Kutturlio arrunta

Galerida cristata

Tamaina txikiko txori arre hau erraz ikus daiteke herri eta hirien inguruko lurretan, bideetan… Duen lumadiaren kolore arre apalagatik identifikatzeko zaila gerta badaiteke ere, duen mototsa argigarria da. Itxura berezia du espezie honek.

Phyluma: Chordata
Subklasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758

Deskribapena

Kutturlio arrunta 17-19 cm luzera eta 29-30 cm hego-zabalera duen txori txiki eta marroia da. Itxura lodikotea du pausatuta dagoenean. Hegan egiten duenean buztan motza eta hego zabalak erakusten ditu. Buruan duen mototsak, askotan tente eramaten duena, espezie hau identifikatzeko erabili daiteke (hegatxabalak ere mototsa dauka, baina laburragoa da). Alde dortsaleko lumadia arre apala da eta bertan orban beltzak dauzka. Alde bentraleko lumadia, berriz, zuria. Buztanean erdigunetik ertzetara luma marroi apalak, beltzak eta marroi biziak ditu hurrenez hurren. Bestalde, aurpegian marra beltz nabarmenak dauzka moko eta begien inguruan.

Antzeko espezieak

Hegatxabal arrunta (Alauda arvensis)

Kutturlioak hegatxabala baino handiagoak dira. Halaber, kutturlioaren lumadia grisagoa eta ilunagoa da. Gainera, hegan egiten dutenean buztaneko bi ertzetzako lumak desberdinak dituzte: hegatxabalak txuriak eta kutturlioek marroixkak. Bestalde, kutturlioaren mototsa luzeagoa da.

Kutturlio mokolaburra (Galerida theklae)

Kutturlio arrunta eta mokolaburra oso antzekoak dira eta ondo identifikatzeko gertutik behatu beharra dago: kutturlio mokolaburra txikiagoa da, mototsak ez du puntarik eta lumadia apalagoa da (ia grisa).

Banaketa

Kutturlio arrunta banaketa zabaleko espeziea da: Europa, Asia eta Afrika Tropikaleko gune bero eta epeletan aurki daiteke. Iberiar Penintsulan bereziki mediterraneo inguruan bizi da eta iparraldeko gune asko saihesten ditu. Euskal Herriko aleek ez dute migratzen eta soilik gertuko lurraldeetara mugitzen dira. Ostera, Europa iparraldeko aleek Iberiar Penintsulara eta Afrika iparraldera migratzen dute.

Habitata

Gizakiaren eraginpeko lur eremu irekietan bizi da: galsoroetan, herri-bideetan, herri txikien inguruan… Betiere, klima bero-epela behar du.

Habia lurreko sakonuneetan eraikitzen du, ahal duela sastrakaren baten babesean.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Kutturlio arrunta espezie orojalea da. Bere dietan haziak, hostoak, kimuak nahiz ornogabe txikiak sartzen dira. Neguan eskuragarritasunera doitu eta batez ere landare jatorrizko elikagaiak jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoia martxoan hasten da eta ekaina bitartean bizpahiru errunaldi izan ditzakete. Aldi bakoitzean orban gorriz betetako 3-7 arrautza horixka erruten dituzte. Hauek 11-13 egunez inkubatzen dira eta txitek jaio eta 9 egunetara uzten dituzte habiak.

Bizimodua

Espezie bakartia da. Ugal garaian bere lurraldea gogor defendatzen du.