balitz bezala, eta honekin batera hegaldi altuak egiten ditu bapateko jaitsiera bortitzekin. Kantuan egiten du baita ere, hegaldian edota zutabe batean dagoelarik.
Estaltzea normalean lurrean ematen da, nahiz eta noiz behinka zutaberen baten gainean ere gerta daitekeen. Urteko errunaldi bat ematen da, martxoa eta ekaina bitartean; normalean 7-10 arrautza zuri (40,4 x 31,3 mm-koak) erruten dituzte, eta arrautza horiek emeak soilik inkubatzen ditu, inkubazio-garai honetan arrak emeari habira elikagaiak ekartzen dizkiolarik. 26-29 egun igarotakoan arrautzetatik zingira-hontz gazteak jaiotzen dira, 16-18 gramoko pisuarekin. 12-18 egun igarotzean hontz gazteak habitik kanpora joaten dira, begeatazio artera, baina nahiz eta habitik kanpo egon oraindik ez dira hegan egiteko gai izaten, eta aste batzuetan zehar gurasoak beraien kumeak elikatzen jarraitzen dute. 5-6 aste igarotzen direnean hegan egiteko gaitasuna lortzen dute, gurasoetatik guztiz independizatuz. Heldutasun sexuala urtebetera lortzen dute (König & Weick 2009).
Urteko errunaldi bakarra ematen den arren, elikagai askoko urteetan bi errunaldi gerta daitezke (König & Weick 2009).
Bizimodua
Orokorrean hegazti bakartia da, baina migrazio garaian taldetan ibiltzen da. Bizitza gautarra du, nahiz eta batzuetan egunez ere nahiko aktiboa izaten den. Altuera txikietan egiten du hegan eta sarri ere planeatu egiten du.
Aipatzekoa da, beste hontz batzuen kontrara zingira-hontzak bere habia eraikitzen duela. Lurrean sakonera gutxiko depresio txiki bat (2,5-5 cm-koa) eratzen du, lurzorua urratuz. Normalean, arroka edota zuhaixken ondoan egiten du habia, horrela babes gehiago lortuz (Lynch 2007).
Bestalde, ikusi da ilargiaren argiak eragin zuzena duela hontzaren ehizatzeko eraginkortasunean, ilargi beteko egunetan (argi gehien dagoenean) eraginkortasun handiena erakutsiz, eta alderantziz (Clarke 1983).