Europako harrapari gautarrik handiena da Hontz handia. Belarri modura dituen luma handiengatik bereizten da, baita moko beltz eta makur, eta lumaz betetako hankengatik ere. Basoak eta haranak inguratzen dituzten amildegi arrokatsuetan bizi da. Europa ia osoan aurkitzen den arren, Euskal Herrian duen banaketa eskasa eta irregularra da. Hala ere, orain gutxiko datuek populazioaren egoera hobetzen ari dela erakusten dute, nahiz eta espeziea arriskuan jar lezaketen mehatxuak diharduten.
Hontz handia
Bubo bubo

Deskribapena
Izenak adierazten duenez, tamaina handiko hontza da, 59-73 cm luzera eta 1,5-3 kg pisu bitartekoa, normalean emea arra baino handiagoa izanez. Hego-zabalera 1,4-1,7 m-koa izan ohi da. Bereizten duen ezaugarri morfologiko nabariena belarri modura dituen luma handiak dira, atsedenaldian dagoenean “V” itxura hartu eta lurraldea babestean edota uluka aritzean itxiak mantentzen dituenak. Bekain beltz markatuen azpian dauden lerro beltzez inguratutako begi laranjek izaera errespetagarria ematen diote. Aurpegi-diska argia du eta begien artean “x” itxurako marka. Lumajeari dagokiola, bizkarraldekoa arre argia da, orban ilunez estalia, eta sabelaldekoa argiagoa da, ildaska okrez osoki apaindua dagoena. Mokoaren azpian eta lepoan zehar luma argiagoak dira eta buztan motxekoek horizontalak diren orban ilunak dituzte. Hegalak goitik marroiak dira, luma primario eta sekundarioak horiekin.
Tamainan eta lumajearen kolorean oinarrituz, hogei subespezie deskribatu dira jada. 2007 urtean Bubo bubo ascalaphus eta Bubo bubo bengalensis subespezieak bi espezie desberdinetan banatu ziren, Bubo ascalaphus eta Bubo bengalensis.
Antzeko espezieak
Asio otus
Hontz handiaren antzekoa da, izan ere buruan belarri modua mototsak ditu eta lumajearen eta begien kolorea antzekoa da. Desberdindu egiten dira lirainagoa eta txikiagoa delako (luzeran 20 cm txikiagoa gutxi gorabehera).
Banaketa
Ipar Hemisferioan banaketa paleartikoa du. Erresuma Batuan, Irlandan eta Islandian izan ezik ia Europa osoan aurkitzen da, baina lurralde atlantikoan arraroa da ikusten. Iberiar penintsula osoan zehar aurkitzen da, eta gune bereizietan agertzen da: Kantauriar kateetan, Pirinioetan, estremadurar eta andaluzkako zerratan.
Euskal Herrian, irregularki banatua dago eta nahiko urria da. Bizkaiko mendebaldean (Enkartazioak), Valderejo natura-parkean, Arabako mendietan, Arabar Errioxan (Araba), Jara eta Larla mendialdean (Nafarroa Beherea) eta arrokatsuak diren Media eta Bardean (Nafarroa). Gipuzkoan aldiz, oso urria da (Alvarez et al. 2012).