Landazabal ireki eta eguzkitsuak behar ditu hegazti honek, zuhaitz sakabanatuekin. Hegazti bikaina da, lertxun hauskarak adinako hego-zabalera lortzen du baina nabarmen lirainagoa da. Hegan doanean, hegoen azpialdeko lerro koloredunak nabarmentzen dira, eta soilik distantzia laburretara, arbel koloreko mokoa eta oinak. Pausatuta dagoenean bere buru handia eta begi hori handiak nabarmentzen dira.
Arrano sugezalea
Circaetus gallicus

Deskribapena
Bere morfologian deigarriak dira moko txikidun buru handia eta begi handiak; horiak gazteetan eta laranjaxkak helduetan. Beste eguneko hegazti harrapariek baino frontalizazio maila handiagoa du, eta honek ikusmen binokular hobea eskaintzen dio ofidioen moduko harrapakin txiki eta mugikorrak urrunetik fokatzeko (Martin eta Katzir, 1999; Ferguson-Lees eta Christie, 2004).
Tamaina handiko eta kolore aldakorreko harrapari handia da, gazteak kolore argia izan ohi dute eta helduak oso ilunetik oso argiraino aurkitu daitezke (Ontiveros, 2005). Hegan doanean azpitik begiratuta kolore argiko lumaia ikusten zaio, marra ilunez betea erremige eta errektrizetan eta bularraren erdialderaino estal dezakeen txanoa du (Ontiveros, 2005). Dortsalki kolore iluna du, grisa edo arrea. Gazteek kolorazio argia dute eta ez dute ia marrarik aurkezten azpialdean, gainera ez dute helduetan isatsaren amaieran agertzen den banda subterminal grisa, eta txanoa ere helduetan baino argiagoa da (Forsman, 1999). Helduek punta beltzdun moko grisa dute, eta behatzak gris argiak edo gris urdinxkak azkazal beltzekin (Ontiveros, 2005).
Bere tamainako harrapari batentzat oso behatz motzak ditu; behatz motzak, eta hatzapar motz eta indartsuak erlazionatuta daude narrastien moduko harrapakin txiki eta iheskorrak ehizatzearekin (Ontiveros, 2005).
Badu dimorfismo sexuala, emeak zertxobait handiagoak dira kasu gehienetan (Ferguson-Lees eta Christie, 2004). Pisuari dagokionez arrek 1500-2000 g arteko pisua izaten dute eta emeek 1513-2110 g artekoa (Glutz et al., 1971). Beste hegazti handietan gertatzen den moduan ez ditu hegaldiko luma guztiak denboraldi berean aldatzen (Forsman, 1999)
Antzeko espezieak
Pernis apivorus
Buteo buteo
Aquila fasciata
Banaketa
Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Hegazti harraparien artean espezializatuenetakoa da dietari dagokionez; bereziki sugeak ehizatzen ditu, baina baita muskerrak, hegaztiak eta ugaztunak ere (Cramp eta Simmons, 1980). Egunez ehizatzen du normalean, baina tarteka iluntzean ere bai (Ojalvo, 1998).
Iberiar penintsulan sugeek bere dietaren %95 osatzen dute: Malpolon monspesulanus, Elaphe scalaris eta Coluber hippocrepis dira bere harrapakin ohikoenak; eta neurrri txikiagoan Lacerta lepida, Natrix natrix, Natrix maura, Coronella austriaca, Chalcides striatus, Psammodromus algirus, Pelobates cultripes, Sciurus vulgaris, Bufo bufo eta Alectoris rufa (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Suge handiak hautatzen dituzte txikiekiko (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Ez dirudi pozoiarekiko inmunea denik, baina lumaje trinkoak eta ezkatek ofidioen erasoetatik babesten ditu; halere, sugegorrien moduko espezie pozoitsuak saihestu ohi ditu, hauek oso arraroak baitira bere dietan, nahiz eta ugariak izan arrano sugezaleak ehizatzen duen zonalde batzutan (Cramp eta Simmons, 1980).
Ugalketa eta ontogenia
Espezie estibala denez sarri aurreko urtean utzitako habia berritzen dute (Ontiveros, 2005). Bi bikotekideek hartzen dute parte habiaren eraikuntzan, arrak eraikuntzarako materiala inguratzen du eta emeak eraikitzen du habia (Boudoint, 1953). Sarri sai motzak (Aegypius monachus) utzitako habiak erabiltzen ditu Iberiar penintsulan (Galán et al., 1997).
Errunaldia arrautza zuri bakarrekoa izaten da (Glutz et al., 1971). Bigarren errunaldiak ikusi dira lehenengoa galdu den kasutan (Boudoint, 1953). 42-47 egun irauten du inkubazioak eta bi sexuek hartzen dute parte, baina hegazti harrapari gehienetan bezala emea da habian denbora gehiena igarotzen duena (Cramp eta Simmons, 1980).
Txitoa guraso biek zaintzen dute, baina emea da gehiena babesten duena euritik eta eguzkitik bere gorputzarekin (Ontiveros, 2005). Lehenengo asteetan txitoa mokotik mokora harrapakin zatitxoak emanez elikatzen dute, baina pixka bat hazitakoan, gai izango da harrapakinak (sugeak bereziki) tirata gurasoen paparotik ateratzeko (Cramp eta Simmons, 1980). Txitoa 70-78 egun egon ohi da habian, baina kasu batzutan 60 egunera uzten du (Cramp eta Simmons, 1980). Ez dago heldutasun sexuala lortzen duten adinaren daturik, baina 3-4 urterekin lortzen dutela uste da (Cramp eta Simmons, 1980). Aske 17 urte izatera iritsi daitezke (Glutz et al., 1971).
Bizimodua
Bakartia edo bikoteka normalean, baina migrazioan taldekoia izan daiteke, batzuta beste espezie batzuen konpainian (Ontiveros, 2005).
Araldiaren hasieran, bikoteek hegaldiak egin ohi dituzte, baina ez beste hegazti harrapari batzuenak bezain deigarriak; ez dira gorteko hegaldi tipikoak, banako bakarrak -batzutan harrapakin bat mokoan hartuta- egiten dituen uhin-mugimenduko hegaldiak baizik (Ontiveros, 2005). Espezie bereko banako baten aurrean berriz, mehatxu-hegaldi tipiko bat egiten du, kokoteko lumak harrotuta, hegoak guztiz zabalduta eta apur bat aurreratuta, buztana itxita eta apur bat jasota, eta oinak jasota (Cramp eta Simmons, 1980).