Neguko bisitaria dugu belatz txikia, gurera hemen biltzen diren hegazti txikiak ehizatzera etortzen dena. Harrigarria da hegan egiteko duen erraztasuna, abiadura handian eta mugimendu azkarrak eginez.
Belatz txikia
Falco columbarius

Deskribapena
Belatz txikia Europako belatzik txikiena da, 26-33 cm luzeera eta 55-69 cm hego-zabalera dauka (Mullarney et al. 2010), baina munduko beste belatz txikiak baino sendoagoa da berau. Hegan belatz handiaren silueta berdina dauka: bular alde sendo eta zabala, hego zabala oinarrian baina oso mutur zorrotzekoa eta luzeera ertaineko buztana. Halere, tamainagatik erraz desberdindu daitezke bi espezieok. Belatz txikiak, gainera, hegoak askoz ere azkarrago mugitzen ditu eta, zuhaitz belatzak bezala, honek ere hegan egitean mugimendu urduriak egiten ditu (Ferguson-Lees et al. 2001; Mullarney et al. 2010).
Alde dortsala urdin apal nahiko homogeneoa da ar helduetan, eta arreak orbain argi nabariagoekin eme eta gazteetan (orbanak arretan ere ikus daitezke, hauek lumak zabaltzen dituztenean batik bat). Ar helduek, gainera, buztanean banda beltz bakarra daukate (puntan), baina emeek eta gazteek buztana banda beltzez betea dute (bost bat inguru). Beheko aldetik ikusita, arretan kolore laranja da nagusi, eta eme eta gazteetan kolore zurixka. Ez dute ia biboterik. (Cramp et al. 1980; Mullarney et al. 2001).
Beste hegazti harrapari gehienetan bezala, espezie honetan ere dimorfismo sexuala agerikoa da, emeak arrak baino handiagoak eta pisutsuagaok baitira (150-210 g) (White 1994).
Antzeko espezieak
Falco peregrinus
Tamainagatik erraz bereiz daitezke. Belatz handia, izenak salatzen duen bezala, handiagoa da. Gainera, belatz handiaren hegakera sendoagoa da eta ez da belatz txikiarena bezain bizia.
Falco subbuteo
Zuhaitz-belatzak eta belatz txikiak oso antzeko kolorazioa dute, baina belatz txikiak ez du sabelaldean zuhaitz-belatz helduek duten kolore gorria. Gainera, proportzioak ere desberdinak dira, zuhaitz-belatzak proportzionalki hego meheagoak eta luzeagoak baititu.
Banaketa
Habitata
Esan bezala, belatz txikiek lautada zabalak hobesten dituzte, gehienez ere zuhaixkez osatutako inguruneak. Hori dela eta, mendialdeak ekiditen ditu eta zekale-soroetan, hezeguneetan edota mosaiko-paisaietako zuhaixka inguruetan ohikoa da. Hala ere, taigan eta gure inguruko basoetan ere ikus daiteke (White 1994).
Jakina da belatzek ez dutela habirik egiten, eta belatz txikiek habia lurreko zuloren bat probestuz egiten du, batez ere txillardien babesa bilatuz. Batzuetan beleek utzitako habiak erabiltzen ditu. (White 1994).