Baso-saguzarra

Barbastella barbastellus

Mundu mailan, hiru espezie baino ez dira Barbastella generoaren barruan sailkatzen (denak eurasiarrak), eta bakarra dugu Euskal Herrian: baso-saguzarra edo Barbastella barbastellus. Gainontzeko saguzarretatik erraz bereiz daiteke, oso iluna baita eta behealdera fusionatutako, muturreraino heltzen diren belarri txikiak baititu. Bi kume erdi ditzakeen Euskal Herriko espezie bakarra da.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Schreber, 1774
Estatusa: nt

Deskribapena

Tamaina txikiko saguzarra da Barbastella barbastellus. Belarriak oso bereizgarriak dira espezie honetan: tamaina ertainekoak, beltzak eta behealdera fusionatuak dira. Aurrerantz proiektatzen dituenean, muturreraino heltzen direla ikus dezakegu. Tragoa, zorrotza da, barne ertza zuzena eta kanpo ertza goialdean ahurra eta behealdean ganbila direlarik. Egitura hau, zeiharki zuzendua dago belarriaren barnealderantz. Belarriaren kanpoaldean, gingil bat du, hau beti agertzen ez bada ere.

Hankak, erlatiboki handiak dira. Buztanak, gorputzak eta buruak batzen duten luzera bertsua izan ohi du, eta uropatagiotik 2 mm inguru irteten da. Ileak kolorazio oso iluna du (beltz-marroixka) eta dentsoa da. Indibiduo batzuetan, ileen puntak zurituta ager daitezke. Patagioa, aurpegia eta belarriak ere ilunak ditu. Bi ugatz-guruin ditu eta ez du dimorfismo sexual ageririk. Formula dentarioa 2.1.2.3./3.1.2.3. da.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Bere banaketak, banda handi bat osatzen du Eurasiatik Afrikako iparralderaino heltzen dena. Eskandinavia, Britainia Handia, Maroko, Kanariar irlak, Kaukasoko mendilerroa eta Turkia besarkatzen du espezie honen hedadurak (Dietz et al. 2009).

Euskal Herrian, kolonia egonkorrak eta negutarrak topatu dira. Negutarrak Itxina eta Arkamoko kobetan aurkitu dira eta egonkorrak Nafarroan zehar barreiaturik (Aihartza 2001).

Habitata

Ingurune forestal eta malkartsuei loturiko espeziea da baso-saguzarra. 2000 m-tan aurkituriko indibiduoek eta 1300 m-tan kolonien presentziak, tenperatura baxuak ondo jasaten dituela adierazten dute.

Zuhaitz zuloetan eta azalaren azpiko hutsarteetan bizitzea gustuko du, eta hibernatzeko tenperatura baxuak nahiago ditu. Udan, eraikinen arrakaletan, kontraleihotan, zuhaitz zulotan, habia artifizialetan, koben sarreretan… aurkitu izan da (Steinhauser 2002, Russo et al. 2004).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Ibai eta ur masen inguruan, basoen ertzetan, eta baita baso barruan ere, altuera txikian ehizatzen du. Hala ere, lurzoruan pausaturiko intsektuak ehizatzen ere behatua izan da (gleaning terminoaz ezagutzen da hau).

Elikagai iturri nagusia sitsak dira (gorotzen bolumenaren % 73-94). Bigarren postuan euliak ageri dira (Diptera, Calliphoridae, Tipulidae, Nematocera… bolumenaren % 4-17). Trichoptera, Neuroptera, Homoptera, Hymenoptera, Coleoptera  taxonetako animaliak eta armiarmak (Araneae) ere topatu izan dira espezie honen gorotzetan (Sierro 1999, Zeale et al. 2011).

Ugalketa eta ontogenia

Bigarren urterako lortzen dute heldutasun sexuala; emeek lehenengo urtean ere lor dezakete. Parekatzea udazkenean eta neguko gordelekuan  burutzen dute. Ondoren, arrek, koloniatik alde egiten dute eta talde txikitan biltzen dira.

Bi kume erditzen dituen Euskal Herriko saguzar bakarrenetarikoa da. Ekain aldera erditzen dute, eta kolonian bertan egiten dute.

Espeziearen bizi luzetasuna 5-10 urte bitartekoa izan ohi den arren, 22 urteko aleak ere ezagutzen dira (Abel 1970).

Bizimodua

15 indibiduotik berako koloniak eratzen ditu, handiagoak behatu badira ere. Kolonia batzuk sedentarioak diren bitartean, beste batzuk 10-75 km-tako migrazioak egiten behatu dira udako babeslekuetatik negukoetara (Frank 1960), 300 km egiten ere ikusi izan dira. Negua beste hainbat espezierekin batera igaro dezakete kobazuloetan, kolonia handiak osatuta (Frank 1960, Uhrin 1995).

Gau hasi eta berehala aktibo bihurtzen dira; kasu batzutan gautu aurretik ikusi izan dira hegan. Ez dira gordelekutik 5 km baino gehiago urruntzen, normalean (Steinhauser 2002).

15 indibiduotik berako koloniak eratzen ditu, handiagoak behatu badira ere. Kolonia batzuk sedentarioak diren bitartean, beste batzuk 10-75 km-tako migrazioak egiten behatu dira udako babeslekuetatik negukoetara (Frank 1960), 300 km egiten ere ikusi izan dira. Negua beste hainbat espezierekin batera igaro dezakete kobazuloetan, kolonia handiak osatuta (Frank 1960, Uhrin 1995).

Gau hasi eta berehala aktibo bihurtzen dira; kasu batzutan gautu aurretik ikusi izan dira hegan. Ez dira gordelekutik 5 km baino gehiago urruntzen, normalean (Steinhauser 2002).